Nola bihur zaitezkeen turista jasangarri

Nola bihur zaitezkeen turista jasangarri

4 min.

Nola bihur zaitezkeen turista jasangarri

Azkenean iristear dira horrenbesteko gogoz espero genituen merezitako oporrak. Ziur gaude dagoeneko antolatuta dituzula: musika-jaialdi bat lagunekin, landetxea zure bikotekidearekin, hondartza familiarekin… Oso plan ezberdinak dirudite, baina, ba al dakizu zertan datozen bat? Guztietan lehenetsi behar dugu jasangarritasuna, planez gozatzeaz eta prezio onargarriak aukeratzeaz gain. Gure egunerokotasunean kutsaduraren eta klima-aldaketaren inguruan kontzientziatuago gaude honetan, ezin dugu ahaztu gure atseden-sasoian ere. Atseden hartzea merezi dugu, baina baita gure planetak ere.

Hona hemen zenbait aholku, turista jasangarria izan zaitezen.

Bidaia ezazu modu jasangarrian

Ahal den heinean, saia zaitez autobusez, trenez edo kotxez bidaiatzen, eta ez hegazkinez. Herrialde batzuk, Frantzia kasu, hasita daude alternatiba ekologikoagoak dituzten hegaldi laburrak debekatzen. Oso handia da hegazkinen karbono-aztarna.

Ostatu eraginkorrak, ekologikoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak

Ostatu hartzeko lekua bilatzen dugunean, prezioari eta kokalekuari eman ohi diegu lehentasuna, baina ekologikoak izan daitezen ere hartu behar dugu kontuan. Har ezazu kontuan eco friendly  zigilu edo bermeren bat izan dezatela, hondakinen kudeaketan eta karbono-aztarnaren arloan ingurumenari dagokionez jasangarriak izan daitezen.

Joan zaitez bizikletaz, oinez edo ibilgailu elektrikoz

Eguraldi ona egiten duenean eta presarik gabe gabiltzanean, oinez edo bizikletaz mugitzeko gogo handiagoa izan ohi dugu. Garraio jasangarria ona da ingurumenerako, poltsikorako eta osasunerako. Dena da abantaila!

Informa zaitez, eta errespetatu leku bakoitzeko kultura

Lurralde bakoitzak bere arauak eta kultura ditu. Ez dugu leku bat haren itxura idilikoagatik bakarrik aukeratu behar, baizik eta baita lekuak daukan idiosinkrasiagatik ere; beraz, errespetatu egin behar dugu, eta behar bezala integratu.

Saihets ezazu txartelak, ibilbideak, erreserbak edo bidaia-gidaliburuak inprimatzea

Dagoeneko ez da beharrezkoa hegazkin- edo tren-txartel bakoitza inprimatzea, ezta hoteleko erreserbak edo bidaia-gidaliburuak ere. Eroso eraman ditzakegu mugikorrean, ordenatuta izateko, ez galtzeko eta papera, tinta eta dirua aurrezteko. Erabil ezazu zure LABORAL Kutxa aplikazioa, ordainketak erosoago eta azkarrago egiteko.

Uraren kontsumo arduratsua

Udarekin batera, lehorteak eta suteak ere iristen zaizkigu, beraz, murriztu egin behar dugu ur-kontsumoa. Ondo hidratatu behar dugu geure burua, baina harrikoa egiterakoan, dutxatzerakoan edo bainatzerakoan ura neurriz erabiltzea komeni da. Baita lorategia ureztatzerakoan edo igerilekua betetzerakoan ere.

Kontsumitu itzazu hurbileko eta 0 Km. produktuak

Tokiko produktuak kontsumituta, mesede egiten diegu eskualdeko saltokiei, nekazariei eta abeltzainei. Horrela, gainera, produktu jakin batzuk hamarka edo ehunka kilometrotara dauden lekuetatik garraiatzeak sortzen duen karbono-aztarna murrizten lagunduko dugu.

Bisita itzazu oso masifikatuta ez dauden hiriak edo herriak

Ba al duzu hondartzako lehen ilaran lekua harrapatzeko borrokan ibiltzeko gogorik? Badaude turistez jositako leku batzuk, gozatzeko oso deserosoak direnak. Saihets itzazu modan dauden lekurik ezagunenak; horrela, geografia erakargarriago, erosoago eta merkeago bat ezagutuko duzu. 

Eraman ezazu beti aldean zabor-poltsa bat

Hondartzara edo barbakoa egitera baldin bagoaz, komenigarria da beti zabor-poltsa bat eramatea. Ez du leku askorik behar, poltsoan edo gerriko poltsan sartzen da, eta estuasun batetik atera gaitzake. Ez ditzagun hondakinak botata utzi; birzikla ditzagun, ahal bada, eta errespeta dezagun ingurunea.

Ahalegin handirik eskatzen ez duten keinu txiki askorekin, klima-aldaketaren inpaktua murritz dezakegu, haren efektuak moteldu eta ingurunea hobetu. Oporrez gozatzeko eskubidea dugu, baina planeta suntsitu gabe.

 

 


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Bidaiak