‘Zabaldu iturria’ eta lagundu Mundukideri Mozambikeko kanpainan

‘Zabaldu iturria’ eta lagundu Mundukideri Mozambikeko kanpainan

3 min.

‘Zabaldu iturria’ eta lagundu Mundukideri Mozambikeko kanpainan

Mozambike munduko laugarren herrialde pobreena da. Marrupan, bizi-itxaropena 44 urtekoa da eta familia askok 100 euro dituzte urte osorako. ‘Zabaldu iturria’ eta lagundu Mundukideri Mozambikeko kanpainan.

Herrialdearen iparraldean dagoen eskualde horretan 58.700 lagun bizi dira batez ere nekazaritzatik. Mikrokredituak lortzen lagundu nahi diegu, ur-ponpak erosi eta euren laborantza hobetu dezaten. Lagun dezakezulakoan bazaude,  Mundukide Fundazioari buruz hitz egin nahi dizugu. Gobernuz kanpoko erakundea da, Hegoaldeko herrialdeei laguntzea helburu duena, MONDRAGON Korporazioan ondoen egiten dakiguna eginez, lankidetzan arituz. Izenak berak dio: Mundukide, munduko kide.

‘Zabaldu iturria’ eta lagundu Mundukideri Mozambikeko kanpainan

Esperientzia kooperatiboa partekatzea

Mediku talde batek gizateriaren bizi-baldintzak hobetzen laguntzea erabakitzen duenean mediku-laguntza eta laguntza humanitarioa emateko GKE bat sortzen du. Halaber, naturala da nazioarteko lankidetzan sinesten duen ingeniari talde batek teknologia behar dutenen esku jartzeko erakunde bat sortzea, edota hainbat kazetarik munduan prentsa-askatasuna sustatzeko elkartea sortzea. Era berean, kooperatiben elkarte batek, esaterako, LABORAL Kutxa kide denak, 1999an eratu zutenetik enpresa sozialak sortzearen alde lanean diharduen eta eredu kooperatiboa garapenerako erreferentzia gisa sustatzen duen fundazio bat laguntzen du.

Gaur egun, fundazioak bi ildo jorratzen ditu. Batetik, hainbat programa antolatzen ditu kooperatibismoaren balioekin bat egiten duten eta MONDRAGONen Esperientzia Kooperatiboarekin identifika daitezkeen talde edo kolektiboekin, hala nola, prestakuntzako, laguntza teknikoa emateko eta erakundeak sendotzera bideratutako programak. Bestetik, hasieran aurreratu dizugunez, Mundukide Mozambiken ari da lanean 2002. urtetik, zonaldeko oinarrizko azpiegiturak eta tokiko nekazaritzaren garapena sustatzen, betiere eredu kooperatiboa erreferentziatzat hartuta.

Orain arte egin dutena kontatuko dizugu, aurtengo kanpainan laguntzeko aukera kontuan har dezazun.

