LABORAL Kutxa eta Gernika KESB elkarturik talde-lana hobetzeko
2022-11-15
LABORAL Kutxa eta Gernika KESB elkarturik talde-lana hobetzeko
Talde-kirola da saskibaloia, banakoaren talentua eta ahalegina taldearen zerbitzuan jartzen duena. Talde-lanak eramaten ditu pertsona eta jokalari guztiak hobetzera eta arrakastara. Horregatik, LABORAL Kutxak beste urte batez babestuko du Saski Eskola, jokalariek txikitatik ikas ditzaten kirol horren oinarrizko kontzeptuak. Ekimen horri buruzko xehetasun gehiago jakiteko, Naia Fernández elkarrizketatu dugu, Gernika KESBko marketin- eta komunikazio-zuzendaria.
Nondik sortu da aurtengo ekimen berria: Basketball Academy?
Gernikako hainbat jokalari ez daude oraindik klubaren barruan. Gehienak euren ikastetxeetan daude, eta euren ezagutzak handitzeko interesa dute, banakako teknika hobetzea xede duten saio pertsonalizatu osagarrien bidez.
Aurreko denboraldi batzuetan ere egin izan dugu teknifikazio-lana, emakumezkoen ligako taldeko entrenatzaile-laguntzaile Lucas Fernándezen eskutik. Beraz, bagenekien nolabaiteko eskaria zegoela. Dena dela, aurten emandako ukituak are interes handiagoa sorrarazi du, eta 25 bat parte-hartzaile ditugu urritik Gabonetara bitarteko lehen jarduera-bloke honetan.
Ingelesez egiten duzue prestakuntza; zergatik?
Jokalarien prestakuntzari aparteko balioa eman nahi diogulako. Interesgarria iruditu zaigu ingelesa txertatzea, eta, gainera, horretarako pertsona aproposa genuen: Angie Bjorklund jokalari profesional ohia. Lointek Gernikan bi denboralditan jokatu du eta behar besteko prestakuntza eta esperientzia ditu saskibaloiaren xehetasun teknikoak irakasteko. Gainera, ingelesa du jatorrizko hizkuntza.
Zer dela eta batu dira LABORAL Kutxa eta Gernika KESB Saski Eskola sortzeko?
Gernikako jokalariak haur-kategorian iristen dira gure klubera, DBH hasten dutenean. Hala ere, haur asko ez zaizkigu etortzen, saskibaloia probatu ez dutelako. Gure helburua da lehenbailehen ezagutaraztea, probatzea, beste kirol batzuk probatzeko astia ere izan dezatela, eta, gogoko badute, saskibaloian jardun dezatela euren ikastetxeetan, geroago, nahi badute, gure klubera etortzeko. Eta azpiegitura berri hori sortzeko, gertuko erakunde baten eskutik joan behar genuen: LABORAL Kutxaren eskutik, hain zuzen. Berak emango digu azpiegitura martxan jartzeko behar genuen babesa.
Zein izan da lankidetzaren lehen urteko feedbacka?
Honelako kasuetan hauxe da feedbackik onena: Saski Eskolaren lehen edizioan parte hartu zuten txikien % 90ek errepikatu egin nahi izan du aurten ere, eta, gainera, beste adin batzuetara zabaldu ahal izango dugu eskaintza, Academyren bidez. Hogei bat haur izatetik berrogeita hamar ingurura pasatu gara. Ezin da feedback hoberik eskatu.
Gaur egun, 50 jokalari ditugu orotara. Saski Eskolako 25 txiki gehi Academyko beste 25 ditugu lehen hiruhilekoan. Hazteko aukera ari gara aztertzen, baina zenbait muga ditugu: kantxak, espazioak eta baliabideak. Izan ere, gaur egun itxarote-zerrenda dugu Saski Eskolan sartzeko.
LABORAL Kutxan sei hamarkadatik gora daramatzagu egunez egun kirolaren bidez berdintasuna eta gizarte justuago bat lortzeko apustua berritzen, uste baitugu balio horiek gidatu behar dutela gure jarduera.
Zein da zure erreakzioa?