Pink Floyd nahiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: LABORAL Kutxak musikari eman dion babes historikoa

Pink Floyd nahiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: LABORAL Kutxak musikari eman dion babes historikoa

5 min.

Pink Floyd nahiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: LABORAL Kutxak musikari eman dion babes historikoa

Euskara normalizatzen laguntzea. Sorkuntza sustatzea. Industria kulturalei laguntzea. Gure produkzioa hedatzea. Eta, jakina, musikaren ekoizpena eta gure musikarien lana babestea eta ezagutzera ematea.

Gauza horiek guztiak gure DNA kooperatiboaren funtsezko alderdia izan dira beti eta, gaurkoan, LABORAL Kutxan musikari helarazi diogun babes historikoaz hitz egingo dizuegu. Bazatoz gurekin? Bidaia 70eko hamarkadan hasten da.

Lehen urteak eta lehen mugarri garrantzitsua

Gure erakundea 1959an sortu zen, baina, lehen urteetan enpresa gisa sendotu ondoren, 70eko hamarkadan hasi zen gure mezenasgo musikalaren historia, 15 urteko ibilbidea egin eta gero. Garai hartan, kontzertuak eta musika-ekoizpena babesten hasi ginen. Dena den, gure ibilbidean izan dugun musika-arloko lehen gertakari garrantzitsuenaz galdetuko baligute, aurrerago izan zela erantzungo genuke seguruenik, 1994an hain zuzen ere, Pink Floyd taldeak Donostian eskaini zuen kontzertuarekin.

Gure Gazte Kontua ezagutarazi berri genuen eta kontzertuak nazioarteko talde handi bati atxikitzeko balio izan zigun. Oraindik ere gogoan dugu 30.000 ikusleren aurrean emandako megakontzertua, Anoeta hunkiarazi zuena. Lau urte geroago ere gauza bera gertatu zen Belodromoan, Lalo Schifrin konpositore argentinar eta Oscar baten irabazleak eskaini zuen kontzertuan, hura ere gure erakundeak babestua. Halere, mota horretako mugarri gogoangarriak izan arren, gure mezenasgo musikala zehaztu duten zenbait programa izan ditugu.

Musika korala: nazioarteko artistak eta aurreztaileen batzarrak

Pink Floyden kontzertua baino hamarkada bat lehenago, 1984an, Aste Santuko kontzertu sakratu batzuk antolatu genituen une hartako nazioarteko koral garrantzitsuenekin. Pariseko Chapelle Royale, Alemaniako Münchner Camerata, Libiako eta Siriako Monje Maronitak, eta Vienako Haur Kantariak Euskal Herriko lau hiriburuetan izan ziren, baita Arantzazuko udalerrian (Bizkaian) ere, LABORAL Kutxak babestuta.

Ez zen mota horretako musika babesten genuen lehen aldia. 1976tik 2000. urtera, gutxi gorabehera, LABORAL Kutxak aurreztaileen batzarrak egiten zituen. Horiek kontuak emanez hasi eta ekitaldi kultural batekin amaitzen ziren, eta talde garrantzitsuren baten emanaldia izaten zen beti, Iruñeko Ganbara Abesbatza eta Gasteizko Manuel Iradier taldeena, adibidez. Batzar horiek urtean 5 edo 6 aldiz egiten ziren lurralde historiko guztietan (Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan) eta, beraz, urtean 20 edo 30 emanaldi eskaintzen ziren. Horrela, bada, koralek bermatuta izaten zituzten kontzertuak, jendez betetako antzezlekuetan.

Kultur Bideetan: euskal kulturari babesa

Kantautore ospetsuen eta gazteen lana ikusgai egitea, tokiko musika- eta dantza-taldeen lana erraztea, eta arte plastikoak eta antzerkia sustatzea. Horiek ziren, besteak beste, euskal kulturari laguntzeko Kultur Bideetan programaren helburu batzuk. Programa 1987tik 1991ra bitartean garatu zen Eusko Jaurlaritzaren eta LABORAL Kutxaren lankidetzari esker, eta giza eta aurrekontu-baliabide ugari bideratu ziren xede horretara —horien artean, erakundean arlo horretan lan egiten zuten hainbat pertsona—. Horrela, urtean 500 jardunaldi kultural baino gehiago antolatu ahal izaten ziren, 2.500 baino gehiago guztira.

