Internet bidez ikastea

Internet bidez ikastea

3 min.

Internet bidez ikastea

Internet jaio zenean, 70. hamarkadan, bere helburua Estatu Batuetako unibertsitateetako ordenagailuak lotzea zen. Ezagutzea banatzea, alegia, eta ez, mitoak dioen moduan, militarren zentroak gerra nuklearretik babestea. Bi hamarkada geroago, Tim Berners-Lee fisikariak Sarea asmatu zuen, hango eta hemengo zientifikoek munduko esperimenturik handienean elkarrekin lan egin zezaten (LHCa edo Hadroi Kolisore Handia) eta dokumentazioa erraz-erraz eta hainbat arinen konpartitu zezaten. Beraz, salgai dagoen edozer aurkitzeko lekua baino lehen, internet ezagutza elkarbanatzeko lekua izan zen. Zorionez, gaur egun ere horixe izaten jarraitzen du.

Ba ote da interneten ikasi ezin litekeen ezer?

Interneten sekulako aukerak daude ikasteko. YouTuben, adibidez, nonahi aurkitu daitezke era guztietako bideo tutoretzak (papiroflexia interesatzen zaizu?, Hungariako dantzak?, errezeta gordin-beganoak?). Ikasteko aukeren beste adierazgarririk ere bada. 2010ean, ikerketa batek zera frogatu zuen, egungo dantza hiritarrak inoiz izan duen bilakaerarik handiena duela gaur egun, dantzariek internet bidez haien ezagutza konpartitzen dutelako. Sareari esker, sortzen dituzten mugimendu berriek kontinente batetik bestera jauzi egiten dute eta erritmo desberdinetara moldatzen dira.

Munduko unibertsitate onenak ere Sarera hurbildu dira haien ezagutzeko zabaltzeko. Era guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte, ikasten jarraitu nahi duen edonorentzat. Hortxe daude unibertsitate irekiak, ikasgelara joan ezin dutenentzat (denbora falta zaielako edo urrun bizi direlako, adibidez). Abantaila ugari dituzte, baita hezkuntza tradizionalaren desabantailak ere: inguru itxiegiak dira eta kanpoan jende asko uzten dituzten tasak ordaindu behar izaten dira. Horregatik, nahi duenak ikasteko aukera izan dezan sortu dira MOOC izeneko ikastaroak. Ingelesezko Massive Online Open Course lokuziotik datorkie izena, euskaraz Online Ikastaro Ireki Masiboak lirateke eta ezagutzaren arloan iraultza izugarria ekarri dute.

Zertan datza MOOC ikastaroen iraultza?

MOOC ikastaroek ez dute mugarik ikasle kopuruari dagokionez, horregatik esaten da masiboak direla. Doan eskaintzen dira eta irakasle-ikasle arteko harreman berria proposatzen dute, hierarkikoa eta goitik-beherakoa izan beharrean horizontala eta ikasi nahi duten guztien artean berdintasuna bultzatzen duena. Foroetan eta elkarrizketarako espazioetan sortzen den komunikazioari esker, ezagutza aberastu egiten da eta baliogarriago bihurtzen da.

Mundu osoko lehen mailako unibertsitateak hasi dira MOOC ikastaroak ematen. Hortxe, adibidez, eta besteak beste, Stanford-eko unibertsitatea (Google-n jaiotza ikusi zuena). Eta hortxe baita Coursera izeneko proiektu digitala ere. Meta-unibertsitate moduko bat da Coursera, mundu guztiko erakundeek haien ikastaroak online emateko sortua. Antzeko beste proiekturik ere bada, tartean Udacity eta Edx izenekoak.

Beste erakunde batzuek bi sistema nahasi dituzte: ikastaroa doan ematen dute baina ziurtagiria nahi duenak ordaindu egin behar du. Ezagutza, beraz, edonoren esku dago baina ezagutza hori egiaztatu nahi duenari kobratu egiten zaio eta trukean, unibertsitateak sinatutako agiria ematen zaio. Ikasleen %10 inguruk bukatzen dituzte ikastaro hauek, izan ere, doakoak direnez, askok izena ematen dute, baina berehala uzten dituzte, lehen astean bertan gehienek.

Gure inguruko unibertsitateak ere hasi dira haien ezagutza zabaltzeko bide honetan, tartean, Mondragon Unibertsitatea. MONDRAGON Korporazioaren parte den neurrian, MUk LABORAL Kutxaren laguntza ere badauka, Korporazioko beste ikasketa zentro guztiek bezala, eta 2015etik hona MOOC ikastaroak ere eskaintzen ditu. Momentu honetan, ikasleek honako ikastaro hauen artean erabaki dezakete: ‘Hacking etikoa 1 y 2’ eta ‘Kooperatiben kudeaketarako gakoak 1 eta 2’.

Finantza arloko kultura zabaltzeko konpromisoa daukagu

LABORAL Kutxa kreditu kooperatiba gisa sortu zenean, bere helburua beste kooperatiba batzuei laguntzea zen, gure inguruan lana eta aberastasuna sortu zezaten. Baina hori ez da gaur egun daukan helburu bakarra. Euskararen normalizazioa bultzatzeko konpromisoa daukagu ere badaukagu, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiten dugu eta finantza arloko kultura zabaltzen saiatzen gara, ekonomi arloan erabakiak hartu behar dituztenean, herritarrek ahalik eta informazio osatuena izan dezaten.

Horretarako, tresna bat baino gehiago daukagu. Gure blogean, adibidez, LABORAL Kutxaren jardunari buruzko informazioa emateaz gain, finantza arloko edukiak argitaratzen ditugu. Autonomoek dituzten zerga arloko kitapenak, nori komeni zaion BGAE bat kontratatzea, zeintzuk diren online bankan aritzeko hartu beharreko segurtasun neurriak edo ze gastu hartu behar diren kontutan haurtxo bat daukagunean.

Eduki horietatik arrakasta gehien dutenak aukeratzen ditugu eta paperezko aldizkarian argitaratzen ditugu, LABORAL Kutxaren 300 bulegoetan banatzeko. Gure asmoa, herritarrei laguntzea da, daukaten dirua gehien komeni zaien moduan gastatu dezaten. Zoriontsuen egingo dituen eran, alegia.


Zein da zure erreakzioa?