Zergatik den beti erabaki ona testamentua egitea
2023-02-22
Zergatik den beti erabaki ona testamentua egitea
Testamentuak pertsona baten asmoa jasotzen du, hau da, nola nahi duen hil ondoren haren ondasunak banatzea. Nahitaezkoa ez den arren, komenigarria da jaraunsleen artean sor daitezkeen arazoak saihesteko eta maite ditugun pertsonentzako babes ekonomikoa bermatzeko, batez ere gure bikotekideengan pentsatuz. Izapidea uste baino errazagoa da eta, egiten baduzu, falta zarenean zure ondasunek izango duten patuari buruz erabakitzeko ahalmen handiagoa edukiko duzu.
Berdin dio zer-nolako familia duzun
Gaur egun badaude askotariko familiak: ezkontide batez edo biz osatuak, seme-alabarik gabeak, familia ugariak… Edozein familiatan, garrantzitsua da testamentua egitea, pertsona batek hil ondoren zer egitea nahi duen jasotzeko, baina, geroago ikusiko dugun moduan, inork ez dauka erabateko askatasunik bere ondarea nahi duen moduan banatzeko.
Gainera, dauzkagun sinesmen batzuk, batez ere bikotekideek jaraunsten edo heredatzen dutenari buruzkoak, ez dira guztiz zuzenak; adibidez, ez da egia gure bikotekideei jaraunsle unibertsal gisa dena utz diezaiekegula edo seme-alabarik gabeko bikote ezkonduetan ondorengorik ez dagoenez ez dela zertan testamenturik egin, jaraunspena edo herentzia bizirik dagoen ezkontideari zuzenean egokituko zaiolakoan. Egiatan, hori ez da horrela. Nolanahi ere, maite den pertsona baten galeraz gain ezusteko desatseginik ez hartzeko, egokiena da dena idatziz ondo lotuta uztea, hau da, testamentua egitea.
Testamentu baten ezaugarri garrantzitsuena da ondare pertsonala gure borondatearen arabera banatu ahal izatea. Hala ere, beti bete beharko dira oinarrizko arau batzuk, hala nola jarauntsia edo herentzia hiru zatitan banatzea: senipartekoa, hobekuntzako herena eta xedapen askeko herena. Lehenengoa nahitaezko jaraunsleei dagokie legez, hau da, ondorengoei, aurrekoei eta ezkontideari, eta beti errespetatu behar da. Ezin zaio beste inori utzi, nahitaezko jaraunsleak hilda egon ezean.
Dena den, norbait testamenturik gabe hiltzen bada, abintestato oinordetzaren arauak aplikatzen dira zehazteko zein ahaidek (legezko jaraunsleek) jarauntsiko edo heredatuko duten eta zer proportziotan.
Testamenturik gabeko edo abintestato oinordetzaren arauak
Kode Zibilean, ezartzen da lehen jaraunsleak seme-alabak eta lehen mailako ondorengoak direla (geroko belaunaldi batekoak diren eta lerro zuzeneko ahaidetasun baten bidez norbaiti lotuta dauden pertsonak hartzen dira ondorengotzat; zuzenenak seme-alabak dira eta, ondoren, bilobak). Gero aurrekoak datoz (alegia, lehenagoko belaunaldi batekoak diren eta lerro zuzeneko ahaidetasun baten bidez norbaiti lotuta dauden pertsonak; zuzenenak gurasoak dira eta, ondoren, aitona-amonak); ondoren, ezkontidea, anai-arrebak eta laugarren mailarainoko ahaideak; eta, azkenik, estatua.
Hau da, indarreko legeria erkidearen arabera, hildakoak ez ondorengorik ez aurrekorik ez badauka bakarrik jasoko du jaraunspena edo herentzia alargun batek.
Ikus dezakezunez, Kode Zibilak ezkonduen artean bakarrik aplikatzen ditu arauok, hau da, ez dibortziatutako bikoteetan ez legez edo egitez banandutakoetan. Eta, noski, zuzenbide erkide horren arabera, izatezko bikoteak arauotatik kanpo geratzen dira eta ezin dute eskubiderik erreklamatu, erregistratuta egon zein ez.
Hala ere, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan foru-arauek bikote ezkonduen eskubideak eta abintestato oinordetzaren arauak berdintzen dituzte. Izan ere, izatezko bikotekideak abintestato jaraunsletzat hartzen dituzte eta, beraz, bigarrenak izango dira, ondorengoen atzean eta aurrekoak baino lehen, ondasun ez-tronkalak jaraunsteko hurrenkeran; horrelakoak dira laugarren mailarainoko ahaideengandik dohainik edo beste ondasun tronkal batzuk trukatuz eskuratu ez diren eta Bizkaiko infantzonatu edo lur lauan (euskal udalerri batzuk izan ezik) nahiz Arabako Aramaio eta Laudioko udalerrietan edo Nafarroan kokaturik dauden onibarrak (jabetza eta gainerako gozatze-eskubide errealak, baldin eta lurzoruaren gainekoak badira, edo bertan eraiki, landatu eta ereiten den guztiaren gainekoak, baita ondasun higigarriak ere, arestian aipatutako ondasunetarako destinatzen badira edo horiei lotuta badaude…).