Concierto de Goazen

Jarduera kultural handiko urteak izan ziren, Caja Laboral-Euskadiko Kutxak une hartan zituen aretoak erabiltzen baitziren egile berri nahiz ospetsuen (Eduardo Txillida eskultorearen kasuan, adibidez) erakusketetarako.

Herrialdeko musika-erakunde garrantzitsuak babesten ditugu

Gaur egun, hemen jarduten duten nazioarteko orkestra eta artista garrantzitsuen jardunaldiak babesten jarraitzen dugu, baina herrialdeko erakunde kulturalek kudeatzen eta antolatzen dituzten proiektuen zerbitzura egotea da gure babesik handiena.

Hiru hamarkada daramatzagu Donostiako Musika Hamabostaldia babesten, abuztuan Gipuzkoako hiriburuan antolatzen den nazioarteko ekitaldi handia, Europako musika klasikoko jaialdi onenetako bat. Haren 80 urteko ibilbide luzean artista garrantzitsuak izan dira jaialdian eta, tradizioz, LABORAL Kutxak kontzertu handi bat babestu du urtero, horien artean, María Bayoren, Ainhoa Artetaren, Pariseko Orkestra Sinfonikoaren edo Budapest Festival Orchestraren kontzertuak.

Horrez gain, Donostiako Orfeoiko bazkideen urteko kontzertu handia babesten dugu urtero. Ohorezko bazkide garen erakunde horrek ehun urtetik gora ditu eta munduko talde koral onenetako bat da. Gure herrialdeak elkarte-ehun aberatsa eta bizitza kultural anitza ditu, eta zorte handikoak gara bertan bizitzeagatik. Bizitza kultural horretan laguntzeko, Donostiako Orfeoiari ez ezik, honako hauei ere laguntzen diegu: Iruñeko Orfeoiari, Euskadiko Orkestra Sinfonikoari —urtero babesten ditugu haren denboraldiko kontzertuak, Donostian eta Iruñean— eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoari edo La Pamplonesa Iruñeko Bandari. Horiek guztiek parte hartu dute noiz edo noiz urtero Nafarroako hiriburuan antolatzen dugun bazkideentzako kontzertu handian.

[caption id="attachment_29957" align="aligncenter" width="955"] Concierto de Navidad[/caption]

Erakunde handi horiekin eta herrialdeko artista ezagunekin lan egiteak ez du esan nahi udalerri txikietako musika-topaketak babesten ez ditugunik, eta horixe egiten dugu Astigarragako edo Bergarako Musika Eskolekin, adibidez.

Baita gure talde eta artista onenetako batzuk ere

Gure herrialdeko artista ezagunekin ere egin dugu lan, Benito Lertxundirekin, Olatz Zugastirekin eta Kepa Junkerarekin, esaterako. Benito Lertxundiren hainbat disko babestu ditugu, baita momentura arteko bere biografia osoena ere, Orioko Bardoa - El Bardo de Orio. Gauza bera egin genuen Kepa Junkeraren hainbat diskorekin (Etxea, Kalea, Junkeraren Trilogia) eta akordeoilariak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egin zuen bira ahaztezinarekin.

Berrikiago, Ken Zazpi taldearen edo Kukai Dantzaren biretan parte hartzeko zortea izan dugu. Azken horrek, hain zuzen, 3 MAX sari lortu zituen LABORAL Kutxak babestutako Oskara ikuskizunarekin.

Batzarrak eta kontzertu handiak, artista ezagunen eta gazteen eskutik. Egia esan, musika bidelagun izan dugu erakunde gisa eman ditugun aurrerapauso guztietan, eta etorkizunean ere hala izaten jarraitzea espero dugu. Gauzak egiteko beste modu bat badagoela esaten eta abesten jarraitu ahal izan dezagula.


Zein da zure erreakzioa?