Euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena Buruntzaldean

Euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena Buruntzaldean

1 min.

Euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena Buruntzaldean

Euskadiko Kutxak euskararen erabilera areagotzeko hitzarmen bat sinatu du Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, eta Urnietako Udalekin. Elkarren arteko ahozko nahiz idatzizko harremanak euskaraz izateaz gain, euskara ahalik eta gehien erabiltzen saiatuko dira jarduera esparru guztietan.

Euskadiko Kutxako Buruntzaldeko zuzendari Iñaki Altuna Gaztelumendik erakundearen hizkuntza-politika izan du hizpide:

"Euskadiko Kutxak finkatuta duen hizkuntza-politikaren barruan, bezeroak aukeratzen duen hizkuntzan zerbitzua eskaini eta ematea dago. Ibilbide horretan hainbat urrats eman ditugun arren, oraindik ere, beharrezkoa ikusten dugu gisa honetako hitzarmenak sinatzea bidean aurrera egiteko"

Usurbilgo Udalak ez du ekitaldian parte hartu, baina  UEMArekin abenduan sinatutako hitzarmenean dago; beraz, Euskadiko Kutxak Buruntzaldeko herri guztiekin hartu du euskararen aldeko konpromisoa.

Euskadiko Kutxak  Buruntzaldeko bulegoetan euskararen presentzia ugaltzeko ahalegin berezia egingo du ondoko eremuetan:

  • Bezeroarekiko harremanetan. Bezeroari lehen hitza euskaraz egiteaz gain, bezero berriei azalpenak euskaraz eman eta idatzietan euskarari lehentasuna emanez, besteak beste.
  • Eskaintzen dituen zerbitzuetan. Urtean zehar egiten diren kanpaina bereziak (errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako) zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jarri eta, kanpainen bidez, horiek erabiltzeko deia eginez.
  • Langileen eremuan. Bulego horietako langileak lan mota guztietan euskaraz jarduteko gai izan daitezen etengabeko trebakuntza eta laguntzarako tresnak jarrita, besteak beste.
  • Kanpo komunikazioan. Kutxazainetako sarrerako agurra eta kartelak euskaraz jarriko dira udalerri hauetan. Esku-orriak elebitan izango dira, baina euskarari lehentasuna emanda.
  • Idatzizko dokumentazioan (dokumentu-eredu, inprimaki, eragiketetako testuak eta abar) euskara erabiliko da, bezeroak espresuki kontrakoa ez badio.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, eta Urnietako Udalak hitzarmenaren edukiaren eta garapenaren berri herritarrei adierazteaz arduratuko dira.

Sinatzaileek lau urterako hartu dituzte hitzarmenean jasotako konpromisoak eta, hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen-batzorde bat jarriko dute martxan.

Sinatutako hitzarmena (PDF, 51 Kb)


Zein da zure erreakzioa?