Mundukidek Mozambiken orain arte egin duena

Mundukide fundazioa Marrupara iritsi zenean (Mozanbiqueko lau zonaldetan ari da Fundazioa lanean gaur egun eta hori izan zen lehena) izugarrizko gosete-egoera aurkitu zuen bertan.
  • Epe luzeko arrazoiak: Tokiko nekazaritzan ez zuten merkatura bideratzeko soberakinik ekoizten. Eredu autarkikoa zen, norbere kontsumorako bakarrik ekoizten zuten, eta ondorioz, edozein gorabeheraren aurrean nekazariak oso egoera ahulean zeuden.
  • Epe laburreko arrazoiak: Eskualdean hainbat urteko lehortea pairatu zuten. Etxeetan jatekoa falta zen, eta ekonomikoki ondoen zeuden nekazariak, gainontzekoei kreditua emateko moduan egon ohi zirenak, erreserbarik gabe gelditu ziren.
Egoera horretan, laguntza zuzena ematea ez zela konponbide egokia erabaki zuen fundazioak, izan ere, kanpoko laguntzarekiko menpekotasuna eragin baitzezakeen horrek eskualdeko ekonomian. Hori egin beharrean bi egitasmo eraman zituen aurrera:
  • Mikrokredituen programa jarri zuen abian. Jatekoa kreditura ematen zuten nekazariak zeudenez eskualdean, Mundukidek lagundu egin zien lan horretan jarrai zezaten. Lehenengo produktuak eman zizkieten, eta gero, dirua utzi. Bi fasetan egin zen hori: hasteko, diru hori produktuekin itzul zitekeen; gero, dirua mailegatu eta itzultzeko programa jarri zen abian. Programak % 90eko itzultze-tasa du, inguruko onena, eta 2006tik 2010era haurren desnutrizioa % 30 jaistea lortu du.
  • Aldi berean, zonaldeko nekazaritza familia-kontsumora ez mugatzeko xedearekin lan egin zuen Mundukidek. Horretarako, teknologia hobekuntzak ezarri eta merkatura bideratzeko soberakinak sortzea lortu behar zen. Programaren emaitzak nahiko esanguratsuak dira: merkatura bideratutako landaketen ehunekoak 11 puntu egin du gora 1999tik 2009ra. Horrenbestez, merkaturako soberakinak sortzen herrialdeko hamargarren eskualdea izatetik zazpigarrena izatera igaro da Marrupa.
Aurten, ‘Zabaldu iturria’ programak lan horretan sakondu nahi du.

Mundukidek Mozambiken hemendik aurrera egin nahi duena

Aurten, Mundukidek ‘Zabaldu iturria’ kanpaina jarri du abian, mikrokredituen programarekin aurrera jarraitu eta Mozambikeko nekazaritza hobetzen laguntzeko dohaintzak biltzeko. Jasotako dirua ur-motoponpak erosteko erabiliko da, kanpainaren izenak adierazten duenez. Baina ez da zuzeneko laguntza bat. Esan dizugunez, tokiko baliabideak sendotzea da Mundukideren asmoa, horretan sinesten baitu, eta beraz, zure dirua ur-motoponpak erosiko dituzten nekazariei kreditu txikiak emateko erabiliko da. Ur-motoponpak funtsezkoak dira uzta hobeak lortzeko, eta horrela, bide batez, eman zaien kredituaren dirua itzuli ahal izango dute. Modu horretan, eskualdearen ekonomia hobetu eta gosetearen, desnutrizioaren eta ekonomia-mendekotasunaren arazoak murriztuko direla uste du Mundukidek.

Zure esku dago: ur-tanta bat ematea eskatzen dizugu, itxaropen-itsaso bilakatzeko.

Nola lagun daiteke?

Galdera hori egin baduzu, lehenik eta behin eskerrik asko beste batzuek euren garapena hobetzeko modua bila dezaten laguntzeagatik, eta eskerrik asko Mundukideren mikrokredituen programan konfiantza izateagatik. Eta orain, datuak. LABORAL Kutxaren edozein sukurtsaletara joan zaitezke, edo zuzenean transferentzia egin ireki dugun kontura:
LABORAL Kutxa: 3035 0001 56 0010122192
Ekarpen bakarra egin dezakezu (20, 50 edo 100 euroko zenbatekoak proposatzen dira, baina zuk ahal duzuna eta nahi duzuna eman dezakezu); edo nahiago baduzu, hileko edo urteko ekarpenekin lagun dezakezu. Gogoratu, Errenta-aitorpena egitean, zerga-erregimenaren arabera, zure ekarpenaren % 20 eta % 30 artean kengarria dela.

Mundukideri eta bere proiektuari buruz gehiago jakin nahi al duzu?

Galderak egin ditzakezu bere web-orrialdean edo sare sozialetan dituen profiletan  (Twitter, Facebook, Youtube eta Flickr).

MUNDUKIDE


Zein da zure erreakzioa?