Zer egiten dugu hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren alde LABORAL Kutxan?

Zer egiten dugu hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren alde LABORAL Kutxan?

4 min.

Zer egiten dugu hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren alde LABORAL Kutxan?

Funtsezko oinarria da hezkuntza edozein gizarte eraikitzeko: mugikortasun sozioekonomikoa bultzatzen du, desparekotasun ekonomikoa eta genero-desparekotasuna gutxitzen ditu, eta funtsezko erreminta da halaber pobreziatik ateratzeko. Nazio Batuek funtsezko eskubide gisa onetsi zuten 1948ko aldarrikapen unibertsalean eta gaur egun "giza garapenaren ateak zabaltzen dituen pasaporte bat" dela diote. Beraien iritziz gizarte baten aurrerabide ekonomiko eta jasangarria hezkuntza baliatzeko oztopoak desagerrarazten dituzten politika publikoak ezartzeko gobernuek duten gaitasunaren mende dago, gero eta gehiago. 1985 eta 2005 bitartean 114 herrialdetako datuak aztertu zituen azterlan baten arabera, hezkuntza-urte bat gehiago izateak 1,4 puntuan gutxitzen du Giniren koefizientea, desparekotasuna kalkulatzeko erabiltzen den aldagaia.

Zorionez, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira mundu osoan azken hamarkadetan.  Garapen-bidean dauden herrialdeetako lehen hezkuntzako matrikulazioa % 91ra iritsi da. Eta lehen hezkuntzako eskolara ez doazen haurren ehunekoa ia erdira murriztu da Saharaz hegoaldeko Afrikan, eta % 20tik % 6ra igaro da Hego Asian. Baina oraindik ere eskolatu gabeko 57 miloi haur daude, eta gutxieneko alfabetatze-mailarik ez duten 600 milioi gazte baino gehiago. Gainera, garapen-bidean dauden herrialdeen heren batek ez du genero-parekotasuna lortu, ezta lehen mailako irakaskuntzan ere.

 

Horregatik, egiteko asko geratzen delako, Garapen Jasangarrirako laugarren Helburuan NBEk mundu osoko erakunde eta administrazioei eskatzen die hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta kalitatezko bat bermatu dezatela, eta bizitza osoan zehar eta pertsona guztientzat ikasteko aukerak sustatu ditzatela. Helburu hori baliagarria zaigu iraila –noiz bestela?– gure egutegian nabarmentzeko, eta oso serio hartzen dugu hori LABORAL Kutxan. MONDRAGON taldean integratutako kooperatiba garenez, gure historia eta gure balioak hezkuntzari sakon lotuta daude.

MONDRAGON, hezkuntzari lotutako jatorri historikoak

Hezkuntza eta ezagutza ezin dira MONDRAGON esperientzia kooperatibotik banandu; LABORAL Kutxa proiektu kooperatibo horren zati da eta nazioarteko hainbat hedabidek, hala nola New York Times egunkariak edo New Yorker aldizkariak, munduko gizarte-berrikuntzako ekosistema kooperatibo handiena dela adierazi dute.

 

Enpresa eraldatzaileenen “Change the world” rankingean 2020. urtean hamaikagarren postuan zegoen esperientzia kooperatibo honen jatorriak gaur egun MONDRAGON Goi Eskola Politeknikoa deritzogunaren sorrerari lotuta daude. Jose Maria Arizmendiarrietak sortu zuen eskola profesional hori, bertan prestatu ziren lehenengo kooperatibistak eta handik atera ziren lehenengo kooperatibak. Arizmendiarrietak berak esaten zuenez, zeinak uste baitzuen “hezkuntza ordena sozial, humano eta justu berri bat sustatzeko euskarri natural eta ezinbestekoa” zela, MONDRAGON esperientzia kooperatiboa ez da hezkuntza bere garapeneko erabiltzen duen mugimendu ekonomiko bat, baizik eta “hazteko asmoz ekonomia erabiltzen duen hezkuntza-mugimendu bat".

Ezagutza, MONDRAGONen 4 zutabeetako bat.

Denborak aurrera egin arren, hezkuntzak ez dio erdigune izateari utzi MONDRAGONen. Industriako, banaketako eta finantzetako arloez gain –LABORAL KUTXA arlo horietan sartuta dago–, beste laugarren arlo bat du korporazioak, ezagutzarena, non taldeko unibertsitatea bera (Mondragon Unibertsitatea), hainbat eskola (Arizmendi Ikastola, Politeknika Txorierri eta Lea Artibai), 12 zentro teknologiko eta I+G+Bko hainbat unitate biltzen diren.

Hezkuntza-politikak betiere herrialdeak garatzeko gakoak diren bezalaxe, MONDRAGONen industria-sektoreari eta kooperatibei eragiten dien eta haien arrakastaren zati handi baten euskarri-lanak egiten dituen palanka da ezagutzaren arloa.  2022an, 393 patente-familia zituen indarrean eta urte horretan bertan 174 milioi euro inbertitu zituen I+G+Bari lotutako gastuetan. Ahalegin horrek eraman du MONDRAGON arlo berritzailean duen egungo lidertza-posiziora.

