Liburuaren eguna: Beñat Erezumari elkarrizketa

Liburuaren eguna: Beñat Erezumari elkarrizketa

3 min.

Liburuaren eguna: Beñat Erezumari elkarrizketa

Beñat Erezuma Bigarren Hezkuntzako Zientzia eta Teknologiako aholkularia da, baina 2016az geroztik euskara zabaltzen dihardu Euskara Satorra YouTube-ko kanal arrakastatsuaren bitartez, denborarekin podcast ere bihurtu zuena. Sei urteren buruan, proiektua amaitu du, eta bere lehen liburua argitaratu berri du: Artiadi. Inteligentzia artifizial batek euskaraz idatzitako 40 poema, maitasunari, heriotzari, gorrotoari edo adiskidetasunari buruzkoak.

Kontaiguzu pixka bat zertan datzan zure liburuak.

Artiadi da GPT-3 izeneko Adimen Artifizialak sortutako olerki liburua. Hilabete eta erdian zehar egunero olerkiak idazteko proposamena egiten nion Adimen Artifizialari, baldintza batzuk ezarriz, eta hark liburuan agertzen diren olerkiak sortzen zituen segundo gutxiren buruan; 40 gustukoenekin osatu dut liburua.

Nola bururatu zitzaizun poema liburu bat Adimen Artifizial batekin idaztea?

GPT-3 teknologia 2020an ezagutu nuen. Ezin izan nuen hura probatzeko aukerarik izan 2021eko azarora arte. Nire bizitzan garrantzi handia dute teknologiak eta hizkuntzek; esperimentu bat izaten hasi zena, azkenean, liburu bihurtu da.

Zergatik jarri diozu Artiadi izena?

Erantzuna oso erraza da, hitz joko bat baino ez da. “Adimen” eta “Artifiziala” hitzen lehen bi silabak hartu eta nahastu nituen.

Zer da GPT-3 teknologia?

Lengoaia eredua bat da, ikaskuntza sakona erabiltzen du giza idazketa simulatzen duten testuak sortzeko eta erabilgarri dago mundu guztiarentzat 2021eko udazkenetik.

Adimen artifizialek emozioez hitz egin dezakete zerbait berria balitz bezala edo, besterik gabe, aldez aurretik elikatzen diren informazioa islatzen dute?

Emozioez hitz egiten dute, baina beti ere aldez aurretik elikatutako informaziotik. Zu emozionatzeko gai den emoziorik gabeko adimen artifiziala da.

Zein poemarekin harritu zaitu gehien Adimen Artifizialak eta zergatik?

Liburuan dauden guztiek harritu naute, era batera edo bestera. Agian emozio gehien transmititzen didana azken aurrekoa da. Haur baten jaiotzak bikote baten sortzen duen zoriontasunaren inguruan hitz egiten du.

AAk ingelesez idatzi du eta gero zuk euskaratu duzu. Uste duzu noizbait AAek eta sare neuronalek zuzenean euskaraz idatzi ahal izango dutela?

Adimen Artifizialak ingelesez sortu du eta gero automatikoki itzultzaile neuronala erabili dut euskaratzeko. Denbora kontua baino ez da zuzenean euskaraz idatzi ahal izatearena. Corpus handi bat behar da horretarako eta horretan lanean dabiltza EusCrawl proiektuarekin IXA taldekoak eta beste norbanako batzuk.

Uste duzu etorkizunean liburu salduenak adimen artifizialek idatziko dituztela osorik?

Etorkizunak zer ekarriko duen batek daki, hori bai, Artiadi ez dut uste Adimen Artifizial batek euskaraz idatziko duen azken liburua izango denik.

Liburu honetaz gain, duela gutxi arte YouTubeko Euskara Satorra kanala eta izen bereko podkasta kudeatzen zenuen euskararen ikaskuntza sustatzeko. Zerk bultzatu zintuen proiektu hauek egitera eta zerk daramazu bertatik?

Komunikazioaren arloa gustoko dut eta Youtube asko kontsumitu izan dut betidanik. Lehenago ere Youtubeko kanalen bat sortu nuen, baina 2016an euskara ikasteko bideo batzuk igo nituen inongo asmorik barik Euskara Satorra kanalera.

Sei urte iraun duen proiektua izan da eta oso ondo pasatu dut, 120 bideo baino gehiago sortu ditut eta kanalak espero ez nuen erantzuna izan du. Pandemia hasi berritan ere izen bereko podkasta sortu nuen, eta 42 atalen ondoren proiektua amaitutzat ematea erabaki dut.

Duela gutxi, Netflixek iragarri berri du edukiaren zati bat bikoizten eta azpititulatzen hasiko dela euskarara eta beste hizkuntza koofizialetara. Zure ustez, urrats bat da norabide egokian edo ez da nahikoa?

Netflix bezalako plataforma bat edozein herrialdera heltzerakoan, Estatuak baldintzak jartzen dizkio bertan lan egiteko, bertoko produkzioan kuotak jarriz, adibidez. Euskararen kasuan, euskaldunok ez daukagu Estaturik gure hizkuntza defendatuko duenik, beraz, horrelako apurrekin konformatu behar dugu. Eskertzekoa da “Netflix euskaraz” eta “Pantailak euskaraz” bezalako herri plataformek kontsumitzaile digital euskaldunen eskaria bideratuz egiten duten lana.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Teknologia