Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna

2 min.

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Nazioarteko EgunaAbenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, alegia, egun ezin aproposagoa da, bezeroei ez ezik, euskal gizartea osoari gogorarazteko Euskadiko Kutxaren zutabe sendoenetakoa hizkuntzaren, kulturaren eta identitatearen arteko lotura dela. Izan ere, hizkuntza komunikatzeko tresna baino zerbait gehiago ere bada: hizkuntzaren bidez, gure kultura ere transmititzen dugu. Horrekin lotuta, berebiziko garrantzia dauka herritar bakoitzari dagokion hizkuntzan zuzentzea. Urte batzuk igaro dira “EUSKALDUNARI EUSKARAZ. Bakoitzari berea” leloarekin kanpaina masiboa egin zenetik.

Gainera, horretan oinarritzen da kalitatezko zerbitzua: bezeroarekiko hizkuntzan, eta aitortu beharra daukagu aspaldian ari zaigula gizartea zerbitzuak euskaraz jaso nahi dituela eskatzen, eta eskaera horri ezin diogu uko egin.

Beraz, idatzi honetaz baliatuta, Euskadiko Kutxak gaur berretsi egiten du euskararen erabilera zaintzeko eta bultzatzeko konpromisoa, komunikazioetan, barruko harremanetan edo informazioaren sistemetan. Horretan dihardugu, urtero Euskararen Gestio-Planak garatuz eta zorroztasunez jokatuz.

Hala ere, euskarak gure beharra daukan tamaina berean, hiztunen beharra ere badauka. Babes publikoa eta pribatua ezinbestekoa da, baina ez nahikoa. Hiztunen leialtasunari esker iraungo du euskarak. Herriak berak erabili nahi ez badu, alferrik dira hizkuntza politika aktiboak. Hiritarrak baitu azken hitza.

Era berean, konpromisoen garaia den honetan, gure bezeroekin ditugun harremanetan euskararen presentzia ugaltzen ahalegin berezia egiten ari gara. Zuk ere bat egiten baduzu gure konporomiso horrekin, animatzen zaitugu zure bulegora jo eta Euskadiko Kutxatik jasotzen duzun idatzizko informazio oro EUSKARA HUTSEAn jaso dezazula eskatzeko. Gaur egun, 70.000 bezerok hartua dute konpromisoa, baina gutxienez 100.000ra heldu nahi dugu. Hori baino ez da euskarari etorkizunerako bide emateko jokabidea: gero eta gehiago izatea.

Aukera hau aprobetxatuz, Euskadiko Kutxak aldarrikatu nahi du, gaur ez ezik, urteko egun guztiek izan beharko luketela konpromiso egunak. Gaur aurrena, bihar hurrengoa... eta horrela egunero-egunero. Azken urteotan euskarak aurrera egin duen arren, begibistakoa da oraindik orain badagoela zer egina.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu euskararen aldeko konpromisoa guztiona dela, eta guztioi dagokigula euskararen aldeko konpromisoak hartzea euskararen normalizazioa lortu nahi bada. Horren eraginez, gure bezero euskaldun guztiak animatzen ditugu, gaurtik hasita, euskararen erabilera alor guztietara zabaldu dezaten, egunerokotasunean erabil dezaten eta Euskadiko Kutxarekiko harremanetan ere jokabide aktiboa erakutsi dezaten. Gu prest gaude elkarlanean jarduteko, eta zu?


Zein da zure erreakzioa?