Etxea erosteko aholkuak…
2015-06-01
Etxea erosteko aholkuak…
Alokatutako etxean bizi gara baina geure etxean finkatzeko gogoa dugu. Gurasoen etxetik goaz. Bikotekidearekin bizitzera goaz. Soldata egonkorra dugu eta etxebizitzen prezioak duela urte batzuk baino eskuragarriagoak direla ikusi dugu. Arrazoi asko egon litezke etxebizitza erosi eta etxejabe bilakatzeko urratsa emateko. Lehen aldia bada, seguruenik ikara sentituko dugu erabakiaren aurrean; izan ere, erabateko eragina izango du gure finantzetan hainbat urtez. Artikulu honetan laguntzen saiatuko gara, erabakirik egokiena har dezazun .
Noiz izan dezakegu inbertitzeko aukera?
Bankuak hipoteka emango ote digun eta horren baldintzak izan ohi dira kezka nagusia. Baina aurretik gure finantza-egoeraren benetako azterketa egin behar dugu, etxebizitzan gehienez inberti dezakegun zenbatekoa baloratze aldera. Egoera oso onean egonagatik ere, ezin gara baikorregiak izan eta beti horrela egongo garela pentsatu. Gainera, kontuan izan behar dugu interes-tasak aldakorrak direla, eta Euriborra gaur egun maila oso apaletan badago ere, beti ez da horrela izan eta litekeena da maila horri ez eustea.
Halaber, hipotekaren hileko kuota ez da izango gure etxeak eragingo digun gastu bakarra. Etxejabe-komunitatearen kuota hartu behar dugu kontuan, bertan zer sartzen den eta zer gastu gehitu beharko ditugun. Gastu nagusiak berogailua, argindarra, aseguruak eta ura izaten dira, baita udal-zergak ere, zaborrena edo OHZ, esaterako (Hondasun Higiezinen Zerga, udal bakoitzak kobratzen duena).
Orokorrean, ez da komenigarria gure hipotekaren bukaerako kuota gure diru-sarreren % 30 edo % 35 baino gehiagokoa izatea. Modu horretan, eguneroko gastuei eta ezustekoei aurre egiteko aukera izango dugu, gure egoera etorkizunean aldatuko balitz ere. Garrantzitsua da etxebizitzaren erosketa formalizatzeko orduan izaten diren gastu bakarrak ere kontuan hartzea (BEZa, salerosketarekin lotutako zergak, erregistroko eta notariotzako ordainketak, etab.), etxearen bukaerako prezioa % 10 eta % 15 artean garestitzen baitute, gutxi gorabehera.
Zenbat gela?
Ekonomikoki ditugun aukerak aztertzeaz gain, zer nolako etxebizitza nahi dugun eta benetan horrelakorik behar ote dugun erabaki beharko dugu. Haurrak izateko asmoa duen bikote batek pisu handia bilatuko du, jakina, baina horretarako asmorik ez badugu eta bakarrik bizitzekotan bagara, etxebizitza handia bilatzea tentagarria den arren, ez du merezi, nabarmen garestiagoa izango baita. Horregatik, hasieratik, benetan erabiliko ditugun gelen kopuruaren araberako bilaketa egitea komeni da.
Merkeagoa al da berritzeko dagoen pisua?
Beste alderdi garrantzitsu bat etxearen egoera da, eta berritze-lanei aurre egiteko moduan ote gauden ikustea. Berritu beharrean diren etxebizitzek prezio erakargarriagoa dute, baina berritze-lanen kostua gehituta izango dugun azken prezioari erreparatu behar diogu, eta antzeko ezaugarriak dituen etxe berriztatu edo berri baten prezioa baino garestiagoa ez dela ziurtatu. Horretarako, berritze-lanen aurrekontuak eska ditzakegu eta, kalkulagailua eskuetan dugula, guztia aztertu, erabakia hartu baino lehen. Zenbakiak paperean edo kalkulu-orri batean jarrita emaitza harrigarriak lor ditzakegu, sekulako mauka zela pentsatzen genuena horrenbestekoa ez dela kontura gaitezke.
Zonaldea egokia al da niretzat?
Gerta liteke prezioari, egoerari eta erantsitako gastuei begira pisu egokia aurkitzea, baina guk nahi genuen zonaldean ez egotea. Kasu horretan egoera ondo aztertu beharrean gaude. Adibidez, bikaina litzateke lanera oinez edo bizikletaz joatea, baina pisua garraio publikotik hurbil badago eta lotura egokia badu, kontuan hartzeko aldeko faktorea da.
Zonaldean diren zerbitzuek ere eragina dute bizi-kalitatean. Hortaz, komenigarria da begiratzea inguruetan beharrezko ditugun zerbitzuak ba ote dauden, hala nola, mediku-anbulatorioa, farmazia, ikastetxea, etab. Gure lehentasunen edo egoeraren arabera, litekeena da nahiago izatea denda txiki irisgarriak dituen zonaldea (automobilik ez badugu, adibidez), edo arazorik ez izatea astean behin autoa hartu eta merkataritzagunera joateko erosketak egitera.
Eguneko hainbat ordutan pasa gaitezke zonaldetik (lanegunetan eta asteburuetan), lasaia ote den ikusteko. Litekeena da astearte batez, goizeko 9:00etan, tokia aproposa iruditzea, eta gero konturatzea pareko plazan astebururo litroak egiten dituztela edo gure leiho azpitik lehenago ikusi ez dugun trafikoa dabilela. Erabakia hartu aurretik bizilagunekin hitz egiten badugu ezustekoak saihets ditzakegu.
Laburbilduz
Ez hasi etxe bila zer nahi duzun zehatz-mehatz jakin gabe (edo zer ez duzun nahi, behintzat) eta bilaketa zer prezio-tartetara bideratu behar duzun erabaki gabe. Ikertu apur bat zonaldeari buruzko informazioa eta atera kontuak modu errealistan, etxebizitzarekin lotutako gastu guztiak aintzat hartuta.
Bukatzeko, gogoratu LABORAL Kutxan hipoteka-simulagailua duzula eskura, zenbat eska dezakezun eta zenbateko hileko kuota izango duzun erabakitzeko lagungarri izango zaizuna.
Zein da zure erreakzioa?