Hipoteken historia

Hipoteken historia

3 min.

Hipoteken historia

Banku-produkturik baliagarri eta erabilienetako bat dira hipotekak, baina oso gutxitan pentsatzen dugu nola sortu ziren eta noiztik dauden. Horixe kontatuko dizugu artikulu honetan.

«Zer egin dute erromatarrek guregatik?», galdetzen zien haserre Rex-ek, Judeako Herri Fronteko buruzagiak bere akolitoei, Brianen bizitza filmeko eszenarik ospetsuenetako batean. Orduan, alderdi horretako kideek eskua jaso eta erromatarren zibilizazioak ekarritako 'asmakuntzak’ bata bestearen atzetik aipatzen zituzten: estolderia, hezkuntza, osasungintza, irakaskuntza, akueduktuak, errepideak, ordena publikoa eta abar. Rexek, amorruari eusteko ahaleginetan, ’salbuespen’ horiek guztiak zerrendatu eta berriz galdetzen zuen: «Ongi, baina, horrez guztiaz gain, zer egin dute erromatarrek guregatik?» Orduan inork ez zuen esan, baina baten batek eskua jaso eta «hipoteka» erantzun beharko zukeen.

Ordaintzeko bermea

Ikusi dugunez, hitza oso aspaldikoa da, baina gaur egun, eta hitz sinple eta ulergarrietan esanda, kreditu bat ordaintzeko berme gisa ezarritako higiezin bat adierazi nahi dugu hipoteka aipatzen dugunean. Baina non sortu da, nondik dator kontzeptu hori?

Hitza Erromatar Inperioa baino are zaharragoa da. Hypotheca hitz grekoa da, eta ‘suposizio’ esan nahi du, gauza bat bestearen azpitik jartzeko ekintza eta ondorioa biltzen duen zentzuan. Nolanahi ere, hitza jaso, bere gain hartu eta egungo esanahia eman ziona (latinez) Erroma izan zen. Hipotekaren funtsak zuzenbide erromatarrean formulatuta daude, eta, hitz sinpleetan adierazita, hartutako zor bat ordaintzeko berme erreal bat zela esan daiteke. Antzinako Erroman, bi modu zeuden zor baten kobrantza bermatzeko:

  • Fiduzia. Zordunak ondasun baten jabetza eskualdatzen zuen zorraren ordainketa ziurtatzeko.
  • Pignus izenekoa edo bahia. Zorra egiten zuenaren eta mailegu-emailearen arteko akordioa zehazten zuen. Akordio horren arabera, pignoratutako (bahitutako) gauzaren gaineko berme-eskubide erreal bat eratzen zen hartzekodunaren alde, eta era horretan bermatzen zen bere gain hartutako betebeharraren betetzea.
Bigarren formula hori ondasun higigarrien erosketaren ordainketa bermatzeko erabiltzen zen hasieran, eta lurren (ondasun higiezinen) erosketaren ordainketa bermatzeko ondoren. Hipotekaren eta bahiaren arteko ezberdintasuna honako hau da: hipotekatutako ondasuna zordunaren eskuetan geratzen da, eta bahitutako gauza, berriz, hartzekodunari ematen zaio. Izan ere, askotan zordunak zorra ordaintzeko bere ondasunak erabili behar zituenez gero, eskualdatzerik gabeko bahi izenekoa sortu zen, eta hortxe dago gaur egun ezagutzen dugun hipotekaren benetako jatorria.

Xede den ondasunaren gaineko eskubidea

Bada bahiaren edo pignusaren zein hipoteka modernoaren beste funtsezko ezaugarri bat: zordunak bere betebeharra betetzen zuenean, berme-eskubide erreala azkendu egiten zen. Betetzen ez bazuen, berriz, hartzekodunak pignoratutako ondasuna sal zezakeen. Gaur egun ere, finka baten, etxebizitza baten edo beste ondasun-mota baten jabetza eskuratzen duenak egindako zorra ordaintzen badu, hipoteka azkendu egingo da, baina hitzartutako epean eta zenbatekoan betetzen ez badu, banku-erakundeak (edo mailegua eman duenak), hartzekodun gisa, higiezina saldu ahal izango du, auzitegietan demanda jarri eta aldeko ebazpena lortu ondoren.

Ez dirudi izan diren aldi historikoetan aldaketa handirik gertatu denik hipoteken inguruan. Adibidez, Erdi Aroko kasua hartuko dugu, hau da, mendebaldeko Erromatar Inperioa erori ondorengo aldia. Garai hartan, hipoteka ordainketa feudalaren eredu gisa eratzen zen, eta terminoak nagusiki lurren eskuratzeari lotuta jarraitzen zuen. Horren arabera, baserritarren familia batek jaun feudalari lurrak erosteko diru kopuru jakin bat eskatzen zionean, lurrak berak hipotekatzen zituen aldi berean. Ordainketa diruarekin, uztarekin edo animaliekin egin zitekeen.

Denborarekin eta hipoteken bilakaera propioarekin, ondasun higiezinak bihurtu ziren hipoteken ardatz, baina jabetza-erregistroak abian jarri arte ez zen hipoteken erabilera orokortu.

Modernotasunean sartzea eragin zuen eta gaur egun arte iraun duen azken jauzi hori XX. mendean egin zen. Zehazki, Ameriketako Estatu Batuetan egin zen, etxebizitzetarako hipoteka-maileguen bidez bermatutako titulu bat garatu zenean. Ondoren, Europako hainbat herrialdek hartu zuten bide bera, eta gaur egun mundu osoan zabalduta dago.


Zein da zure erreakzioa?