Zehazki:
- Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legea aplikatzen da. Haren arabera, aurrekoak eta albokoak baino lehenago, oinordekoa izango da alarguna edo bizirik dirauen izatezko bikotekidea, bikote hori azkendu denean bikotekideetatik bat hiltzearen ondorioz.
- Bestalde, Nafarroan, «Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legeak» bigarren lekuan jartzen du ezkontidea, alarguntza-gozamenetik baztertuta ez badago, eta zera jasotzen du berariaz: bikote egonkorra azkentzen bada bikotekide baten heriotzagatik edo heriotza-deklarazioagatik, bizirik dirauen bikotekidearen oinordetzarako eskubideak elkarri edo bietako batek bestearen alde, batera edo bakoitzak bere aldetik, egin dituztenak baizik ez dira izanen, betiere testamentu, oinordetza-itun edo «mortis causa» dohaintza bidez, edo Konpilazio honetan onartzen diren gainerako xedatze-egintzak erabiliz eginak.
Zer gertatzen den testamenturik gabeko bikote ezkonduetan
Seme-alabarik gabeko bikote ezkondu batek testamenturik egin ez badu, zuzenbide erkidea aplikatuz gero, hildakoaren aitak eta amak hainbana jarauntsiko dute (eta bat bakarrik badago bizirik, dena jarauntsiko du), seniparteko herena izan ezik; zati hori ezkontideari dagokio eta, gogoratuko duzunez, jarauntsiaren erdiaren gozamenean datza.
Gurasoetako bat ere bizirik ez badago, maila hurbileneko aurrekoengana jo behar da, adibidez, aitona-amonei. Aurrekoen artean, amarengandiko lerrokoak edo aitarengandiko lerrokoak diren bereizi behar da; izan ere, lerro desberdinetakoak baina maila berekoak badira, erdia amarengandiko lerrokoentzat izango da, eta beste erdia, berriz, aitarengandikoentzat.
Ondorio praktikoetarako, horrek esan nahi du seme-alabarik gabeko bikote ezkondu batean bizirik dirauen ezkontideak, bitartean testamenturik ez badago, jarauntsiaren bere seniparteko zatia jasotzeko eskubidea daukala bakarrik eta, arauaren arabera, jarauntsiaren erdiaren gaineko gozamen-eskubidean gauzatuko dela, hildako bikotekidearen aurrekoekin bat egingo baitu.
Adibidez, demagun alargun geratzen garela eta etxebizitza bat hainbana daukagula:
- Higiezinaren erdia alargun geratu denari legokioke.
- Beste erdia hildako ezkontidearen jarauntsiaren zati litzateke.
- Bizirik dagoen ezkontideak jarauntsi gisa geratuko litzatekeen erdi horren erdiaren gozamenerako eskubidea edukiko luke, eta gainerako zatia hildakoaren gurasoen jabetza edo dagozkion aurrekoena litzateke.
- Aurrekorik ez balego bakarrik jarauntsiko lituzke alargunak hildako bikotekidearen ondasun guztiak.
Baina, esan dugun moduan, Euskadin arauak desberdinak dira. Hor, ezkontidea bigarrena izango da ondasun ez-tronkalen oinordetzan eta leku pribilegiatua ere edukiko du ezkontzaren edo bikotearen indarraldian eskuratutako ondasun higiezinen oinordetzan, zeinak orobat ondasun tronkaltzat jotzen diren ezkontzaren edo izatezko bikotearen eremuan.
Horrela, aurreko kasu berean:
- Higiezinaren erdia alargun geratu denari legokioke.
- Beste erdia hildako ezkontidearen jarauntsiaren zati litzateke.
- Eta, hemen bai, bizirik dagoen ezkontideak jarauntsiko lituzke hildako ezkontidearen jarauntsia osatzen duten ondasunak.
- Eta aurrekorik ere ez balego bakarrik jarauntsiko lituzke alargunak hildako bikotekidearen ondasun guztiak.
Hori esanda eta nolanahi ere, zalantzarik gabe, ezkondutako pertsona batek, seme-alabak eduki zein ez, bikotekideari bere jarauntsiaren zati handiena ziurtatzeko onena da haren aldeko testamentua egitea. Horretarako, bi aukera ditu:
- Ondasun guztien gozamen unibertsala eta biziartekoa uztea. Horretarako, «bata bestearentzako testamentu» delakoa sinatu behar da. Kasu horretan, senipartea dagokien pertsonek, eskuarki hildakoaren seme-alabek edo gurasoek, bizirik dirauenari jarauntsitako ondasun guztiez gozatzen uzten diote bizi bitartean eta, hura hiltzean, dena jasoko dute.
