
LKHaurrak: Euskaraz disfrutatzeko haurrentzako edukien 2025eko maiatzeko proposamenak
2025-05-07
LKHaurrak: Euskaraz disfrutatzeko haurrentzako edukien 2025eko maiatzeko proposamenak
Ume, haur, gazte eta ez hain gazteok! Euskaraz disfrutatzeko edukiak nahi dituzue?
Maiatzean, izaki txiki-txiki baten eta handi-handi baten arteko adiskidetasun istoria are handiagoari buruzko pelikula batekin hasiko ditugu gure gomendioak. Bideojokoei buruzko podcast bat ere gomendatuko dizuegu, eta feminismoaren historia ezagutzeko jolas interaktibo bat. Euskaraz idaztearen eta euskarazko edukiak topatzearen lanak asko erraztuko dizkizuen bi webgune ere baditugu, eta gazteentzat egindako literatura garaikidea abian jartzeko ezinbestekoa izan zen bilduma zoragarri bat.
📽️ Pelikula
Kostaldeko ur txikietan lehorreratuta geratzen den bale batek bere isatsean bidaiatu duen barraskilo txikiaren laguntza beharko du itsasora itzultzeko, Filmin plataforman euskaraz ikusi daitekeen eta adiskidetasunari gorazarre egiten dion pelikula honetan.
🎙️ Podcasta
Xabier Lizasok gidatzen duen podcast honetan, bideojokoak dira protagonista, eta zaletuei interesatzen zaizkien azken nobedadeak kontatzeaz gain, sakontasunez heltzen zaie gure gizaretan hain leku handia hartu duten joko hauei buruzko eztabaida eta hausnarketei.
💡 Lehiaketa
Feminismoaren historia eta emakumeen ekarpena ulertzeko eta ezagutzeko jolas interaktiboa, materialak inprimatu eta karta-joko bezala erabiltzeko aukera ere ematen duena, eta Euskal Herriko emakumeen historiari bereziki erreparatzen diona.
📑 Hizkuntza-baliabideak
Elhuyar Fundazioaren webgune honek euskara modu egokian eta zuzenean erabili nahi duen edonorentzat hizkuntza-gomendio praktikoak eta argiak ematen ditu, eta euskaraz idaztean edo hitz egitean sortzen diren zalantza ohikoenei erantzuna ematen zaie.
🌐 Webgunea
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Gozatu Sarean Euskaraz ataria sortu du, ingurune digitalerako euskarazko edukiak biltzen dituena, tartean, webserieak, aplikazioak, webguneak, jolasak eta haurrentzako hainbat baliabide.
📚 Literatura
Booktegi webgunean, euskaraz eta doan irakur daitezke Estatu Batuetako eleberrigintzaren aitzindari izan zen Mark Twain idazle satiriko jenialaren hainbat liburu, besteak beste, Tom Sawyer-en abenturen lau parteak (1, 2, 3, 4) eta Tom Sawyer detektibe izeneko jarraipena.
Zein da zure erreakzioa?