Finantza etikoak eta Euskadiko Kutxa

Finantza etikoak eta Euskadiko Kutxa

3 min.

Finantza etikoak eta Euskadiko Kutxa

Groucho Marxek zioenez, “inteligentzia militarra” hitzak elkarren kontrakoak dira, eta “finantza etikoak” terminoaz ere iritzi berbera dute askok, finantza eta etiko hitzek antagonikoak baitirudite, egunero argitaratzen diren albisteen arabera. Usteak uste, etika eta portaera arduratsua Euskadiko Kutxaren ADNan daude hasieratik. Bada beste modu bat finantzekin negozioak egiteko.

Euskadiko Kutxaren, eta gainerako kutxa eta banku guztien, jardueren oinarria diruarekin bitartekari-lana egitea da. Baina negozio horretan, beste edozeinetan bezala, zentzuz, arduraz eta gizartearen onerako joka daiteke. Aberastasuna sortzea hartu behar da helburutzat, baita gure herrialdeko enpresa-ehunari kreditua ematea ere, enplegua sor dezan. Izan ere, kreditua inoiz baino beharrezkoagoa da gure enpresentzat. Baina ez da zilegi lan hori edonola egitea eta dirua kosta ahala kosta irabazten saiatzea. Horregatik,  gizarte-erantzukizunaren politika (PDF; 1,4 MB) eta enpresa-erantzukizunaren kodea (PDF; 82 KB ) ezarri ditu Euskadiko Kutxak, entitatearen oinarrizko balioak finkatzeko.

Horrela, adibidez, komunikazio-politikak legezkoa (arauak zorrotz betetzen dituena), argia (erraz ulertzeko modukoa, zalantzarik edo nahasmendurik sortu gabe), behar bestekoa (nahikoa informazio), objektiboa (irizpide subjektiborik gabe) eta gardena (inola ere ez engainagarria) behar du izan. Hori guztia bermatzeko, Autocontrolek, merkataritza-komunikazioa autoerregulatzen duen erakundeak, Euskadiko Kutxaren iragarki guztiak ikusten ditu, kaleratu baino lehen.

Jakin badakigu gure informazioa konplexua dela eta finantzen hizkuntza ulertezina izan daitekeela. Horregatik, eginahalak egin behar ditugu era guztietako jendeak uler dezan; gure euskarri guztietan eta aurrez aurreko harremanetan argi hitz egiten saiatu behar dugu.

Era berean, bezeroek ematen diguten informazioa oso pertsonala denez, konfidentzialtasunari eusteko konpromisoa hartzen dugu.

Kapital-zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa

Dirua delituak egiteko bidea izan daiteke. Azken finean, legez kontra eskuratutako dirua, batik bat kopurua handia bada, “zuritu” egin behar izaten da nola edo hala, jatorri legala duela pentsarazteko. Ildo horretan, finantza-entitateok, nahi gabe, delinkuenteen laguntzaile bihur gaitezke.

Beraz, Euskadiko Kutxan organo eta prozedura egokiak finkatu ditugu, kapitalak zuritzeko eta terrorismoa finantzatzeko erabil ez gaitzaten. Gai horretan, estatuko eta nazioarteko arauak betetzen ditugu, noski, baina erakunde prestigiotsuen gomendioak ere  geureganatzen ditugu. Gure lan-bazkideek, bezeroak ezagutzeko betebeharra betetzeaz gain, haiek emandako informazioa benetakoa dela egiaztatzeko neurriak hartzen dituzte.

Finantza etikoak

Banku etikoek inbertsio mota jakin batzuk besterik ezin ditzakete egin eskuratutako fondoekin. Inbertsio mota horien eragin soziala eta etikoa eztabaidaezinak dira. Euskadiko Kutxa ez da banku etikoa, oinarri etikoak dituen banku komertziala baizik. Hau da, ohiko enpresen edozein proiektu finantza dezakegu, eta produktu eta segmentu guztientzat egiten dugu lan. Baina horretan guztian helburu etikorik handienak lortzen saiatzen gara beti: adibidez, enplegua sortzen, arazoak dituzten enpresei laguntzen eta gu partaide gaituen MONDRAGON kooperatiba-ereduaren erroak tinko finkatzen.

Zorionez, ez gaude bakarrik; bidelagunak ditugu, gure konpromisoak betetzen laguntzen diguten adituak, alegia. Duela urte batzuk, hedadura handiko hitzarmena sinatu genuen  Fiare banku etikoarekin. Elkarren arteko aliantza bi finantza-entitateontzat da mesedegarria. Fiarek kontzeptu etikoei lotutako lidergoa jartzen du gure esku, eta guk ohiko banku-arloan ekinean daramatzagun hamarkadetan ikasitakoa eta gure finantza-egitura garatuagoa eskaintzen dizkiogu. Aipatutako trukean, Fiareren jokabidea barneratzen dugu, politika etikoak gure eguneroko zereginetan txertatuz. Fiarek, aldiz, mailarik goreneko finantza-laguntzailea lortu du, bere lana abantailazko baldintzetan gauzatu ahal izateko.

Jarrera errentagarria

Neurri horiek guztiak urtero argitaratu ohi dugun Enpresaren Gizarte Erantzukizunari buruzko txostenean daude zehaztuta. Bezeroek ez dute zertan sinetsi guk dioguna, baina txostenaren edukiak AENOR erakunde independenteak ikuskatzen ditu. Argi dago gardentasuna gure ezaugarri bereizgarririk garrantzitsuenetakoa dela.

Norbaitek, agian, etika negozio txarra dela pentsatuko du. Litekeena da jokabide eragozgarria iruditzea, eta kaltegarria emaitza-kontuarentzat eta jabeen interesentzat. Kasu honetan, hain zuzen, Euskadiko Kutxako langileak eta MONDRAGON taldeko kooperatibak dira jabeak. Dena den, gestio arduratsua berehalako irabazien eta oinarri sendorik gabeko hazkundearen gainetik jartzeko politika zorrotzaren ondorioak ez dira izan txarrak, inondik inora, Euskadiko Kutxarentzat. Jakinekoa denez, kalifikazio-agentziek kaudimenik handieneko entitateen artean kokatzen gaituzte behin eta berriro, gauzak egiteko modu horrek gure etorkizuna bermatzen duela egiaztatuz.

Hala ere, aitorpenik pozgarriena Stiga enpresak urtez urte egiaztatu duen ezaugarri bat da. Hainbat pertsona bidaltzen ditu bankuetara, zertara doazen esan gabe, bezeroek arretari buruz duten iritzia ezagutzeko. Azken hamar urteotan, bezeroei arretarik onena ematen dien Estatuko hiru bankuetako bat izan gara. Zer gehiago eska dezakegu?


Zein da zure erreakzioa?