Hezkuntza LABORAL Kutxan

Eta hezkuntza, ikaskuntza, berrikuntza eta ezagutza erdigune badira MONDRAGONen, halaxe dira halaber LABORAL Kutxan, sare kooperatiboa babesteko sortu baitzen eta sare hori garatzeko finantza-tresna izaten jarraitzen baitu oraindik ere. Kreditu-kooperatiba garen aldetik urtero gure mozkinen % 25 sozietatean inbertitzen dugu berriz, eta, beste zenbait helbururen artean, sare kooperatiboa, gizarte-ekonomia eta MONDRAGONen zati diren hezkuntza-zentroak eta teknologia-zentroak babestera bideratzen dira mozkin horiek. Zenbait tresna eta proiektu ditugu horretarako eta haietako garrantzitsuenetako bat KHSF-FEPI Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapenerako Funtsa da, hain zuzen ere, eta sozietatean berriz inbertitzen den zenbateko osoaren % 10 bideratzen da bertara. 2022. urtean 8,68 miloi euro izan zen kopuru hori.

Urte horretan bertan, gure Jasangarritasun Memorian jasotzen denez, 31 milioi euro bideratu zituen LABORAL Kutxak hezkuntzarekin, kulturarekin, osasungintzarekin eta ikerketarekin lotutako proiektuak finantzatzera. Eta sozietatera bideratutako 18,8 milioi euroko zenbatekotik, zati handi bat hezkuntzarako eta ezagutzarako izan zen. Gainera, akordioak ditugu gure inguruneko hainbat unibertsitaterekin, adibidez Mondragon Unibertsitatearekin duguna unibertsitate-ikasketak finantzatzeko, banakako zein nazioarteko ikastaroetarako zein gradu-ikasketa, master eta graduondokoetarako.

Hezkuntza kooperatiboaren, eta zuzendaritzen eta zuzendarien prestakuntzaren garrantzia.

LABORAL Kutxan Hezkuntza Kooperatiboko prestakuntza-programak ere eskaintzen ditugu ahalegin kolektiboaren, lankidetzaren eta berdintasunaren balioak indartzeko, balio horietan sinesten dugulako; bazkideen nortasun kooperatiboa finkatzeko; eta sozietate-inkorporazio berrien integrazio eta inplikazio sozio-enpresariala bultzatzeko.

Barne-prestakuntza gai bereziki esanguratsua da sare kooperatibo guztirako. Erakundean esperientzia duten pertsonek hartu ohi dituzte azkenean beren gain zuzendaritza-lanak kooperatibetan, eta behar bezala prestatuta egotea eskatzen die horrek. Horregatik, 1985ean, LABORAL Kutxak Otalora sortu zuen, izen bereko dorretxean, zuzendaritzak eta zuzendariak prestatzeko zentro bat, gaur egun MONDRAGONen integratuta dagoena.

Genero-arrakala desagerrarazteko eskola bat

Ahalduntze Eskola bat daukagu LABORAL Kutxan, eta azken urteotan emakumeei erremintak emateaz arduratu da, zuzendaritza-postuetan sartu daitezen eta, horrela, erakundearen barruan genero-arrakala gutxitu dadin. Horrela lortu dugu Espainian Administrazio Kontseilu (Kontseilu Errektore) parekide batekin diharduen lehen bankua izatea.

Hizkuntzei eta finantza jasangarriei buruzko ikastaroak

Uste dugu gure bezeroei zerbitzu onena ematen jarraitzeko modurik onena gure etengabeko prestakuntzaren aldeko apustua egitea dela, errealitate teknologiko, ekonomiko eta sozial berrietara egokituz. Horregatik, gure historian zehar, gure bazkideei lagundu egin diegu hizkuntzen ikaskuntza hobetzen –euskarari arreta berezia emanez– eta Banka Arduratsuaren Printzipioekin dugun konpromisoaren zati gisa, gure plantillari finantza jasangarriei buruzko prestakuntza ematen hasi gara.

 Prestakuntza, Gaztenpresaren arrakastaren gakoetako bat

Eta, hezkuntzaz eta prestakuntzaz ari garela, ezin dugu aipatu gabe utzi Gaztenpresa Fundazioak egiten duen lana, zeina irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu bat den, LABORAL Kutxaren gizarte-lanaren arlokoa, eta enpresak sortuz enplegua sortzeko ekintzak garatzen dituen. Sortu zenetik 6.200 enpresa baino gehiago gauzatzen lagundu du, eta 11.400 lanpostu baino gehiago sortu dituzte enpresa horiek. Horretarako gakoetako bat zera izan da, ekintzaileei baldintza berezitako finantzaketa emateaz gain haiei laguntza eta prestakuntza ematea; beren negozioen arrakasta-posibilitateak handitzeko beharrezkoak dituzten bi prozesuak, hain zuzen ere. Gaztenpresak kultura ekintzailea eta enplegurik gabeko pertsonak lan-merkatuan sartzea bultzatu du, eta sare sozioekonomiko bideragarria, bidezkoa eta berdintasunezkoa indartzen lagundu du.

