Laboral Kutxa, euskararekin konprometituta dagoen erakundea

Laboral Kutxa, euskararekin konprometituta dagoen erakundea

6 min.

Laboral Kutxa, euskararekin konprometituta dagoen erakundea

Hizkuntzak komunikabide bat baino askoz gehiago dira. Harremanetarako, kohesiorako eta konexiorako bitartekoak dira. Komunitate linguistikoak ez dira bereizten hizkuntza bat hitz egiten dutelako soilik, haren bitartez harremanetan jartzen eta adierazten direlako eta haren baitan bizi direlako baizik. LABORAL Kutxan uste dugu, hizkuntza bat defendatzen dugunean, ondare immaterial bat eta komunitate bat defendatzen dugula; izan ere, komunitate horri zor diogu gure bizitza. Horregatik, modu aktiboan lan egiten dugu hizkuntza-eskubideak bermatzeko, eta euskararen defentsan kide aktibo bat izaten ahalegintzen gara.

Zer egiten dugun, azken urteetan nola aurrera egin dugun eta gaurtik 2022ra bitartean zer egin nahi dugun azalduko dizugu, urte horretan amaituko baita Euskararen Plan Estrategikoa, urte berriarekin batera abian jarri dena.

Informazioa bi hizkuntzatan edo euskaraz soilik: gure bezeroekiko oinarrizko konpromisoa

Hala eskatzen duten pertsona guztiei informazioa euskaraz eskaintzea eta gainerako guztiei informazioa euskaraz eta gaztelaniaz helaraztea, hura erabiltzen ez duten pertsonen artean euskara gehiago ikusarazten laguntzeko, baita euskara ikasten ari diren baina informazioa euskara hutsean jasotzeko adina eroso sentitzen ez diren pertsonen artean ere. Hori da gure hizkuntza-politikaren funtsezko ardatza, paperean nahiz modu elektronikoan egiten ditugun jakinarazpen guztietan. Horrela, 70.000 pertsona baino gehiago LABORAL Kutxarekin euskara hutsean komunika daitezela lortu dugu.

Politika bera aplikatzen dugu sare sozialetan

Eta, nola ez, hori da Interneteko eta sare sozialetako gure politikaren oinarria ere. Dagoeneko, urteak daramatzagu sare sozialen (Twitter, Facebook, Linkedin, Instagram) aukera teknologikoez baliatzen, erakundearen politika orokorra ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatu ahal izateko. Facebooken, adibidez, euskaraz soilik erakusten zaizkie edukiak euskaraz dakiten pertsonei (eta bi hizkuntzetan gaztelaniaz komunikatzea nahiago dutenei); Instagramen, berriz, lehentasuna eman nahi izan diogu euskarari, eta duela urte batzuk argazki-lehiaketa bat antolatzen hasi ginen Igerrak komunitatearen eskutik (euskarazko igerren komunitatea).

Euskara Interneten, Tropelarekin eta Egunean Behinekin

Euskarak ezagutzaren transmisio-hizkuntza baino gehiago izan behar du; harremanetarako hizkuntza izan behar du, benetan erabiltzen den hizkuntza bat, harremanetarako eta jolaserako dimentsioa duen hizkuntza bat. LABORAL Kutxan ez dugu hori ahaztu nahi izan. Hori dela eta, Igerrak komunitatearekin elkarlanean aritzen gara Instagrameko lehiaketetarako, eta, duela urte batzuk, Tropelarekin lan egiten hasi ginen. Euskara kirol-apustuen bitartez sustatzen duen web-orri bat da, txirrindularitzaren egutegiko lasterketa nagusiak jarraitzeko aukera ematen duena. Eta aurten, Egunean Behin babesten hasi gara, egunero jokatzen den galde-erantzunen lehiaketa bat. Fenomeno bat bihurtu da Interneten... eta 70.000 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute dagoeneko!

Erakunde aitzindaria esparru teknologikoan

LABORAL Kutxan beti egin dugu euskararen alde, esparru guztietan, baita teknologikoan ere. Gu izan ginen kutxazain automatikoetan euskara erabiltzen hasi zen lehen erakundea, Online Banka guztiz elebiduna daukagu, eta gure aplikazioak ere elebidunak dira, web korporatiboan nahiz LK Pay aplikazioan. Gauza bera gertatzen da gure online jarduera osoaren; ez webgune orokorrarekin eta web korporatiboarekin soilik, baita Enpresentzako Bankaren eta Gaztenpresaren (gure eginkizun soziala osatzen duen autoenplegurako eta ekintzailetzarako fundazioa) web-orriekin ere.

Gure bezeroek ondo ezagutzen dute gure ahalegina, eta gure konpromisoa eskertzen dute

2019an, eta hurrengo bi urteetarako Plan Estrategikoa martxan jarri aurretik, gure bezeroei entzuteko lan egin genuen. 900 erantzun baino gehiago jaso eta aztertu ondoren, ondorioztatu genuen gure bezeroek honela ikusten gaituztela: euskara nabarmen babesten duen eta babes hori balio erantsi gisa hartzen duen erakundea, beste erakundeekiko elementu bereizgarria.

Euskara lan egiteko hizkuntza bat da LABORAL Kutxan

Gure bezeroei ez ezik, joan den urtean gure langileei ere galdetu genien lantokian euskararekiko zer balorazio egiten zuten. Haien erantzunak ikusita, norabide egokian goazela esan genezake: gure bezeroek uste dute erakundeak hizkuntza-gaitasunekin lotutako prestakuntza- eta hobekuntza-baliabide asko eskaintzen dituela euskara laneko hizkuntza bihurtzeko; haien ustez, horretarako tresna egokiak hornitu dira, hala nola Hizkuntza Batzordea, Talde Teknikoa, Plan Estrategikoak eta Kudeaketa Planak.

