Nola kalkulatu zure etxearen katastro-balioa?
2020-03-05
Nola kalkulatu zure etxearen katastro-balioa?
Etxebizitzaz aldatzea pentsatzen ari zara eta zalantzak dituzu zure pisuaren katastro-balioari buruz?
Laboral Kutxan beharrezko kalkulu guztiak egiten lagunduko dizugu, zure premietara gehien egokitzen den hipoteka-mailegua kontrata dezazun.Baina, hori egin aurretik, badakizu zer den katastro-ziurtagiria?
Zure etxebizitzaren katastro-ziurtagiria zure etxebizitza identifikatzen duen dokumentu ofiziala da. Ziurtagiriak zure etxebizitza bakar egiten duen informazio garrantzitsu guztia hartzen du barne: kokapena, azalera, eraikin osoarekiko partaidetza-koefizientea, eraikuntza-urtea, titulartasuna… Hau da, identifikatu ahal izateko benetan garrantzitsua den guztia. Baina Katastroak higiezinari ematen dion balioa da dokumentu horretan jasotzen den datu garrantzitsuenetako bat (eraikitzeko erabili den lurzatiarena berarena nahiz eraikuntzarena), zerga jakin batzuen zenbatekoa kalkulatzeko orduan datu hori erabiltzen baita erreferentzia gisa.Nola lor dezakegu?
Pisu baten katastro-balioa kalkulatzeko aukera bat baino gehiago daude, betiere kalkulua egin nahi duen pertsona higiezinaren jabea bada:- Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) ordainagiriaren bitartez. Higiezin bat duten pertsona guztiek nahitaez ordaindu behar dute ondasun higiezinen gaineko udal-zerga, eta ordainagiri horretan, datu hori lortu ahal izateko katastro-erreferentzia jasotzen da.
- Telefonoz. Informazio hori telefonoz jaso ahal izateko eskura izan behar dituzu katastroaren erreferentzia eta identifikazio pertsonaleko beste elementu batzuk.
- Aurrez aurre, hitzordua hartuta, Bizkaiko Katastroaren kasuan.
- Online. Hau da katastro-balioa ezagutzeko modurik azkarrena, eraginkorrena eta erosoena. Katastro-balioa online kalkulatu ahal izateko erregistratuta egon behar duzu foru-egoitza elektronikoetan edo Ogasun Ministerioaren Katastroaren Egoitza Elektronikoan, eta identifikazio pertsonal bat edo katastro-erreferentzia behar da bertan sartzeko. Bertan sartu ondoren, ditugun ondasun higiezin guztien katastro-ziurtagiriaren kopia digital bat lor dezakegu.
Zer da katastro-balioa? Nola zehazten da eta zertarako balio du?
Higiezin baten katastro-balioa jabetza batek duen balio fiskala da. Balio hori zehazteko, dagokion katastro-bulegoak hainbat irizpide hartzen ditu kontuan. Irizpide horiek aldatu egin daitezke udalerri batetik bestera, baina honako hauek izaten dira oro har:- Higiezinaren kokapena.
- Eraikuntzaren ezaugarriak, hau da, antzinatasuna, erabilera, kontserbazio-egoera…
- Etxebizitzaren eraikuntza-kostua.
- Etxebizitzak merkatuan duen balioa.
Katastro-balioa funtsezko erreferentzia da zerga jakin batzuk ordaintzeko, OHZ adibidez. Gainera, honako zerga hauetan aitortu behar duzun gutxieneko zenbatekoa da: Ondare Eskualdaketen gaineko Zergan, zure etxea saltzeko orduan ordaindu beharrekoa; Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan, etxebizitza erosteko mailegua egiten duzunean; eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan. Ogasun eta Finantza foru-departamentuek balio hori erabiltzen dute aitortutakoaren balioa frogatzeko.
Zein da zure erreakzioa?