Garraio publikoko istripuengatik erreklamatzea

Garraio publikoko istripuengatik erreklamatzea

2 min.

Garraio publikoko istripuengatik erreklamatzea

Demagun trenean lasai-lasai eserita goazela eta, bat-batean, goiko maletategiko poltsa batetik gauza astun bat erori zaigula buruan, beste bidaiari batek poltsa hori gaizki itxita utzi duelako. Kolpearen ondorioz, begi batean ubeldura atera zaigu eta lan egiteko erabiltzen ari ginen ordenagailu eramangarria hondatu egin zaigu. Zer egin dezakegu?  Nori erreklamatuko diogu? Nola?

Hasteko: abisua ematea

Susto handia hartu badugu ere, kontrolatzaileari (edo, hala badagokio, autobuseko gidariari) abisua eman behar diogu lehen lehenik, eta atestatua edo txostena egiteko eskatu. Txosten horretan istripuaren nondik norakoak jasoko dira, baita gure datuak eta istripuarekin zerikusia duen beste edozein pertsonarenak ere, hala nola gaizki itxitako maletaren jabearenak. Jatorrizko txostena gorde behar dugu eta ezin dugu ahaztu inplikaturiko pertsonaren eta kontrolatzailearen (edo autobus-gidariaren) datuak idaztea. Era berean, aseguruari erreklamazio bat aurkezteko asmoa dugula jakinaraziko diegu. Ahal badugu, komeni da gertaeraren lekukoak lortu eta txostenean haien testigantza ere jasotzea.

Garrantzitsua: txartela gordetzeaGure txartela gorde behar dugu, jakina, hori gabe ezin dugulako inolako erreklamaziorik egin. Edozein garraio publiko kolektibotako txartela erosten dugunean, bidaiarientzako derrigorrezko asegurua (BDA) ere kontratatzen ari gara. Horren prima txartelaren prezioan erantsita dago. Aseguru hori 1575/1989 Errege Dekretuaren bidez araututa dago eta honako hauek estaltzen ditu: “Ibilgailuari eragiten dion edo jatorria ibilgailuan duen talka, iraulketa, trenbidetik edo galtzadatik irtetea, atzetik jotzea, haustura, leherketa, sutea, erreakzioa, kanpoko kolpea edo beste edozein matxura edo anormaltasun dela eta bidaiariek jasan ditzaketen gorputz-lesioak”.

Hasieran planteatu dugun kasuan, BDAk ez lituzke kalte materialak estaliko (gure ordenagailua), objektu astuna erosi izanaren arrazoi bakarra beste bidaiari baten axolagabekeria izan delako, eta ez "ibilgailuari eragiten dion edo ibilgailuan jatorria duen matxura edo anormaltasuna" (behar baino azkarrago joatea, bat-batean frenatzea…). Ondorioz, maleta horren jabearekin ados jarri behar genuke, berak eragindako kaltearen konponketa bere gain har dezan, dagokion erantzukizun zibilaren arabera. Alegia, istripua garraio publikoan gertatu beharrean beste edonon gertatu izan balitz bezalaxe. Hortaz, beste pertsona horrek kontrataturik izan lezakeen erantzukizun zibileko aseguruak estali behar luke konponketa hori.

Zer estaltzen du konpainiaren derrigorrezko aseguruak?

Bidaiarientzako derrigorrezko asegurura itzuliz, esan dugun bezala, bidaiako istripuak eragindako osasun-kostuak estaltzen ditu (hau da, gorputz-lesioak), BOEn azaltzen den kalte-ordainen baremoaren arabera. Osasun-laguntza hori bidaiaren ondorengo 72 orduetan jaso behar dugu, erreklamatu ahal izateko. Bestalde, kalte materialengatiko konpentsazioa nahi badugu (adibidez, hondatutako ordenagailuagatik), garraio-enpresak izan behar duen zirkulazio-aseguruari (BDArekin bateragarria da) erreklamatu behar diogu.

Trenean, autobusean edo bestelako garraio publikoan (teleferikoak, funikularrak eta baita teleaulkiak ere halakotzat hartzen dira) goazenean gertatzen diren istripuak ez ezik, ibilgailuan sartu aurreko eta ondorengo uneetan gertatzen direnak ere estaltzen ditu BDAk, esaterako ekipajea sartzeko edo ateratzeko uneetan. Bestalde, RENFEk estaldura hori handitu egin du Renfe-Operadorak gestionatzen dituen geltokietan bidaiariek izan ditzaketen istripuen aurkako aseguru batekin.

Non erreklamatu behar da

Hasiera batean, istripua arina izan bada, garraio-enpresako bidaiarientzako arreta-bulegoan. Istripu larriagoetan, berriz, poliziari ere dei lekioke atestatua egiteko, eta ondoren salaketa aurkeztu enpresaren, gidariaren eta BDAren aseguru-etxearen kontra.

Epaiketara jo nahi ez badugu, beste aukera bat gure Autonomia Erkidegoko Lurreko Garraioko Arbitraje Batzordera jotzea da. Inoiz esan dugun bezala, arbitraje batera jotzeko ez dugu abokaturik behar (hala ere, lege-aholkularitza aditua izatea gomendatzen da beti) eta ebazpenak irmoak eta bete beharrekoak dira.


Zein da zure erreakzioa?