Etxe-aseguru bat kontratatzeko aholkuak
2019-10-12
Etxe-aseguru bat kontratatzeko aholkuak
Etxe-aseguru bat kontratatzeak ematen duen lasaitasuna eta segurtasuna ukaezina da, baina komeni da etxe-aseguru bat kontratatzeko (edota, behinik behin, zuretzat eta zure etxebizitzarako etxe-asegururik onena aurkitzeko) aholku batzuk kontuan hartzea. Agian ez zenuen jakingo orain arte, baina etxe-asegurua faktore askoren araberakoa da (etxebizitzaren tamaina, barruan dauden baliozko objektuak, eraikinaren antzinatasuna eta abar). Etxe-aseguruak, nolanahi ere, ezagutzen ez dituzun eta aukeraketa zein kontratazioa zailtzen duten berezitasun asko ditu. Post honetan, etxe-aseguru bati buruzko informazioa eskatzen duzunean zer hartu behar duzun kontuan, zer baloratu behar duzun eta zeri erreparatu behar diozun azalduko dizugu.
Etxe-aseguru bat kontratatzeko 6 aholku
Etxe-aseguru baten kontratazio oro egitean, garrantzitsua da alderdi jakin batzuk kontuan hartzea, erabakia errazagoa izan dadin.
Oinarrizko estaldurek zertaz babesten naute benetan, eta zer estaltzen didate?
Kontuan hartu beharreko alderdi nagusietako bat etxe-aseguru baten oinarrizko estaldurak dira. Edozein gorabehera estaltzen al dute? Zer ondasun babesten dituzte? Eta zer gertatzen da hirugarrenei eragiten dizkiegun kalteekin? Aseguru-entitateari egin behar dizkiozun galderetako batzuk dira horiek. Estali ohi diren kalteen artean, honako hauek daude: sutea, leherketa, urak eragindako kalteak, lapurreta, kalteen erreklamazioa eta Erantzukizun Zibila. Garrantzitsua da kontratatuko duzun etxe-aseguruak estaldura horiek barnean hartzen dituela ziurtatzea. Izan ere, kontuan hartu behar duzu etxeko kalterik ohikoenak urak eragindakoak eta lapurretak direla. Dirudienez, bi kasu horiek gero eta ohikoagoak dira Euskadin.
Estaldura gehigarriak, inoiz baino segurtasun eta lasaitasun handiagoa
Aseguru-entitate askok estaldura gehigarriak barnean hartzeko aukera ematen dute, eta, kasuaren arabera, oso interesgarriak izan daitezke. Eskaini ohi diren estaldura gehigarrien artean (LABORAL Kutxaren etxe-aseguru gehienetan bezala), honako hauek azpimarra ditzakegu: etxetik kanpoko atrakua, defentsa juridikoa, asistentzia etxetresna elektriko bat matxuratzen zaizunean, esku-trebe zerbitzua eta edukian eragindako kalte estetikoak. Erne! Etxe-aseguru bat estaldura gehigarriengatik kontratatzeko erabakia hartu aurretik, ziurtatu ez direla estaldura bikoiztuak, hau da, kontratatuta duzun beste poliza batek (hala nola komunitate-aseguruak) eskaintzen dituen estaldurak. Adibidez, etxe-aseguru batzuek etxeko animaliek hirugarrenei eragindako kalteen erantzukizun zibilaren estaldura eskaintzen dute.
Gabezia, salbuespenak eta klausulak
Etxe-aseguru bat kontratatu aurretik, irakurri baldintza orokorrak, eta kontuan hartu ager daitezkeen klausula guztiak. Informazio guztia lortu behar dugu erabakirik onena hartu ahal izateko. Zenbaitetan, gabealdi bat (hau da, eragiten diren kalteen estaldura data jakin batera iritsi arte ez gauzatzeko aukera) eta etxe-aseguruaren salbuespen-arriskuak ezartzen dira, adibidez. Erreparatu bereziki estalduraren salbuespen, baldintzatzaile edo muga ekonomikorik badagoen. Halakorik badago, asegurua merkeagoa izango da seguruenik, baina arriskutsuagoa ere bai etxean gertatzen zaizkizun gorabeherak estaltzeko garaian. Adibidez, baliteke indarkeria erabiliz lapurtutako balio bat estaltzea, baina ebasketa salbuetsita egotea. Beste aholku bat. Erreklamazio bati begira, atera argazkiak polizaren barnean hartutako objektuei eta haien serie-zenbakiei.
