Kontratu-motak: praktiketako kontratua
2016-05-11
Kontratu-motak: praktiketako kontratua
Kontratu mugagabea, aldi baterako kontratua, frankizia-kontratua eta, orain, prestakuntza eta ikaskuntzarako kontratua. Espainian 40 kontratu-mota baino gehiago daude eta gure blogean lau horiek berrikusiko ditugu. Gaur praktiketako kontratuak aztertuko ditugu, prestakuntza alorrekoak izan arren, prestakuntza eta ikaskuntzarako kontratuak baino harago baitoaz. Izan ere, horien helburua ez da kontratua sinatzen duena prestatzea, lanbide-esperientzia bereganatzen duela bermatzea baizik. Gainera, ez daude ikasten jarraitzen duten pertsonentzako pentsatuta, beren ibilbide akademikoa amaitu dutenentzat eta lan-munduan hasi behar dutenentzat baizik.
Praktiketako kontratuen ezaugarri nagusiak
- Kontratua sinatzeko ezinbestekoa da unibertsitateko titulua edo erdi-mailako edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulua izatea. Ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren batek edo goi-mailako lanak betetzea ahalbidetzen duen profesionaltasun-ziurtagiriren batek ere balio dezake.
- Nolabaiteko korrelazioa egon behar du ikasketa-tituluaren eta gauzatuko den lanaren artean. Kazetaritza-gradua duen pertsona batek, esaterako, ezin izango du galdategi batean lan egiteko praktiketako kontratua izan.
- Kontratuak 6 hilabeteko iraupena izango du gutxienez, eta bi urtez luzatu ahal izango da, gehienez ere, titulu bakoitzeko. Hala, pertsona batek ezin izango du titulu bakoitzarentzat xedatutako bi urte horiek baino denbora gehiagoko praktiketako kontratua izan enpresa berean edo beste batean. Gainera, pertsona berak enpresa batean baino gehiagotan izan ditzaketen praktiketako kontratu guztien batura hartuko da kontuan. Eta kontratu hori abian den bitartean, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran, haurdunaldiko arrisku-egoeran, amatasun- edo aitatasun-egoeran, edoskitzaroko arrisku-egoeran, adopzio- edo harrera-egoeran badago, haren iraupenari dagokion zenbaketa eten egingo da denbora-tarte horretan.
- Kontratua ikasketak amaitu eta hurrengo bost urteetan bakarrik egin daiteke, zazpi urte desgaitasuna duten pertsonen kasuan. Ikasketak atzerrian egin badira, bost urte horiek ikasketak Estatuan baliozkotzen diren momentutik aurrera hasiko dira zenbatzen. 30 urtetik beherakoen kasuan ez da aintzat hartuko ikasketak noiz amaitu dituen.
- Ez dago adin-mugarik modalitate horren bitartez kontratatzeko.
- Soldata: lehenengo urtean, soldata ez da sektore horretan indarrean den hitzarmenean eginkizun berdina edo antzekoa betetzen duten langileentzat zehaztutako soldata baino % 60 txikiagoa izango.Bigarren eta azken urtean, kantitate hori % 75ekoa izango da. Ez da lanbide arteko gutxieneko soldatan hitzartutakoa baino gutxiago ordainduko, praktiketako kontratua partziala denean salbu. Kasu horretan, soldata proportzionalki aplikatuko da, enpresarekin hitzartutako lanaldiaren arabera.
- Kontratu guztietan bezala, frogaldi bat egongo da. Frogaldi hori hilabete batekoa izango da langileak erdi-mailako titulua edo 1. edo 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria badu, eta bi hilabetekoa unibertsitateko titulua edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria badu.
- Bi urte horiek igaro eta kontratua desegiteko berariazko eskaerarik egiten ez bada, zure kontratua automatikoki luzatuko da, modu mugagabean.
- Kontratua amaitzean −gehieneko iraupena bete delako edo luzapenik adostu ez delako−, langileak ez du kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik izango. Dena den, eta kontratuaren iraupena urtebetetik gorakoa izan bada, enpresak hura amaituko dela jakinarazi beharko du 15 egun lehenago, gutxienez. Bestela, enplegatuak dagokion soldataren kalte-ordain baliokidea kobratzeko eskubidea izango du.
- Praktiketako kontratuek langabeziara kotizatzen dute, eta beraz, kontratua amaitu ostean, langileak langabeziako prestazioa kobratzeko eskubidea izango du behar adina kotizatuz gero (360 egunez kotizatu behar da, gutxienez, eskubide hori izateko).
Praktiketako kontratuak egiten dituzten enpresentzako abantailak
Praktiketako kontraturen bat egiten duten enpresek ere zenbait abantaila izango dituzte: nabarmenena, etengabe azken ezagutzekin prestatutako langile berriak izateko aukera; gainera, nahi izanez gero, horiek enplegatzen jarraitzeko aukera duzu.Hori gertatzen bada, hau da, praktiketako kontratua kontratu mugagabe, lanaldi osoko kontratu edo lanaldi partzialeko kontratu bihurtzen bada, enpresak hobaria jaso ahal izango du Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotetan; hobari horren bitartez, enpresa horrek 500 euro irabazi ahal izango ditu, urteko, hiru urtetan zehar.
Enplegatutako pertsona emakumea bada, kantitate hori 700 eurotara igotzen da urte bakoitzeko. Eta kontratua sinatzean 30 urte baino gutxiago baditu (35 urte % 33ko desgaitasun aitortuak edo handiagoak dituzten pertsonen kasuan), enpresak % 50 murriztu ahal izango du Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota. Gainera, enplegatutako pertsona Gazteen Bermerako Sistema Nazionalaren onuraduna bada, % 50eko hobaria aplikatuko da, lehen aipatutako murrizketaz gain.
Zein da zure erreakzioa?