Opor ziberseguruak. Betiere erne ibili!
2023-06-12
Opor ziberseguruak. Betiere erne ibili!
Guztiok egoten gara betiere oporrak noiz iritsiko zain. Erlaxatzea eta eguneroko errutinatik deskonektatzea bilatzen dugu gure oporraldian. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da gogoraraztea betiere erne ibili behar dugula gure segurtasun zibernetikoa jokoan dagoenean, ziberdelitugileek gure aldarte lasai hori aprobetxatzen baitute beren erasoak egiteko.
Zein egoerari aurre egiteko prest egon behar dugu gure oporretan eta zein dira egoera horiek sortu ditzaketen arriskuak?
- Konexioa wifi sare publikoetan. Sare legitimoak imitatzen dituzten Interneten sartzeko puntu faltsuak ezarri ditzakete ziberdelitugileek. Gainera, ‘Man in the Middle’ deitutako eraso baten bidez, zure gailuaren eta konektatzen zaren wifi sarearen arteko komunikazioa bidean atzemateko gai dira. Horrela, zure mugimenduak ikusi ditzakete eta zure informazio konfidentziala lapurtzea lortzen dute, hala nola banku-datuak eta pasahitzak.
- Zure mugikorra leku publikoetan kargatzea. Hainbat gune jendetsutan –hala nola aireportu edo kafetegietan– USB ataka publikoak izaten dituzte sarritan zure gailu mugikorrak kargatzeko. Garrantzitsua da kontuz ibiltzea, ‘Juice jacking’ izenarekin ezaguna den teknika bat dela eta. Praktika horri esker kargaguneak konprometitzen dituzte zure gailua infektatzeko zure gailua bera konektatzen duzunean, edo zure gailuan sartzeko datu-transferentzia aprobetxatuz bateria kargatzen den bitartean.
- Sare sozialetan agertzea. Sare sozialetan zure kokapena eta zure bidaia-planak partekatzeak arriskuan jarri dezake zure segurtasun fisikoa. Ziberdelitugileek informazio hori aprobetxatu dezakete etxean ez zaudela identifikatu eta lapurretak egiteko.
- Gailuak galtzea edo lapurtzea. Oporretan gaudenean, litekeena da gure burua distraituagoa egotea, eta gure mugikorra edo ordenagailua galtzea edo norbaitek guri ebastea eragin dezake horrek. Informazioa lapurtzeko eta besteen eskuetara iristeko arrisku handia dakar horrek gailuetako datu konfidentzialetan sartzen badira.
Gertatu daitezkeen arriskuez jabetzea funtsezkoa da horrekin lotutako neurriak hartzeko. Horregatik, zure eguneroko ohituretan honako jardunbide egokiak sartzea aholkatzen dizugu.
- Erabili VPN sare pribatu birtual bat Interneterako zure konexioa zifratzeko eta babestu zure datuak sare publikoetan nabigatzen duzun bitartean. Ziurtatu VPN fidagarri eta eguneratu bat erabiltzen duzula. Alternatiba gisa, sarbide pertsonal bat ezarri dezakezu zure gailuan zure datu mugikorren bidez.
- Saihestu USB ataka publikoak eta eraman zurekin kanpo-bateria bat. Paretako entxufe arruntak ere erabili ditzakezu, zuzeneko energia-iturri bat ematen dutelako eta datuen baimendu gabeko transferentzia-arriskua edo programa gaizto batek infektatzeko arriskua desagerrarazten dutelako.
- Zuhur jokatu sare sozialetan, zure oporrek irauten duten bitartean zure profiletan partekatzen duzun informazio pertsonala mugatuz. Ezarri pribatutasun-konfigurazioa zure informazioa nork ikusi dezakeen kontrolatzeko eta ez onartu ezezagunen gonbidapenik.
- Babestu zure gailuak pasahitz seguruekin, betiere sendoak eta bakarrak izanik. Gainera, aktibatu blokeo automatikoko funtzioa jarduerarik gabeko aldi baten ondoren blokeatu daitezen. Horrek baimenik gabe sartzea zailduko du galerarik edo lapurretarik izanez gero.
- Egin segurtasun-kopiak oporretara joan baino lehen kanpoko gailu batean edo hodeian, eta, horrela, zure artxibo garrantzitsuenak berreskuratu ahalko dituzu gailua lapurtzen badizute, eta beste edozein gorabehera saihestuko duzu.
Eguneroko bizitzaren alderdi garrantzitsua da zibersegurtasuna eta oporretan ere zaindu egin behar duzu. Gomendio hauek jarraituz gero, zure atsedenaldia kezkarik gabe eta bete-betean aprobetxatu ahalko duzu.
Gogoratu zure datuetan sartzen ari direla edo informazioa galtzen ari zarela susmatzen baduzu, berehala deitu behar duzula Bezeroarentzako Arreta Zerbitzura:
- Telefonoa: 900 929 029
- WhatsApp: 688 71 07 32
- E-mail: kontaktatu@laboralkutxa.com
Zein da zure erreakzioa?