- Testamentuan ezkontideari ondasun guztiak legatuan ematea, senipartea izan ezik; zati hori seme-alabei edo gurasoei dagokie eta jarauntsiaren heren bat da.
Aurretiazko urratsa: ezkontzaren araubidearen likidazioa
Edonola ere, gogoratu jaraunsle-deklarazioa egin eta jarauntsia banatu aurretiko urratsa ezkontzaren araubidearen likidazioa dela. Bertan, kasu hauek izan daitezke:
- Hildakoa irabazpide-araubidean ezkonduta bazegoen, irabazpideok likidatu behar dira. Ondorio praktikoetarako eta Espainiako legeriaren arabera, hildakoaren ondasunen erdiak bizirik dagoenarentzat izango dira eta beste erdiak, berriz, jarauntsiaren zati izango dira. Hori oso garrantzitsua da etxebizitza bat biena bada; izan ere, bizirik dagoenak berehala eskuratzen du etxebizitzaren beste erdia irabazpideen bere erdiaren truke.
- Ondasunen banantze-araubidean ezkonduta bazegoen, etxebizitza bi ezkontideen izenean egonez gero, indibisoa egongo da eta bizirik dagoenak bere erdirako eskubidea edukiko du.
- Ondasunen banantze-araubidean ezkonduta bazegoen baina etxebizitza bi ezkontideen izenean ez badago, etxebizitza osoa izango da jarauntsiaren zati.
Eta… izatezko bikoteetan, erregistratuta egon zein ez…
Kontuz! Lehen esan dugun moduan, kasu horretan ez dira aplikatzen zuzenbide erkideko (Kode Zibileko) abintestato oinordetzaren arauak; izan ere, arau horiek aktibatzeko ezinbestekoa da bikotekideen artean ezkontza-loturaren bat egotea, zibila zein elizakoa izan. Beste era batera esanda, ezkonduta ez dagoen bikotekideak ez dauka abintestato jaraunsteko eskubiderik.
Hortaz, seme-alabarik ez badaukate, jarauntsi guztia gurasoentzat izango da, eta haiek hainbana jarauntsiko dute. Gurasoak bizirik ez badaude, oinordetza-lerroari hasiera emango zaio; orduan, hildakoaren aurrekoek, hala nola aitona-amonek, lehentasuna edukiko dute bikotekidearen aurretik.
Eta, azaldu dugun moduan, tokiko zuzenbide zibileko arau batzuek aitortzen badute ere izatezko bikotekideek abintestato oinordetzarako eskubidea daukatela, hobe eta are garrantzitsuagoa da gure bikotekidea babesteko testamentua egitea, horrela oinordetza ziurtatuko diogulako eta bakarrik geratuz gero ezer gabe uzteko arriskua saihestuko dugulako.
Azkenik…
Bizirik dagoen ezkontideak ez seme-alabarik ez aurrekorik ez badauka, hiltzen denean haren ondasunak anai-arrebentzat izango dira, halakorik edukiz gero, edo, bestela, alboko beste ahaide batzuentzat. Eta muturreko kasu batean, jaraunsteko eskubidea daukan ahaiderik ez badago, estatuak jasoko du azkenik jarauntsia, eta likidazioaren dirua Altxor Publikoan sartuko da. Oro har, mota horretako jarauntsietako diruaren bi heren interes sozialeko xedeetarako erabiltzen dira.
Testamentua eginda edukitzeak ematen duen lasaitasuna
Kasu horiek guztiak ikusita, ziur aski jada argi edukiko duzu gomendagarri baino gomendagarriagoa dela testamentua egitea, berdin dio ezkonduta zauden ala ez eta seme-alabarik badaukazun ala ez. Testamentuari esker, erabateko lasaitasuna edukiko dugu, hilez gero gure bikotekideak ahalik eta segurtasun ekonomiko handiena izango du-eta, zer gerta ere etorkizuna aldez aurretik prestatzeko egin dugunari esker.
LABORAL Kutxan, testamentua egiteko irtenbideak dauzkagu, adibidez, gure bizi-aseguruetan barne hartutako zerbitzuak. Horien berri eman diezazukegu, inolako konpromisorik gabe, aseguruen arloko gure espezialisten bitartez edo, bestela, gure webguneko «Bizitza-aseguruak» atalera jo dezakezu informazio gehiago eskuratzeko, esteka honetan hain zuzen ere.
Zein da zure erreakzioa?