«LABORAL Kutxa lehenetakoa izan zen proiektu honetan sinesten, orain dena ez zela»

«LABORAL Kutxa lehenetakoa izan zen proiektu honetan sinesten, orain dena ez zela»

6 min.

«LABORAL Kutxa lehenetakoa izan zen proiektu honetan sinesten, orain dena ez zela»

Gonzalo Alonso de SantocildesFair Saturday Fundazioko berrikuntza-arduraduna

Fair Saturday Fundazioak pandemiaren unerik gogorrenak gainditzea lortu du, eta, FSNexten bidez, arte-produkzioari eustea eta kultura herritar guztiengana hurbiltzea. Orain, osasun-alertaren amaiera gertu sumatzen dugularik, plataforma mantentzearen alde agertu da Gonzalo Alonso de Santocildes Fundazioko berrikuntza-arduraduna, artista sortu berriek beren lanaren trukean bidezko diru-sarrerak eskura ditzaten. Fundazioaren proiektu berria, Ura Bere Bidean, eskuragarri dago jada FSNexten bidez. Dena den, kontzertu bat ere izango da Bilbon, abenduaren 10ean eta 11n, eta 360o-ko ikuspegiarekin ikusi eta entzun ahal izango da, errealitate birtualari esker.

LABORAL Kutxa. Urte eta erdiko pandemiaren ostean, dagoeneko irudika ditzakezu jendez betetako kontzertuak?GONZALO ALONSO. Irudikatu ez ezik, desiratu ere egiten ditut; baina, ez hori bakarrik: Fundazioan bi kontzertu handi ari gara prestatzen Miribillako Bilbao Arenan, 5.000 bat lagunentzat (hatzak gurutza ditzagun). Kontzertu presentzialak izango dira, baina online ere jarraitu ahal izango dira Bizkaia-FSNext plataformaren bidez.

  1. Denboraldi hau oso gogorra izan da kulturarako eta arte-sorkuntzarako, baina COVID-19ak ere ezin izan ditu horiek azpiratu. Zer ekarpen egin du FSNextek pandemiari aurre egiteko? Tresna baliagarria izan da?
GONZALO. Kulturaz gozatzeko beharra asetzen lagundu du, kultura-eskaintza presentziala oso mugatuta egon den bitartean. Alde horretatik, beste plataforma eta sare sozial asko bezalakoa izan da. Baina, plataforma gehienetan ez bezala, Fundazioan sortzaileengan jarri nahi izan dugu fokua, batez ere artista sortu berri, amateur eta erdiprofesionalengan, eta egindako lanagatik bidezko diru-sarrerak eskuratzeko tresnak eskaini dizkiegu. Horretarako, hainbat artista eta erakunderekin egiten dugu lan, haiei edukiak sortzen laguntzeko. Halaxe sortu dira, besteak beste, Fauréren Requiema 360º-tan, Bilboko Koral Elkarteak Donejakue katedraletik emana COVID-19aren biktimen oroimenez; Kantika Koralaren itzulera; James Room-en EP akustikoaren aurkezpena, Yimbi Bilbaon, eta Miren de Miguelen Nola izan soprano eta saiatu ez hiltzen kontzertua.
  1. Agertoki digitala martxoan abiatu zen, Bizkaiko Foru Aldundiak eta LABORAL Kutxak lagunduta. Zer balantze egiten duzu hil hauetako funtzionamenduaz?
GONZALO. Martxoan aurkeztu zen, baina zenbait hilabete lehenagotik prestatzen ari ginen: 2020ko Fair Saturday egunean (azaroaren 28an), FSNexten teknologia erabili genuen estreinatutako 240 kultura-ekitaldi baino gehiago ostatatzeko. Balantzea positiboa da. Nahiago genuke artista gehiagok bat egitea eta jende gehiagok gozatzea onlineko edukiez, baina garrantzitsuena da urratsa egin dugula eta kontsumo-ohituren aldaketaren hasiera ikusten ari garela. FSNext pandemiaren aurretik pentsatutako proiektua da, baina hilik gogorrenen ostean jarri zen abian eta epe luzeko ikuspegia du.
  1. Bete dira aurreikuspenak ikusle, emanaldi eta abarrei dagokienez?
GONZALO. Baita gainditu ere! Lehen esan dizudanez, epe luzeko proiektua da, non bai ikusleek eta bai erakunde eta artistek euren pentsaera aldatu eta kulturaz gozatzeko molde berriak esperimentatu behar dituzten. Jakina, helburua ez da ekitaldi presentzialak ordezkatzea, inondik inora.
  1. Pandemiaren oztopoak gainditzeaz gain, nola lagundu die FSNextek artista berriei plazaratzen?
GONZALO. Idoia Asurmendirena da kasurik aipagarriena, agian. Bere merituz gero eta ezagunagoa den Aramaioko gazte hori FSNexten kontzerturik berezienetako baten protagonista da. Iberdrola dorreko heliportuan emandako eta 360º-tan grabatutako kontzertua da, eta, Idoiaren gitarraz, teklatuaz eta ahots zoragarriaz ez ezik, Bilboko ikuspegi pribilegiatuaz ere gozatzeko aukera ematen du. Jakina, Idoia ez da heldu dagoen lekura FSNexti esker; baina, pentsatu nahi dugu lagundu egin diogula nolabait. Izan ere, plataformaren ekitaldirik arrakastatsuenetako bat izan da.
  1. Eta zer sentsazio helarazi dizue kultura-komunitateak?
GONZALO. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, batzuek positibotzat eta beharrezkotzat hartzen dute, eta beste batzuek eszeptizismoz. Oro har, ona izan da harrera. Dena dela, erakundeek askotan ez dituzte beharrezko baliabideak edukiak grabatzeko. Fundazioan irtenbideak bilatu ditugu artistek eta erakundeek euren edukiak kalitate onarekin eta arrazoizko kostuekin grabatzeko.