1985ean, Euskara Zerbitzua sortu genuen eta, bi urte geroago, 1987an, lehen Euskara Plan Estrategikoa diseinatu zen; hark ez du etenik izan azken 32 urteetan zehar.

Aintzatespen instituzional gorena: Urrezko Bikain ziurtagiria

2015ean, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-ziurtagiri gorena aitortu zion gure Urrutiko Bankari eta, hurrengo urtean, 2016an, Urrezko Bikain ziurtagiria lortu zuen lehen finantza-erakundea izan ginen, euskara zerbitzuko eta laneko hizkuntza izan dadin egin ditugun etengabeko ahaleginak direla eta. Eusko Jaurlaritzak gure euskara-politikaren sendotasuna aitortu zuen; euskara erakunde osoan instalatzea lortu dugu, zerbitzuko hizkuntza ez ezik laneko hizkuntza ere bihurtuz. Gainera, gure jarduera guztietan islatzen den euskararen aldeko jarrera proaktiboa azpimarratu zuen, publizitate-kanpainetan nahiz mota guztietako elkarte eta erakundeekin mantendu diren harremanetan.

Publizitatea: ez dugu itzultzen; egokitu eta sortu egiten dugu

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu zuen euskararen aldeko jarrera proaktibo hori argi eta garbi islatzen dela publizitatean ere, hau da, gure bezeroei eta gizarte osoari helarazten dizkiogun merkataritza- eta sustapen-arloko mezu guztietan. Duela zenbait urtetatik, lan egiten dugu euskarazko gure iragarkiak gaztelaniaz pentsatutako kanpainen itzulpen bat izan ez daitezen. Helarazi nahi ditugun ideiak egokitzen ditugu, eta hizkuntzaren beraren baliabideak esploratzen dituzten emaitza adierazgarriak eta limurtzaileak lortzen saiatzen gara, hein handi batean, bere boterea hitz-jokoetan, elkarketa semantikoetan eta baliabide poetikoetan finkatzen den esparru batean.

Herrialdean funtsezkoak diren erakundeekin jarduten dugu elkarlanean

Herrialdeko erakundeek beren alboan gaituzte euskara babesteko eta sustatzeko. Etengabe lan egiten dugu Euskaltzaindiarekin, euskaraz arduratzen den erakundearekin, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren gisako proiektuetan. Ikerketa-lan luze eta zabal horrek modu bisualean jasotzen du, liburukiz liburuki, euskararen askotariko lexikoa, errealitate berberak lurralde bakoitzean nola adierazten diren jasotzen duten mapen bitartez. Gainera, duela urte batzuetatik sari bat ematen diogu euskarazko lan baten urteko itzulpenik onenari (edozein hizkuntzatara); euskara nazioartean sustatu eta hedatzen duen Etxepare Institutuaren eskutik egiten dugu hori.

Euskal Telebistarekin ere aritu gara elkarlanean euskara hedatzeko, eta gure lankidetza-akordioa berritu dugu Bertsozale Elkartearekin. Beste lau urtez jarraituko dugu horiekin lan egiten, gure herriaren kultura-adierazpen hori hedatzeko helburuarekin; azken hamarkada hauetan, bertsolaritzak herritarrak erakartzeko gaitasun handia duela erakutsi du, hein handi batean, elkarte horren lanari esker.

Euskaraz egiten diren mota guztietako ekitaldi kulturalak eta sozialak babesten ditugu

2019an gizarte-erantzukizunaren arloan gauzatu genituen jardueren kronograma ikusi besterik ez dago, urte osoan zehar Kilometroak gisako gizarte-ekitaldiak babesten ditugula egiaztatzeko, euskarak hiztun gehiago izaten jarraitzeko eta bere etorkizuna bermatzeko.

Gauza bera esan daiteke kulturaren esparruan ere. LABORAL Kutxak Bilbo Zaharra Euskaltegiarekin lan egiten du, duela hamaika urtetatik Arriaga Antzokian egiten den euskarazko klasikoen etengabeko irakurraldian. Era beran, Loraldia jaialdia babesten dugu 2017an lehen edizioa ospatu zenetik, baita ZineAraba ere, Arabako lurraldean euskarazko pelikulak programatzen dituen zikloa. Gainera, ekainean Bilbon egiten den Liburu Azokan leku bat prestatzen dugu Areatzan, euskarazko aurkezpenetarako eta ekitaldietarako. Herriarekin eta euskararekin lotuta dauden mota guztietako taldeek eta artistek ere ―Kukai Dantzak, Ken Zazpik, Kepa Junkerak edo Benito Lertxundik, adibidez― ondoan izan gaituzte beren proiektu eta birarik handienetan; gauza bera gertatu da Doctor Deseo taldearekin ere, euskarazko abestiekin osatutako azken diskoan.

Ikusten duzunez, laguntza zabala, sakona eta benetakoa eskaintzen diogu euskarari. Hobetzen jarraitzea espero dugu, gure bulego guztiak bezeroei arreta euskaraz eskaintzeko gai izan daitezen. Gizartea eraldatu duen eta euskara zaurgarritasun-egoera larri batetik ateratzea lortu duen ahalegin kolektibo eta hunkigarri horretan parte hartzen jarraitu nahi dugu, euskara zerbitzuko eta laneko hizkuntza bihurtuz. Milioi-laurden bat hiztun baino gehiago lortu ditu 25 urtean, eta etorkizun osoa du aurrean.

 


Zein da zure erreakzioa?