Euskadiko Kutxa Mondragon Korporazioan

Euskadiko Kutxa Mondragon Korporazioan

3 min.

Euskadiko Kutxa Mondragon Korporazioan

Euskadiko Kutxa munduko kooperatiba-talde handienetako bateko kidea da: MONDRAGON Korporazioa. 80.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan bertan, eta ia munduko merkatu guztietan hartzen du parte. MONDRAGON Korporazioak hainbat eta hainbat sektoretan ari diren ehunka enpresa biltzen ditu. Gainera, irakaskuntza-zentro asko ere baditu, haur hezkuntzatik hasi eta bere unibertsitateraino: 9.000 ikasle baino gehiago ditu guztira. MONDRAGONek gauzak egiteko beste modu bat badela erakusten du egunez egun. Baina, zer eginkizun du Euskadiko Kutxak korporazio horretan?Duela gutxi Iñaki Gabilondo kazetariak bere blogean aipatu zuen MONDRAGON Korporazioaren sortzaileak, Jose Maria Arizmendiarrietak, bi teoriatan bereizten zituela teoria ekonomiko guztiak: “batean, diruak agintzen du eta diru gehiago lortzeko pertsonak alokatzen dira; bestean, pertsonak agintzen du eta pertsonen onurarako dirua alokatzen da”.

Duela berrogeita hamar urte baino gehiagotik hona, MONDRAGON da bigarren teoria ekonomikoaren adierazlerik bikainenetakoa, sortu den gizartean aberastasuna sortzeko erabiltzen baitu kapitala. Eginkizun hori garatzeko, funtsezkoa da kooperatiba guztiek ideia berritzaileenak eta guztientzako onuragarrienak izango diren ideiak finantzatzeko tresna eraginkor propioak izatea. Eta hortxe sartzen da Euskadiko Kutxa, egitura horren guztiaren ezinbesteko tresna.

Horregatik, Euskadiko Kutxa ez da “beste kooperatiba bat”. Gainerako kooperatibak jaio, garatu eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen jarrai dezaten behar den erregaia (finantzazioa) hornitzen duen kooperatiba da. Proiektuek behar duten finantzazioa hornitzen duen bihotza da Euskadiko Kutxa.

Laguntza etengabea

MONDRAGONeko kooperatiba guztiek fondo bateratu bat dute elkar laguntzeko. Industria-kooperatibek, adibidez, mozkinen % 2 ematen dute. Euskadiko Kutxak bere mozkinen % 15 bideratzen du gainerako kooperatibak bultzatzera. Azken urteetan, kreditu-erakundeak 36 milioi euro baino gehiago eman dizkie zuzenean gainerako kooperatibei. Diru hori guztia kooperatiba-enplegua sortzeko jarduera berriak bultzatzera eta ataka txarrean dauden kooperatibetan dauden enpleguak finkatzera bideratzen da. Bistakoa denez, azken jarduera hori behar-beharrezkoa da egoera ekonomiko korapilatsu honetan.

Baina hori ez da Euskadiko Kutxak taldeko gainerako kooperatibei egiten dien ekarpen zuzen bakarra. Erakundearen mozkinen % 43 hezkuntza kooperatiboa sustatzera bideratzen da, grina hori Korporazioaren ADNan txertatuta baitago.

MONDRAGON da hezkuntzari garrantzi handiena eskaintzen dien enpresa-taldeetako bat (kooperatiboak izan edo ez). Izan ere, kooperatiba-taldearen jatorria ez zen industria-kooperatiba bat izan, hezkuntza-zentro bat baino: Jose Maria Arizmendiarrietak sortu zuen Lanbide Eskola Politeknikoa, geroago kooperatiba-sarea abian jarriko zuten zuzendariak, teknikariak eta langile kualifikatuak bertatik ateratzeko sortu zena.

Euskadiko Kutxak bere mozkinen diru-sail horren bidez finantzatzen ditu hainbat hezkuntza-zentro, hala nola MONDRAGON Unibertsitatea, Politeknika Ikastegia Txorierri eta Lea Artibai Ikastetxea. Horri esker berma dezake gaur egun MONDRAGON osatzen duten pertsonak lasai erretiratu ahalko direla, proiektuari jarraitutasuna emango dioten profesional prestatuen esku utziko baitute taldea. Kalitatezko hezkuntza kooperatiboa jarraitutasun- eta garapen-bermea da.

Batez ere finantzazioa

Nolanahi ere, diru-sail eskuzabal horiek ez dira Euskadiko Kutxaren jarduerarik garrantzitsuena. Eginkizun premiazkoena kooperatiba-proiektuak finantzatzea da, garatu eta enplegua sortzen jarrai dezaten. MONDRAGON taldearentzat, kreditu-erakunde propioa izatea finantza-merkatuaren zalantzen aurreko asegurua da, gaur egun gehien falta den ondasunetako bat eskuratzeko aukera ematen baitio: kreditua.

1959az geroztik, hau da, erakundea beste 41 kooperatiba aitzindarirekin batera sortu zenez geroztik, Euskadiko Kutxak eraginkortasunez eta arduraz bete du eginkizun hori. Mende erdi horretan gainerako kooperatibek euren eginkizuna bete ahal izateko kreditua eskaini du, eta kalitate-estandar altuenak betetzeko kaudimen-mailari eutsiz egin du, gainera. Euskadiko Kutxa MONDRAGONeko kooperatiba bat da, gainerako guztiak bezala, baina zerbait gehiago ere bada: munduko kooperatiba-talde handienetako baten makineriako ezinbesteko pieza da.

Sinbiosi horri esker, 2010. urtean (kontu-ikuskaritza egin den azken urtean) munduan 14.755 milioi fakturatu dituen taldea eraiki ahal izan da. Talde horretan langile-bazkideek ez dute igarri krisia ohiko enpresetako langileek igarri duten hein berean. Langile-bazkide bakar batek ere ez du galdu lanpostua.

Inolako zalantzarik gabe baiets dezakegu, Arizmendiarrietaren hitzak beste modu batera esanez, MONDRAGONek lortu duela dirua pertsonen onurarako erabiltzen den pertsonen tresna izatea. Datorren mende erdian ere, gauzak egiteko beste modu bat badela frogatzen jarraituko dugu lanean.


Zein da zure erreakzioa?