Ezer berririk ez…

Ezer berririk ez…

3 min.

Ezer berririk ez…

Etsigarria da ikustea, hilabeteak joan hilabeteak etorri, ez dagoela zer esan handirik egungo egoera ekonomikoaz, amildegi ertzeko bidetik ibiltzen segitzen dugula berrestea ez bada. Agerian gelditu denez, gobernuak hartu dituen neurriak ez dira nahikoak, eta arrisku-sariak inola ere onartu ezin den maila jo du. Kontua da “finantza-sistemak” eta “arrisku subiranoak” osatzen duten etengabeko kateak hautsi gabe eusten diola eta, sinesgarritasunari dagokionez, urrun baino urrunago gaudela egon nahi genukeen tokitik. Izan ere, itxura guztien arabera, krisiari eman beharreko “erantzunak” nazioz gaindiko erantzuna izan beharko du. Aski da euroaren eta dolarraren arteko truke-tasaren bilakaera ikustea, euroaren balio-galeraren arazoa Grezia, Portugal, Irlanda, Espainia eta Italiarena ez ezik Europa osoarena ere badela ondorioztatzeko. Argi dago, beraz, Alemaniak ere arazo handi bat duela esku artean eta arazoari eman beharreko irtenbideak europarra eta koordinatua izan beharko duela ezinbestean. Zeuen buruari galdetuko diozue ea zer egin daitekeen gauzak iraultzeko, eta guk uste dugu egiten ari direna baino askoz gehiago egin daitekeela transmititzen ari zaizkigun ezintasunezko sentimendu hori gainditzeko. Ulertzekoa da denbora pixka bat behar izatea arazoa behar bezala aztertzeko eta hari erantzun egoki bat emateko, baina izugarria da pentsatzea ia bi urte daramatzagula kontu honi, Batasunaren beraren zimenduak kordokan jar ditzakeen auzi honi, behar bezala ekin gabe.

Lehenik eta behin, Europako Banku Zentralak aurrera jarraitu beharko du ingurune honi egonkortasun finantzarioa emango dion politikarekin. Horrez gainera, zergak egokitzeko agenda “europar” koordinatu bat behar da abiarazi, batasun fiskalerako sarrera gisa. Horren helburua denboran gehiago luzatuko den egokitze-egutegi bat prestatzea izango litzateke, hura beteko dela bermatuko duten kontrol- eta gardentasun-mekanismoen bidez. Hori izango litzateke galdutako konfiantza berreskuratzeko lehen urratsa. Izan ere, ikusten ari garen moduan, euskarri gisa paper bat baino ez duten plan oldarkorrak bultzatzea ez da nahikoa horretarako. Gainera, tarte bat utziko genuke hazkunderako, egitura erreforma batzuk bultzatuz eta arazorik ez duten herrialdeetan, hala nola Alemanian, barne-eskakizuna sustatuz. Europako ekonomia berrorekatzeko ekimen hori ez litzateke inondik ere egun aurrera eramaten ari dena bezain gogorra izango. Gero, politika fiskal komun baterako bidean aurrera egin beharko litzateke, etorkizun hurbilean batasun politikoa lortzeko aurretiazko urrats bezala. Dena dela, batzuek urruti ikusten dute oraindik batasunaren auzia, Europako politikariek azkeneko bi urte hauetan izan duten jokabideari erreparatuz gero behintzat.

Laburbilduz, Europako proiektua sendotzea da irtenbidea eta hori gauza ona da inguruko herrialde guztientzat. Izan ere, joan den mendeko laurogeita hamarreko urteetatik 2007. urtera arte, egonkortasuna eta emaitza ekonomiko onak izan baditugu, Europako proiektuan parte hartu dugulako eta euroaren eremuaren barruan egon garelako izan da, eta hori hala aitortu beharra dago. Ezer berririk ez, beraz, hasieran genioen bezala. Bultzada bat besterik ez dugu behar, beraz, garrantzizko urratsa egin dezagun krisi honen konponbidean. Hori bai, urrats hori zer norabidetan egin garbi edukita. Gero, sektore pribatua bere immobilismotik ateratzea eta hezkuntza-eredua eta ekoizpen-ereduak aldatzea faltako da, elementu horietan oinarrituko baita, zalantzarik gabe, etorkizuneko hazkundea.

Euskadiko Kutxako Ikerketa Departamentuaren azterketa  da hau. Departamentu horrek boladan dauden gai ekonomikoei buruzko bere ikuspuntua eskainiko digu hilean behin.


Zein da zure erreakzioa?