Aurten ere curriculumik onena sarituko dugu
2017-04-17
Aurten ere curriculumik onena sarituko dugu
Humanitate, Kultura, Artea eta Gizarte Zientziak, Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak sarituko ditu.
Curriculumik onena sarituko dugu
Bi hamarkada bikaintasuna saritzen
Aurreko urteetan oso ospe eta garrantzi handiko lagunek hartu dute saria. Horren adibide dira, besteak beste, Julio Caro Baroja (duela 20 urtetik gora lehen saria jaso zuena), Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillida artistak, Joxe Azurmendi filosofoa, Francisco Etxeberria ikertzaile eta forentsea edo Mari Carmen Gallastegui ekonomiako katedraduna.Ikus daitekeen bezala, gure ingurunean eskura daitekeenik eta saririk ospetsuenetako bat da, eta dagoeneko irekita dago izena emateko epea. Apirilaren 30era arte, hautagaitza aurkez dezakete sari hori merezi dutela uste duten pertsonek nahiz horretarako egokitzat dituzten erakunde, unibertsitateko sail eta zientzia- eta kultura-entitateek.
Hautagaiak berak, institutuek eta unibertsitateko sailek edo departamentuek eta zientzia- eta kultura-entitateek aurkez ditzakete izen handiko sari hori jasotzeko hautagaitzak. Prozedura erraza da, nahikoa baita aurkezpen-eskutitza eta curriculum vitaea bidaltzea. Eusko Ikaskuntzak beretzat gordetzen du saritu gabeko hautagaitzak hurrengo urteetan aurkezteko aukera, eta irabazleak, berriz, Revista Internacional de los Estudios Vascosen (RIEV) bere merituak agertzeko artikulu bat idazteko konpromisoa hartzen du. Sariak 20.000 €-ko alderdi ekonomikoa ere badu eta uda aurretik jakinaraziko da, saria emateko ekitaldia udazkenean izango bada ere.
Eusko Ikaskuntza, ia 100 urte aurrerakuntzari eta ezagutzari emana
Datorren urtean Eusko Ikaskuntzak 100 urte beteko ditu. 1918az geroztik, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Aldundiek sortutako erakunde zientifiko eta kulturala euskal kulturaren zerbitzurako tresna izan da, eta gaur egun ere laguntzen jarraitzen du. Ekarpen baliotsuak egin ditu, eta horien artean azpimarragarriak dira Euskaltzaindiaren sorreran izan zuen egitekoa, euskarazko lehenengo eskola-testuak koordinatzea, euskal kultura sistematikoki artxibatzearen eta dokumentatzearen aldeko apustua, edota arkeologiako prospekzio-lanei laguntza ematea.Eusko Ikaskuntzaren historia aurrerakuntzaren eta ezagutzaren, memoria historikoaren eta arteen eta zientzien hobekuntzaren aldeko grinaren historia da. Beraren webgunean baliabide erabilgarriak aurki daitezke, hala nola Auñamendi Entziklopedia Digitala (euskal kulturaren ezinbesteko tresna), euskal kantutegia, 5.000 abesti baino gehiago biltzen dituena, eta XX. mendeko prentsan euskal kulturari buruz argitaratutakoaren bildumarik zabalena, 1900an hasi eta 1975era arte.
Zein da zure erreakzioa?