LABORAL Kutxa buru-belarri Euskaraldian

LABORAL Kutxa buru-belarri Euskaraldian

2 min.

LABORAL Kutxa buru-belarri Euskaraldian

LABORAL Kutxarentzat euskara ez da konpromiso-kontua bakarrik, hori baino askoz gehiago da: gure DNAn daramagun aukera da, eta modu naturalean balioa eransten dio gure zerbitzuaren kalitateari. Egunez egun, gure ingurunean euskararen erabilera sendotzeko lan egiten dugu, gure bezeroekiko harremanetan, zerbitzua eskaintzen diguten pertsonekin… Horregatik, aurten, aurrerapausoa eman nahi dugu Euskaraldian izango dugun partaidetza oso berezia izan dadin.

Betidanik, LABORAL Kutxak berezkoa izan du euskararen aldeko jarrera; izan ere, gure estatutuetan eta Plan Estrategikoan jasota dago. Ildo beretik, Euskaraldiaren aldeko gure apustua garbia da. Duela bi urte ekimena abian jarri zenetik, euskararen eta euskal kulturaren garapenerako duen garrantziaz jabetu ginen, eta, horregatik, protagonista izatea erabaki genuen, eta horri eusten diogu, orain inoiz baino gehiago. Hala, edizio honetan bi helburu handi jarri dizkiogu geure buruari, barrura begira eta gainerako herritarrekin dugun harremanei dagokienez.

  • Kanpora begira, gizarteari eta, batez ere, gure bezeroei erakutsi nahi diegu gai garela gure zerbitzuei eta produktuei buruzko aholkularitza euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzeko.
  • Eta barrura begira, entitatea osatzen dugun pertsona guztien artean euskararen erabilera areagotzeko neurriak sustatzea dugu helburu, gure hizkuntzan komunikatzea eta harremanak izatea normalizatze aldera.
Oraingoz, duela bi urteko partaideen kopurua gainditu dugu eta 500 lagunek baino gehiagok eman dute izena jada ahobizi eta belarriprest izateko, gure Bulego Sarean eta Zerbitzu Zentraletan. Gainera, arduradunak animatu ditugu 200 arigune baino gehiago sortzeko, partaideek lantokian euskaraz bete-betean aritzeko aukera izan dezaten abenduaren 4ra arte. Zehazki, 152 arigune sortuko ditugu Bulego Sarean eta beste 50 Zerbitzu Zentraletan, helburu argiarekin: lankideekin zein herritarrekin euskaraz jarduteko aukera bermatzea une oro.

Euskaraldian parte hartuko duten pertsonak zenbait eratara nabarmenduko dira:

  • Elektronikoki. Datozen egunetan, izena eman duten guztiek mezu pertsonalizatua txertatu ahal izango dute euren Skype Empresarial tresnan, adibidez, «Ni belarriprest, eta zu?», «Ni ahobizi, eta zu?» edo «Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan». Horrez gain, Euskaraldiaren logoa eta leloa jarriko ditugu partaideen Outlookeko sinadura elektronikoan.
  • Fisikoki. Ekimenean parte hartuko dutenek ahobizi edo belarriprest txapak jasoko dituzte, hilaren 20tik aurrera soinean eraman eta euskarazko hartu-emanak sustatu ditzaten. Halaber, ariguneen ikurrak banatuko dira lantokietan jartzeko.
Azkenik, Euskaraldiko 20 kamiseta zozkatuko ditugu LABORAL Kutxako URLaren bidez izena eman duten pertsona guztien artean.

Euskararen alde egunero egiten dugun lanari gehituko zaio LABORAL Kutxak Euskaraldian izango duen partaidetza, eta euskal kulturarekin dugun konpromisoa erakutsiko du horrek ere. Kutxazain automatikoen sarean euskara erabilgarri jarri zuen lehen entitatea izan ginen, eta gure kanal digital guztiak elebidunak dira aspalditik, horien artean sare sozialak.

Era berean, hizkuntza-kudeaketako Urrezko Bikain ziurtagiria lortu duen lehen finantza-erakundea gara, euskarazko kultura- eta gizarte-ekitaldiak babesten ditugu eta gure hizkuntzaren garapenerako funtsezkoak diren erakundeekin lankidetzan dihardugu, besteak beste, Euskaltzaindiarekin.

Hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen alde aktiboki jardutea dira neurri horien guztien helburua, gure hizkuntza integraziorako eta gizarte-kohesiorako bitartekoa izan dadin. Eta Euskaraldia aukera bikaina da hori egiaztatzeko.


Zein da zure erreakzioa?