Haurrentzako proposamenak euskaraz – 2026ko urtarrila | LK Haurrak
2026-01-05
Haurrentzako proposamenak euskaraz – 2026ko urtarrila | LK Haurrak
Ume, haur, gazte eta ez hain gazteok! Euskaraz disfrutatzeko edukiak nahi dituzue?
Urtarrilean, teatrora joatera animatu nahi zaituztegu, eta horretarako, familia osoari gustatuko zaizkion bi ikuskizun aukeratu ditugu, bata Iruñean eta bestea Donostian, zein baino zein poetikoagoa eta liluragarriagoa. Horrez gain, etxeko guztiak disfrutatzera gonbidatu nahi zaituztegu, liburuetatik pelikuletara pasatu den neskato maitagarri batekin eta bigarren mailako pertsonaia izatetik bere telesail propioa izatera pasatu den animalitxo are maitagarriago batekin. Eta bukatzeko ipuinak ekarri ditugu, haurrentzako eta nerabeentzako ipuinak, entzuteko eta irakurtzeko ipuinak, ipuin asko eta askotarikoak, aski ederrak eta eder askoak.
🎭 Antzerkia eta musika 🎵
Otsailaren 7an, Iruñean, Baluarte Txiki zikloaren baitan, Euskadiko Orkestraren Musika Gelak ekoiztu duen ikuskizuna ikusi ahal izango da, keinu antzerkia eta musika barrokoa uztartzen dituena, Gorka Ganso umoristaren laguntzarekin.
🎭 Antzerkia
Ikusleek eta kritikak txalotu dituzten ikuskizun poetikoak eskaintzera ohitu gaituen Markeliñe taldeak, Donostiara eramango du otsailaren 7an bere azken ikuskizuna, egun batean kartoizko kutxen artean esnatzerakoan, bere haurtzarora itzultzen den aita lanpetuegi baten istorioa.
📽️ Pelikula
Orain arte, milaka haurrek gozatu dute Nurren istorioak irakurtzen, baina orain Toti Martinez de Lezearen pertsonaia ikusten gozatu ahal izango dute, bere abentura zirraragarrienetako batean oinarritutako film honi esker.
🎞️ Telesaila
Shaun ardia telesail bikainean ezagutu genuen Timmy, 3 urteko arkumetxoa, eta orain, etxeko txikienei zuzendutako telesail honetan Timmyk eta bere lagunek haur eskolan bizi dituzten abenturak ikusi ditzakegu, jatorrizkoa bezain dibertigarriak eta zinez maitagarriak.
📚 Irakurgaiak
Irakurle gazteak beti gogoan eta gaztetasuna beti bihotzean izan zuen R.L. Stevensonen bi ipuin bildu ditu Booktegik liburuki honetan: Polinesiako kondairetan inspiratutako Ahotsen uhartea, eta Deabrua botilan, ipuingintza unibertsalaren maisulanetako bat.
🎙️ Podcast
Umetxoei zuzendutako telesail honek ikusgarritasuna eta bizitasuna ematen dio ozen irakurtzearen jarduerari, soinu-efektuen laguntzarekin eta pertsonaien ahotsak eginez, elkarrekin irakurtzen duten aita-semeei esker.
Zein da zure erreakzioa?