Gainera, duela 15 urtetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearekin elkarlanean ari gara beren negozio-ideiak enpresa-proiektu bihurtu nahi dizuten emakume ekintzaileentzako programa batekin. Orduz geroztik, Emekin programak ehunka emakume prestatu ditu eta dozenaka enpresa martxan jartzen lagundu du, emakume ekintzaileei era guztietako tresnak eskainiz, hala nola laguntza integral pertsonalizatua genero ikuspegia aintzat hartuta, ekintzailetzari buruzko tailerrak, enpresa-gaitasunei buruzko prestakuntza, eta bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea errazteko zerbitzuak.

Finantza-hezkuntza pertsonei erabaki hobeak hartzen laguntzeko

Baina MONDRAGONen ezagutza-ekosistema finantzatzeaz gain, gure gizarte-inbertsioaren zati bat hezkuntza babestera bideratzeaz gain eta erakundearen barruan prestakuntzaren aldeko apustua egiteaz gain, gizartearen finantza-hezkuntza hobetzen lagundu nahi dugu LABORAL Kutxan.

Pertsonak informazioan oinarritutako erabakiak hartzeko gai izan daitezen nahi dugu, eta erabaki horiek dakartzaten arrisku eta aukerez jabetu daitezen. Horrela, aurrezpena eragitea eta gastuaren plangintza egitea bultzatuko duten portaerak sustatzea espero dugu, baita gainzorpetzea saihestea lortuko dutenak ere.

Gure finantza-hezkuntzako politika ELGAren irizpideetan oinarrituta dago, hau da, gardentasunez eta merkataritza-helbururik gabe egiten da, erraz ulertzeko moduko hizkuntzan, eta xede duten publikora egokitutako eduki eta metodologiekin. Biztanleriaren segmentu espezifikoei zuzendutako hainbat ekimen egiten ditugu, hala nola haurrei zuzendutako LKra Bisitan programa, unibertsitate-ikasleentzako oinarrizko finantzen Finantzargi ekimena, edo desgaitasuna duten pertsonentzako finantza inklusiboetako gure hezkuntza-programa.

Informazio ekonomiko gardena, erabilgarria eta gizartearentzako sinesgarria

Gizartearen zerbitzurako erreminta erabilgarria izan nahi dugu LABORAL Kutxan. Gure Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ekonomiari buruzko perspektiben txosten bat lantzen du urtero, eta beste txosten bat aurreko urteko ekonomiaren bilakaerari buruzkoa. Eta hiru hilabetean behin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek eta enpresek ekonomian duten konfiantza neurtzen duten bi indize argitaratzen ditugu.  

 Ahalegin etengabe bat gizarte prestatuagoa eta hobeto informatutakoa lortzeko

Hezkuntzaren sustapenarekin, prestakuntzarekin, ezagutzarekin eta ikaskuntzarekin dugun konpromisoak mota guztietako ekimenak babestera eraman gaitu, hala nola Gasteiz Save the Children fundazioak eta MondragonLingua taldeak euskara ikasteko antolatzen dituzten ikastaroak edo bokazio zientifikoak sustatzeko First Lego League Euskadi eskola-lehiaketa, baita mota guztietako gizarte-eragile eta erakundeekin lankidetzan aritzera ere. 2022an, adibidez, lankidetzan aritu ginen, besteak beste, Ikaslan Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartearekin, Lea Artibaiko eskualdean prestakuntzako, ikerketako eta garapeneko ekimenak sustatzen dituen Azaro Fundazioarekin, eta Bizkaiko lurralde historikoan gauza bera egiten duen irabazi-asmorik gabeko WORKLAN Bizkaia elkartearekin.

Euskara ikasteko arreta bereziarekin lotutako maileguak

Hezkuntzarekin eta ikaskuntzarekin lotutako baliabideak garatzen lagundu dugu LABORAL Kutxarentzat oso garrantzitsua den esparru batean, euskararen esparruan, hain zuzen ere. Hainbat erreminta jarri ditugu eskueran, hala nola online doan kontsultatu daitekeen gaztelania-euskara Zehazki hiztegia, Joan Mari Torrealdai soziologoaren euskal kulturari eta literaturari buruzko Euskal Kultura Gaur eta Euskal Idazleak Gaur lan monografikoak, eta Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren hamaika bolumenak.

LABORAL Kutxaren babesa izan duten proiektuetako batzuk besterik ez dira horiek, ezen MONDRAGON bezalako proiektu hain berritzaile eta hezkuntzari hain lotutako batean integratutako kreditu-kooperatiba denez, LABORAL Kutxa beti egongo da gizarte informatuago eta hobeto prestatutako baterantz aurrera egiteko lan egiten duten erakunde, instituzio eta gizarte-eragileen ondoan, NBEk Garapen Jasangarrirako 4. Helburuan eskatzen duenari jarraikiz. Horrela baino ez dugu lagunduko etengabeko ikaskuntza eta hezkuntza eskuratzeko aukera bermatzen, bizi osoan zehar eta pertsona guztientzat.

 


Zein da zure erreakzioa?