Laboral Kutxan lan egitearen abantailak

Laboral Kutxan lan egitearen abantailak

3 min.

Laboral Kutxan lan egitearen abantailak

Laboral Kutxako bazkide bakoitza entitatearen zati baten jabe da. Horri horrela, ardura dugu kudeaketan eta irabazien zati bat eskaintzen digu. Azken finean, bazkide langileena da enpresa (eta bezero batzuena eta MONDRAGONeko beste kooperatiba batzuena). Jabe garen aldetik, entitatearen berrogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidean gure lanpostuen kalitatea hobetzeko erabakiak hartu ahal izan ditugu. Inork baino hobeto dakigu langileoi zer komeni zaigun. Jakina, ahalik eta baldintza onenetan lan egin nahi dugu. Helburua produktiboagoak izatea da, eta zergatik ez esan, baita goizero gusturago etortzea ere. Lan-baldintzak finkatzerako orduan ere, bada beste modu bat.

Laboral Kutxan lan egitearen abantaila nabarmenetakoa da bazkide guztiek dutela Batzar Nagusian parte hartzeko aukera, eta hor finkatzen da gure politika orokorra. Azken finean, gurea da hartutako enpresa-erabakien arriskua eta irabazia. Halaber, lana antolatzeko metodo demokratikoak erabiltzea bultzatzen dugu, erakundeko maila guztietan autonomia, erabaki-ahalmena eta erantzukizunak onartzea sustatze aldera.

Bazkideak bere kooperatibarekiko duen harremana soldatapekoak enpresarekin duena baino sendoagoa da. Ohikoa da ikasketak burutu eta Laboral Kutxan lanean hasten den profesionala bertan gelditzea erretiroa hartu arte. Horregatik, beharrezkoa da langile bakoitzaren karrera-kurba pertsonalizatua diseinatzea, profesionalki haztea eta bere gaitasunetara hobeto egokitzen diren ardurak hartzea ahalbideratuko diona.

Barne-sustapena da ohikoena: ardura-lanpostuetarako aukeratzen diren langileak dagoeneko entitatean ari dira lanean, gaitasun profesionala erakutsi dute eta gaitasun-probak gainditu dituzte. Karrera-plan horiek zabalak direnez, profesionalak aukera du espezialitate baten barruan aurrera egiteko, baina aldi berean, jardueren arteko zeharkakotasuna ere ahalbidetzen dute.

Prestakuntza

Dagoeneko inork ez du espero lanean hasi zeneko prestakuntzak langile-bizitza osorako balioko dionik. Etengabeko prestakuntza ez da hobea izateko aukera bat, beharrezkoa da profesional ona izaten jarraitzeko. Bazkideek beraiek badakite zer nolako prestakuntza behar duten, eta horregatik, interesgarrienak iruditzen zaizkien barne prestakuntza-ekintzak proposa ditzakete. Gainera, nahi badute, Laboral Kutxatik kanpo presta daitezke, eta entitateak bere gain hartuko du horren kostuaren zati bat.

Urtean 50.000 ordu baino gehiago ematen ditugu prestakuntzan. Datuak, bere horretan, ez du askorik adierazten, baina hobeto ulertzen da esaten badugu langile bakoitzak batez beste 38 ordu ematen dituela urtean bere burua prestatzen: urtean ia astebete ikasteko bakarrik.

Onura sozialak

Zer nolako neurriak jartzen ditugu abian lan-baldintzak hobetzeko?
  • Bateratze-neurriak eta lanaldi malgua.
  • Abantailak finantza-produktuetan.
  • Ikasketak finantzatzea.
  • Aparteko behar pertsonalei aurre egiteko fondo ekonomikoak.
  • Osasun-laguntzako sistema osagarri bat finantzatzeko kuoten estaldura: Lagun Aro EPSV, bazkideoi osasun-asegurua eta pentsio-plan propioa eskaintzen diguna.
  • Eta jaiegun bat: urtean egun batez elkartu eta elkarrekin egoteko, lanetik urrun elkar ikusteko: Elkarte Eguna.
Laneko segurtasuna

Gure bizitzaren herena lanean ematen dugu, eta beraz, argi dago laneko segurtasuna eta osasuna zaindu behar ditugula. Gainera, badakigu inoiz lortuko ez dugun ideala dugula helburu. Laneko segurtasuna eta osasuna etengabeko borroka da, non abiapuntua legeak ezartzen dituen gutxienekoak diren, eta beti dago zer hobetua: aurrea hartu, jardun eta gero ikuskatu, zer hobe daitekeen ikusteko.

Eta hori guztia generoen arteko aukera-berdintasuna lehentasun dela, noski: gure langileen ia erdia emakumeak dira (% 45,7), eta epe laburrera % 50 izatera iritsiko garelakoan gaude. Era berean, Laboral Kutxan ez dugu sexu-aukeragatiko zuzeneko edo zeharkako bazterketarik onartzen, ez sotilagoak diren beste batzuk ere (gehiegitan ikusezinak direnak), amatasunarekin eta etxeko betebeharrei aurre egitearekin lotutakoak, esaterako. Gurea izateaz gain geure sentituko dugun ingurunea eraiki nahi dugu, gustura egongo garen ingurunea, goizero pozik etortzeko modukoa. Gure ardura da.


Zein da zure erreakzioa?