Erabili daiteke Via-T gailua Portugalgo eta Frantziako autobideetan?

Erabili daiteke Via-T gailua Portugalgo eta Frantziako autobideetan?

3 min.

Erabili daiteke Via-T gailua Portugalgo eta Frantziako autobideetan?

Gailu batzuek, garrantzitsua den ezer aldatu gabe ere, nabarmen hobetzen dute gure bizitzako alderdi txikiren bat. Kontura gaitezen, esaterako, zein erosoa den musika haririk gabeko entzungailuekin entzutea, hortzetako eskuila elektrikoa erabiltzea edo hoteletako giltzak txartel gisakoak izatea. Jakina, aurrerapen horiek alde batera uztea ez litzateke guretzat oso zaila izango. Denbora gehiago emango genuke kableak askatzen, hortz-higieneko ohitura zaharrak berreskuratuko genituzke eta giltzak harreran utzi. Baina, egia esanda, nahiago dugu etorkizunean bizitzeak eskaintzen dituen abantaila txikiez gozatzen jarraitzea.

Horregatik, gero eta jende gehiagok jartzen du bere ibilgailuan Via-T gailua, autobideetako ordainlekuetatik gelditu gabe pasatzeko aukera ematen duen hori. Behin gelditzea ez da drama bat, noski, baina beti da atsegina ilararik izaten ez duen bidea hartu eta gelditu gabe aurrera egitea, polikiago joanda, besterik gabe. Eta, zer esanik ez, modu horretan ez dugu dirua edo txartela eskura izan behar eta tiketa gorde, hori guztia denbora gehiegi galdu gabe.

Via-T Espainiako ordainpeko autobide ia guztietan erabili daiteke, Balearretakoetan eta Kanarietakoetan izan ezik. Nolanahi ere, udako denboraldi betean, komenigarria da jakitea gure ibilbidean zehar erabili ote daitekeen.

Portugal

Via-T gailuak Portugalgo ordainpeko autobide guztietan erabiltzeko balio du, bai Via Verde teleordainketa-erreia dutenetan eta bai Autoscut autobideetan. Erraz-erraza. Edonola ere, hona gomendio batzuk:
  • Via Verde erreiek seinale bereizgarria dute: atzealde berdearen gainean marraztutako V letra zuria (agerikoa bada ere, hobe zuhurrak izatea).
  • Via Verde autobideetan, argi berdearen ordez horia pizten bada ere ez duzu gelditu beharrik. Dena den, kobraketetan gorabeherarik antzemanez gero, itzulitakoan galdetu zure LABORAL Kutxako gestoreari.
  • Autobideetan ordaintzeko Portugalgo gailuek dituzten eskaintza eta deskontu berberak izateko eskubidea duzu.
  • Autobidean ordaintzeko Portugalgo gailu bat baduzu, bietako bat aukeratu eta bestea etxean utzi beharko duzu. Bestela, bi aldiz kobra diezazukete.

Frantzia

A-63 (Biriatu – St. Géours de Maréenme) eta A-64 (Baiona – Lestelle) autobideetan bakarrik erabil daiteke Via-T sistema, baina gailu guztiak ez dira baliagarriak. LABORAL Kutxaren Via-T gailua bai, aipatutako Frantziako autopistetan erabili daiteke. Gainerako autobideetan, edo aipatutako horietan edozein arrazoi medio Via-T gailua erabiltzea ezinezkoa denean, beste ordainbide bat erabili beharko da bidaiari dagokion zenbatekoa ordaintzeko.

Faktura behar duten erabiltzaileek Bidegin eska dezakete, Gipuzkoako azpiegituren agentzia arduratzen baita Frantziako erakundearen izenean igarobide horiei dagokien fakturazioa egiteaz.

Portugalen gertatzen den moduan, bi aldiz kobratuko ez dizutela ziurtatze aldera, ez dituzu bi gailuak (Via-T + Liber-t Océan) ibilgailu berean eduki behar biak erabil daitezkeen ordainlekutik igarotzean. Biak eramanez gero, bi gailuen bidez kobratuko dizute ibilbidea, sistema automatikoa baita.

Gainerako herrialdeak

Enpresa batzuek kontratu bikoitzeko gailuak dituzte garraiolarientzat, eta hainbat estatutako ordainketa-sistemekin bateragarria den gailu bakarra eramateko aukera eskaintzen diete. Interesa baduzu, hemen duzu zerrenda osoa.

Ikusten duzunez, Via-T erosoa da zure egunerokoan, eta are erosoagoa izan daiteke oporretan. Goza ezazu!


Zein da zure erreakzioa?