Kostu ekonomikoa eta giroa ikastetxea aukeratzeko garrantzi handiena duten alderdiak
2018-09-25
Kostu ekonomikoa eta giroa ikastetxea aukeratzeko garrantzi handiena duten alderdiak
Oso gai gutxik kezkarazten gaituzte hezkuntzak bezainbeste. Logikoa ere bada, hein handi batean hezkuntzaren menpe egongo delako gure laneko eta bizitzako etorkizuna. Horregatik, lehenengo eta bigarren hezkuntzan neska-mutilek jasotzen duten heziketari buruzko iritzia jaso nahi izan dugu LABORAL Kutxan.
Ez dugu edukiak ikastera mugatu nahi
Hezkuntza osoa nahi dugu; edukiak ikasteaz gain, bestelako gaitasunen garapena ere kontuan hartuko duena. Gure azterlanaren arabera, aztertu ditugun iritzien % 41ek begi onez ikusten du ikastetxean hezkuntza emozionala ere lantzea. Jende gehienak uste du gauza ona dela jolasak, antzezlanak, proiektuak eta abar erabiliz neska-mutilek emozioak adieraztea.Gurasoek ikastetxean zer adierazpide bultzatzea nahi duten ere jakin nahi izan dugu: ahozkotasuna (% 32) nagusitu zaio idatzizkoari (% 30), eta ondoren datoz multimedia (% 21) eta artistikoa (% 17).
Zer alderdi hartzen ditugu aintzat ikastetxe bat ala bestea aukeratzeko?
Aukera zaila da, zalantzarik gabe: alderdi asko hartzen dira aintzat eta guztiak ere garrantzi handikoak. Garrantzitsuena, kostu ekonomikoa. Hileko kuotaren, materialaren eta garraioaren kostua funtsezkoa da gurasoen % 26ren ustez. Baina badira beste funtsezko alderdi batzuk ere.Ikastetxeko giroa, adibidez. Gurasoen % 21en arabera, lagunek eta senideek ikastetxeari buruz esaten dutena da ikastetxea aukeratzeko funtsezko faktorea. Beste kontu garrantzitsu bat: logistika; hau da, etxetik hurbil ote dagoen eta ikastetxera joateko garraiorik ba ote dagoen. Jendearen % 19k hartzen du kontuan alderdi hori. Horren ondoren datoz ikastetxeak eskaintzen duen hezkuntza-mota: tradizionala ala modernoa den (% 18k dio hori) eta zer ikastetxe-mota den, hau da, publikoa, pribatua, itunpekoa, erlijiosoa ala laikoa den. % 16ren ustez, alderdi hori da guztietan erabakigarriena.
Gainera, azken alderdi hori da, zalantzarik gabe, hezkuntzaren inguruko eztabaidagairik handiena, guk ikusitako iritzien artean. Era guztietako iritziak ikusi ditugu: badira ikastetxe publikoen berdintasun- eta inklusio-balioak azpimarratzen dituztenak eta, badira, halaber, baliabide-gabezia edo etxetik hurbil dagoen ikastetxe bat esleitzeko ezintasuna nabarmentzen dutenak. Gauza bera gertatzen da itunpeko ikastetxeekin eta ikastetxe pribatuekin: batzuek hezkuntza-eskaintzagatik aukeratzen dituzte, eta badira kostuaz kexu agertu arren, aukera erlijioso jakin batengatik edo etxetik hurbil egoteagatik aukeratzen dituztenak.
Zer kexa adierazten ditugu?
Errespetu-eza. Horixe da irakasleen kexurik ohikoena. Baina ez da bakarra. Irakasleen % 57k hiru gai nabarmentzen ditu bere kexuetan: ikasleen eta gurasoen errespetu-eza, ikasleen gogo falta eta gurasoen gehiegizko babesa seme-alabekiko. Ikasleei dagokienez, etxeko lanak dira kexa nagusia baina, halere, gutxi batzuek baino ez dute adierazten: % 8k. Gurasoen artean, % 35 ageri da kexu arrazoi berorrengatik. Gurasoen ehuneko berak uste du irakasleak ez daudela eguneratuta.Hezkuntza-bide alternatiboak, modan
Azterketarik, libururik eta etxeko lanik erabiltzen ez duten hezkuntza-bide alternatiboek gero eta balorazio hobea jasotzen dute. Hezkuntza alternatiboak eskaintzen dituen alderdietatik honako hauek baloratzen dira hobekien, eta ordena honetan: etxeko lanik ez edukitzea, jolastuz ikastea, esperientzien eta proiektuen bidez errealitatea simulatzea, adin desberdinetako ikasleak elkarrekin aritzea, libururik gabe ikastea eta, azkenik, azterketarik gabeko irakaskuntza izatea. Halako hezkuntza-bidea lehenesten dutenen ustez, garrantzitsua da ikasleak egoera berrietara egokitzeko gaitasuna izan dezaten heztea, batez ere teknologia horrenbeste aldatzen den garai honetan.Hasieran adierazi dugun bezala, helburua ez da soilik edukiak ikastea, gizarteak bizi dituen aldaketetara egokitzeko gaituko gaituzten ahalmenak barneratzea baizik. Ikasle bakoitzari gustatzen zaiona lantzeko ideiaren alde egiten dute gurasoek nahiz irakasleek, gizarte zoriontsuagoa eta eraginkorragoa lortzeko bidea delakoan.