Ura bere bidean

  1. Orain, Ura Bere Bidean proiektuari ekin diozue. Zertan datza?
GONZALO. Ura Bere Bidean musika-proiektu bat da, non gaur egungo artistek Fernando Velázquezek moldatutako kanta historikoak interpretatzen dituzten. Belaunaldien eta estiloen arteko gurutzaketa da, «gure bizitzako soinu-banda» horiek nabarmentzeko eta jagoteko. Hala, Josu eta Gari (Hertzainak), Gatibu, El Drogas, ETS, Leire (La Oreja de Van Gogh), Mabü, Su Ta Gar, Huntza, Zea Mays, Mikel Urdangarin, Doctor Deseo, Sua, eta Idoia eta Olatz Salvador aritu dira, batzuetan euren kantak interpretatzen eta beste batzuetan Benito Lertxundirenak, Pier Paul Berzaitzenak, Lourdes Iriondorenak, Michel Labéguerierenak, Laboarenak, Leterenak, Itoizenak eta Imanolenak kantatzen. Hiru modu daude proiektuaz gozatzeko: Batetik, FSNexten ikus-entzunezko proiektua dago eskura, harpidetza bidez; aste bakoitzean kanta bat jartzen dugu. Bestetik, kontzertu bat egingo dugu abenduaren 10ean eta 11n, eta kontzerturako sarrerak ere FSNexten eskura daitezke. Eta, azkenik, errealitate birtualeko betaurrekoekin: 360 o-ko kamera batekin grabatu ditugu kanta guztiak, eta, horri esker, orkestraren bihotzetik bertatik goza daiteke musikaz. Murgiltze-esperientzia bat da, eta ikaragarri gustatzen ari zaie ikusteko aukera dutenei. Oraingoz emanaldi batzuk eskaini ditugu, eta litekeena da aurrerantzean ere gehiago eskaintzea.
  1. Eta nola sortu da?
GONZALO. Proiektu hau Fundazioaren beste proiektu batetik sortu da, 2020ko abenduko Gora Bihotzak proiektutik, hain zuzen. Horretan, izen handiko artistek euren kantak interpretatu zituzten, Fernando Velázquezek moldatuta, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera. Ildo horri jarraituz eta Orkestra Sinfonikoak aste libreak zituela aprobetxatuz, zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen Fernandorekin, eta hortxe sortu zen magia.
  1. Ez zen erraza izango hainbeste artista elkartzea Bilbao Orkestra Sinfonikoaren eta Bilboko Koral Elkartearen inguruan…
GONZALO. Egia esan, oso ona izan zen haien erantzuna. Ideia zentzuzkoa zen, eta Fernando Velázquezen, Orkestra Sinfonikoaren eta Koral Elkartearen eskutik joatea balio segurua da. Gainera, esan beharra dago, oraingoan gure alde jokatu du pandemiak, haien agendak ez baitzeuden hain beteta.
  1. Zorte-pixka batekin, abenduko kontzertua publiko askorekin egin ahal izango da…
