Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren laugarren liburukia aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Euskadiko Kutxak

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren laugarren liburukia aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Euskadiko Kutxak

2 min.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren laugarren liburukia aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Euskadiko Kutxak

Euskaltzaindiak eta Euskadiko Kutxak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren laugarren liburukia aurkeztu dute Iruñean. Oraingoan, etxearen eta etxe-abereen inguruko ahozko aldaerak bildu ditu Akademiak, euskararen herri hizkera jaso eta kultur ondarea berreskuratzeko lanarekin jarraituz.

Hizkuntzaren ahozko aldaerak mapetan emateko egiten dira hizkuntza atlasak  eta Euskaltzaindia 1987an  hasi zen euskararenak jasotzeko inkestak egiten. 1992ra bitartean, Euskal Herriko 145 herritan jaso zituen 2.857 kontzepturen inguruko galderak.

12 liburuki

Guztira, 12 liburuki izango ditu Euskararen Herri Hizkeren Atlasak eta paperean zein Euskaltzaindiaren webgunean izango dira eskuragarri.

2010. urteko apirilean argitaratu zituzten lehen bi liburukiak eta iazko maiatzean hirugarrena.

  • Lehen liburukiak ondoko gaiei buruzko 268 mapa ditu: intsektuak, arrainak, narrastiak, txoriak, piztiak, zerua eta eguzkia, eguraldia, elurra eta hotza.
  • Bigarren liburukiak ondoko gaiak jorratzen ditu 241 mapatan: denbora kronologikoa, topografia eta landaretza.
  • Hirugarren liburukiak landaretza eta abereak uztartzen ditu. Ondoko gaiak lantzen ditu 269 mapatan: zuhaixak eta fruituak, baratzekariak, basalandareak, patata, behi hazkuntza, behorrak, ardia eta ahuntza.
  • Aurkeztu berri duten laugarren liburukiari dagokionez, ondoko gaiak ikusiko ditugu: txerriak, hegaztiak, txakurra, erlea, baserria, etxea, teilatu eta zureria, etxearen zatiak eta altzariak
Atlaseko mapa bat

Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa argitaratzen laguntzea ez da Euskadiko Kutxak Euskaltzaindiarekin mantentzen duen harreman bakarra. Iazko apirilean, esaterako, Aita Larramendiren Hiztegi Hirukoitza utzi eta 200 faksimile argitaratu zituen. Orain, faksimilaren kopia zenbakitu bana jaso dute Akademiako kide guztiek.

Euskaltzaindiarekin izandako lehen lankidetza proiektuak 35 urte ditu; hain zuzen, 1977 urtean, Akademiak Euskararen Liburu Zuria (PDF, 10,16 MB) argitaratu zuen, Lankide Aurrezki Kutxak diruz lagunduta. Eta aurrera begira ere,  bide beretik jarraituko du, euskara bultzatu eta normaltzeko hartutako konpromisoaren harira.


Zein da zure erreakzioa?