Seme-alabek balioak lantzea eskatzen dute gurasoek: autoestimua (% 31k aipatzen du), grina (% 19k), askatasuna (% 17k), ardura (% 17k) eta konpromisoa (% 16k).
Zergatik gertatzen da batzuetan eskola-porrota?
Seme-alaba eskola-jazarpenaren biktima izateaz gain, eskola-porrotak kezkatzen ditu gehien gurasoak. Errendimendu-falta horren arrazoiaz galdetuz gero, ordea, orotariko iritziak daude. % 23ren ustez, gizarte-kontuak dira, hala nola familia-egoera, maila soziokulturala eta xenofobia. % 21ek ikasleen ezaugarriak nabarmentzen ditu: ikasteko arazoak, hala nola haurtzaroan gertatzen diren dislexia, arreta-defizita, hiperaktibitatea, nahasmendu psikologikoak, beldurrak, fobiak eta lotsa.% 17k uste du eskola-porrotaren arrazoia jazarpena dela, edota familiaren eta eskolaren arteko harremana (% 15ek), hezkuntza-sistema etengabe aldatzen ibiltzea (% 13k), hezitzaileen «errua» esaten diotena eta, azkenik, ikasleei motibazioa eta grina ez transmititzea (% 11k).
Gehiago jakin nahi duzu? Begiratu infografia!
Ikusi nolakoa den gure gizartea, LABORAL Kutxaren azterlanei esker
Inguratzen gaituen mundua nolakoa den jakin nahi duzu? Jendeak gai garrantzitsuetan (etxebizitza, kontsumoa, familia…) zer iritzi duen jakin nahi duzu? Oporrez, kirolaz edo bestez ari garenean, zure iritzia gehiengoarenarekin bat datorren jakin nahi duzu? Bizi garen gizartea nolakoa den jakin nahi dugu LABORAL Kutxan, gure bezeroei zerbitzu hobea emateko eta gizartearen premiei hobeto erantzuteko. Horregatik, hainbat azterlan egiten ditugu urtean, jendeak Interneten ematen dituen iritziak aztertuta. Zerrenda honetan dituzu orain arte kaleratu ditugun azterlan guztiak. Etorkizunean lan litekeen gairen bat baduzu buruan, ez izan zalantzarik eta jakinaraz iezaguzu!- Banka-zerbitzu digitalak: ordainketak egiteko ordutegia eta langile-falta dira jendearen kexa nagusiak. Kreditu-kooperatiba izanik, kontuan hartuko dugu.
- Kirol amateurra: argi dago gero eta «runner» gehiago dagoela. Jardun horren goraldia aztertu eta korrikarekiko zaletasun ikaragarria dagoela egiaztatu dugu.
- Familia: familia-era bakarra iraganeko kontua da. Zer esaten dute Interneten familia-bizikidetzaren eredu berriei buruz? Ikusi egin dugu.
- Etxerik onena: bizitzan oso erosketa gutxik dute etxebizitza erostearen pareko garrantzia. Alabaina, nolakoa da gure etxebizitzarik onena? Argazki-robota dugu.
- Kontsumo ondasun handiak erostea: etxetresna elektrikoak, elektronika, altzariak... Zer erosketa-prozesu jorratzen dugu gastu handiei aurre egiteko? Ikusi egin dugu.
- Kultura-ohiturak: irakurtzea, telebista ikustea, zinemara joatea, musika entzutea, jaialdietara joatea... horra hor gure eguneroko bizitzan ohikoak diren aisialdiko eta kulturako jarduerak. Gure ohiturak aztertu ditugu. Jakin nahi duzu zer aurkitu dugun?
- Gabonetako opariak: Gabonak hurbildu ahala, baten batzuk opariengatik sufritzen hasten diren bitartean, beste batzuk ilusioz betetzen hasten dira.
- Gabon zaharreko ospakizunak: Gabon zaharrean kalera irteten uzten ez dizutenetik irteteko gogorik ez duzunera bitarteko aldia omen da adina. Ados zaude? Jakin nahi duzu nola bizi duen jendeak Gabon zaharra?
- Garraioa. Mugikortasuna da gure gizartearen erronka handienetako bat. Nola egin nahi ditugu joan-etorriak? Nola aldatzen dira gure ohiturak?
- Oporrak. Urtean gutxienez bi aldiz bidaiatu nahi dugu, baina kexu gara turista gehiegi daudelako. Horixe dio oporrei buruzko gure azken azterlanak. Gehiago jakin nahi duzu?
Zein da zure erreakzioa?