GONZALO. Hala dirudi! Ezer okertzen ez bada, kontzertu jendetsuak izango ditugu berriro; beharbada ez lehengoak bezalakoak, baina bai antzekoak. Abenduaren 10ean eta 11n kontzertu fisiko batera eramango dugu Ura Bere Bidean proiektua, eta, gainera, artisten kanta propio batzuk ere entzun ahal izango ditugu. Kontzertu paregabea izango da, oso-oso berezia.
  1. Eutsi ahal izango dio Fair Saturday Fundazioak pandemiaren aurreko jarduera biziari?
GONZALO. Baita askoz biziagoari ere! Pandemiak sektore guztiak astindu ditu, batez ere kultura. Fair Saturday Fundazioa gaztea eta hauskorra da, baina ohituta gaude ziurgabetasunean bizitzen eta ekaitzetik onik ateratzen. Oraingoan, sekulakoa zen erronka, baina pozgarria da nola egiten ari garen aurre. Gora Bihotzak, errealitate birtualeko murgiltze-esperientziak eta FSNext pandemian sortutako proiektua dira, eta Fundazioak lehendik bultzatutako gainerako proiektuei erantsi zaizkie.
  1. Aurreratuko diguzu Ura Bere Bidean proiektuaz gain datozen hiletarako aurreikusitako ekimenen bat?
GONZALO. Azaroaren 27a Fair Saturday eguna da, eta espero dugu gizarte-eragina izango duten 150 kultura-ekitaldi baino gehiago eskaintzea Euskadin, batez ere Bizkaian. Bezperan, inaugurazio-kontzertua egingo dugu berriro: 1.000 lagun baino gehiago agertokian, musikaren historiako kanta handiak interpretatzen.
  1. Zer eragin du Fair Saturday bezalako gizarte- eta kultura-ekimen batek?
GONZALO. Fundazioaren lehen proiektua izan zen Fair Saturday mugimendua, eta izena eman ziona. Haren bidez gizartea artearen eta kulturaren inguruan mugiarazten saiatzen gara azaroko azken larunbatean, Black Friday delakoaren hurrengo egunean. Bilbon 20 koruk aldi berean kantatuz abiatu zen ideia utopiko hura, eta, handik 4 urtera, munduko 150 hiritan egin ziren ekitaldiak. Black Fridayari kontrapisu egiteko eguna da, ez kontra egitekoa. Garrantzitsua eta funtsezkoa zer den hausnartzeko eguna da. Eta guretzat, jakina, artea eta kultura dira.
  1. Laguntza handia jasotzen du proiektuak LABORAL Kutxatik eta beste erakunde batzuetatik?
GONZALO. Fair Saturday Fundazioaren proiektuak adibide ona dira lankidetza publiko-pribatua zer den ulertzeko. Gizarte zibiletik sortutako ekimenak dira, irabazi-asmorik gabekoak baina irauteko asmodunak. Horregatik, instituzio eta enpresen laguntza funtsezkoa da ekimenak garatzeko. LABORAL Kutxa lehenetakoa izan zen proiektu honetan sinesten, orain dena ez zela. Beti eskertuko dizkiogu bere garaian erakutsitako etorkizun-sena eta haren konpainia onean egindako bide atsegina.
  1. Eskerrik asko, eta zorte on!


Zein da zure erreakzioa?