Euskaltzaindiaren eta LABORAL Kutxaren arteko lankidetza-hitzarmena

Euskaltzaindiaren eta LABORAL Kutxaren arteko lankidetza-hitzarmena

2 min.

Euskaltzaindiaren eta LABORAL Kutxaren arteko lankidetza-hitzarmena

Euskara DNAn du LABORAL Kutxak. Horregatik, apustu zintzoa egin eta gure hizkuntza euskal gizarte osoan sustatzeko konpromisoa hartu genuen aspaldian. Gaur egun, euskara da gure harreman formalen eta informalen hizkuntza, gure lanerako ezinbesteko tresna, eta, etorkizunari begira, gure erronka nagusietako bat izaten jarraitzen du.

Euskaltzaindiarekin aspalditik dugun harreman estua da horren adibidea. Harekin elkarlanean jardun dugu Euskararen Herri Hizkeren Atlasa eta Euskara Ibiltaria erakusketa sortzen. Horien bidez, gure altxor horrek, euskarak, bere baitan duen ezagutza hedatzeko bidea egin dugu azken urte hauetan.

Horregatik, gaur, EUSKALTZAINDIAren mendeurrena dela eta, berretsi egin nahi dugu euskararekin eta euskal kulturarekin dugun konpromisoa, eta, horretarako, Euskararen Akademiarekin ditugun harreman historikoak sakonduko ditugu, haren mendeurrena babestu eta erakunde-ekitaldiak, nazioarteko jardunaldi akademikoak, arte- eta kultura-ekimenak eta bestelako jarduerak barne hartzen dituen programa sustatu.

Urriaren 4an, 5ean eta 6an, Euskaltzaindiaren XVII. Kongresua. Arantzazutik mundu zabalera egin genuen Arantzazun, 1968an hantxe bertan euskara batuaren oinarriak ezarri zituen bileraren 50. urteurrenaren oroimenez.

2019ko martxoan, gainerako ospakizunen txanda izango da. Lehenbizi, Euskara Ibiltaria erakusketa eguneratu eta inauguratuko dugu, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak jasotzen dituen edukiak jendaurrean ezagutarazteko.

Erakusketa horrek Dialektologiari buruzko Nazioarteko Kongresuari emango dio hasiera; Bilboko Euskal Museoan izango da, 2019ko martxoaren 14an eta 15ean.

Eta, azkenik, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia argitaratu eta jendaurrean aurkeztuko da, hori ere 2019ko martxoan.

Hizkuntza baten iraupena eta hedapena erabileraren bidez bermatzen dela esaten da, eta ukaezina da hori. Baina, horrela izanik ere, LABORAL Kutxan uste dugu euskarak oinarri sendoak ere behar dituela indartsu eta irmo hazteko, zuhaitzik handienek sustrai zabal eta sakonak behar dituzten bezala. Horregatik daramatza gure entitateak hainbeste urte Euskaltzaindiarekin elkarlanean. Eta horrelaxe jarraituko du.


Zein da zure erreakzioa?