Etxea argitaratu eta urtebetera, Kalea iritsi da

Etxea argitaratu eta urtebetera, Kalea iritsi da

2 min.

Etxea argitaratu eta urtebetera, Kalea iritsi da

Dagoeneko salgai dago  Kalea diskoa,   Kepa Junkerak  lehengo urtean Etxea lanarekin hasitako trilogiaren bigarren partea. Latinoamerikako 82 artistak interpretatutako 24 euskal kanta tradizionalek osatuta dago diskoa. CD bikoitza da eta testu-liburu luzea du osagarri, abestien ohar eta hitzekin, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Kepa Junkerak duela urtebete baino gehiago ekin zion abentura horri,  Euskadiko Kutxak babestuta. Euskal kantagintzako piezarik ederrenak mundu zabaleko artisten ahotsez eta euskaraz grabatzea zen helburua.

2008ko irailean Etxea aurkeztu zen. Disko horretan hainbat artista ezagunek euskal kulturako 27 kanta tradizionali jarri zieten ahotsa. Hor ageri dira, adibidez, Estrella Morente, José Antonio Ramos, Dulce Pontes, Miguel Bosé, Ana Belén, Víctor Manuel, Sole Giménez, Miguel Ríos, Michel Camilo, Andrés Calamaro, Joaquín Díaz, Amancio Prada, Roberto Fonseca, Tito Paris… Goi mailako 42 abeslari eta 15 musikariren laguntzaz eraikitako etxea, bisitari ororentzat zabalik.

Orain, 2009ko azaroan, Kalea plazaratu da. Kepa Junkera Ameriketara abiatu zen eta, hango artista mordo batek lagunduta, euskal musika tradizionaleko 24 kanta ezagun grabatu zituen. Guztira 11 herrialdetako 82 artista dira, besteak beste honako hauek: Juanes, Lila Downs, Pablo Milanés, Ximena Sariñana, Liliana Vitale, Pedro Aznar, Patricia Sosa, León Gieco, Susana Baca, Ivan Lins, Pamela Rodríguez, Nora Sarmoria, Lito Vitale, Celso Duarte, Leonardo Amuedo, Carlinhos Antunes, Armando Marçal, Da Lua eta Ernesto Snajer. Haiek guztiek parte hartu dute Kepa Junkeraren azken lanean, gure hizkuntza zaharraren mugak gainditzen dituen proiektuaren isla.

Euskadiko Kutxa euskararekin eta kulturarekin

Gure hizkuntza eta gure kultura, garapen sozialerako ardatzak diren aldetik, Euskadiko Kutxaren konpromisoaren lehentasunezko helburuak izan dira beti.

Konpromiso horren erakusgarri, Euskadiko Kutxak euskara eta euskal kultura sustatzeko eta normalizatzeko hainbat ekimenetan hartu du parte, esaterako Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaldun Unibertsalaren sarietan.

Horregatik erabaki dugu proiektu honetan parte hartzea, munduari euskararen ikuspegi unibertsal eta irekia eman nahi diolako, eta bikain azaltzen dituelako gure izaera eta kultura ulertzeko modua.


Zein da zure erreakzioa?