Edukiaren eta edukitzailearen balioa kalkulatzea
Laboral Kutxak, besteak beste, etxe-aseguru bat kontratatu aurretik etxebizitzaren edukia eta edukitzailea baloratzea gomendatzen du. Edukia aipatzen dugunean, etxe baten barruan dagoen guztia adierazi nahi dugu, hala nola altzariak, arropa, etxetresna elektrikoak eta ordenagailuak. Baita maindireak eta edredoiak ere! Zure etxearen barruan dagoenarekin bat etorriko den etxe-aseguru baten eskaintza jasotzeko, beharrezkoa da edukiaren balioa jakitea. Izan ere, komeni da aseguru-entitateari etxebizitzaren barruan dugunaren balioa zehaztea, ondasun bat erreklamatzean sorpresarik izan ez dezagun (ondasun hori gure polizan jasota ez dagoelako, adibidez). Horregatik, zure etxebizitzaren barruan pasealdi bat egitea eta lapurreta, sute edota beste ezbehar baten kasuan zer berreskuratu nahi izango zenukeen pentsatzea aholkatzen dizugu. Halaber, aseguru-entitateak ondasunaren balioa berria balitz bezala estaltzen duen ala klausularen batek erabileraren ondoriozko balio-galera deskontatzen duen jakin behar duzu.
Edukitzailearen edo edukiaren balioa nola kalkulatu behar den jakin nahi baduzu, interesatuko zaizu honako hau jakitea:
Etxebizitza altzariz erabat hornituta badago, edukiaren balioa edukitzailearen balioaren % 35 inguru izaten da, edota % 40 inguru, trastelekua edo garajea barnean hartuz gero. Edukitzaileari dagokionez, etxebizitzaren azalera eraikia (metro koadroak) antzeko ezaugarriak dituen beste etxebizitza bat berreraikitzearen batez besteko kostuarekin biderkatzen da kalkulua egiteko.
Kontuan izan alokairuko etxebizitza bat bada zure neurrirako poliza bat dagoela
Alokairuko etxebizitza bat bada, maizterra zein errentaria zarela ere, kontratatuko duzun etxe-asegurua desberdina izango da. Izan ere, maizterrak ekartzen duen edukia maizterraren erantzukizuna izango da, eta edukitzailea, berriz, etxeko jabearena. Gainera, beste estaldura batzuek maizterraren ekintza bandalikoak edo hirugarrenei eragindako kalteak estaltzen dituzte. Garrantzitsua da hori kontuan hartzea kasu bakoitzean egokiena den modalitatea aukeratzeko garaian.
Konparatu eta galdetu
Konparatu beste eskaintza batzuekin, ez, ordea, senide edo auzotar baten polizarekin. Kontuan izan etxe-asegurua kasu bakoitzaren arabera aukera gehien eskaintzen dituzten aseguru motetako bat dela. Etxebizitza baten edukia eta edukitzailea eta beste etxebizitza batena oso desberdinak izan daitezke. Eta galdetu, jakina, baina ez erreparatu primei edo aseguruaren prezioari, eskainitako zerbitzuari baizik. Baten batek aseguru bat jaso duen tratu edo zerbitzu onagatik gomendatzen badizu, kontuan hartu haren balorazioa zer aseguru kontratatuko duzun erabakitzeko garaian. Zerbitzuaren kalitatea eta aseguru-entitatearen erantzuteko ahalmena funtsezkoak izango dira benetako orduan. Azken batean, etxe-aseguru merkeago bat nahi badugu, estaldura batzuei uko egin behar izango diegu. Poliza osatuago bat aukeratzen badugu, berriz, lasaitasuna % 100ean ziurtatuta egongo da, sorpresarik gabe. Etxe-aseguru bat aukeratu aurretik informazio gehiago nahi baduzu, informazioa edo aholkularitza eska dezakezu LABORAL Kutxan. Pozik lagunduko dizugu.
Zein da zure erreakzioa?