LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira ekaineko gomendioak
2024-06-18
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira ekaineko gomendioak
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.
Udako solstizioarekin estreinatuko da Saturraran, heroinaren izurritearekin galdutakoei omen egiteko Juan Carlos Perezek sortu duen opera garaikidea. Primeran plataformatik, berriz, bi estreinaldi aukeratu ditugu, Mirande, film bat egiteko zirriborroa, Josu Martinez zuzendariak hain ezaguna eta ezezaguna zaigun Jon Mirande ezagutzen saiatzeko egin duen dokumentala, eta Izaro Andres musikariak eskeinitako Izaro eta lagunak kontzertua, Eñaut Elorrieta, Amaral edota Iker Laurobarekin. Idazteko zaletasuna duzuenok, adi, uda osoa duzue Augustin Zubikarai lehiaketara nobela proiektu bat aurkezteko, eta uda honetan txango zoragarri bat egiteko gogoa daukazuenok, ez galdu Getxoko Punta Begoñako galerietara bisita gidatua egiteko aukera. Eta bukatzeko kontzentrazio eremu batean girotutako ipuin labur bat, esperientzia hori benetan ezagutu zuen Etienne Salaberria idazlearen Presonierraren segretua.
Opera 🎻
Juan Carlos Perez musikariak, Kirmen Uriberen libretoarekin, bi emakumeren maitasun istorioa kontatzen duen opera garaikidea sortu du, eta ekainaren 22an, Arriaga Antzokian estreinatu da heroinaren izurritearekin galdutako belaunaldiari omenaldi egin nahi dion lan ikusgarria.
Pelikula 🎬
Mirande, film bat egiteko zirriborroa
Iaz estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian eta ekainean Primeran plataformara iritsi da Jon Miranderi buruzko pelikula, Josu Martinez zuzendariari eta Peio Berterretxe aktoreari esker Mirande ikusi eta entzuteko aukera ematen duen dokumentala.
Musika 🎵
Izaro Andresek hainbat abeslari eta lagun gonbidatu zituen 2022ko maiatzean Anoetako belodromora eta Primeran plataforman dago orain Iker Lauroba, Amaral, Eñaut Elorrieta eta beste hainbat gonbidaturekin batera eman zuen kontzertu ikusgarri hori ikusteko aukera.
Bekak 📁
Augustin Zubikarai nobela saria
Irailaren 30erarte aurkeztu daitezke proiektuak Ondarroako Udalak eta Elkar-ek antolatzen duten sariketa honetara, eta irabazleak urte bete eta 8.000 euro izango ditu proiektu hori nobela bihurtzeko eta Amek ez dute, Faith edo Afrikanerrak bikainen bidea jarraitzeko.
Bisita gidatuak 🗺️
Mugarri geologikoa, historiaurreko kokalekua, bateria militarra eta XX. mende hasierako kultura- eta gizarte-zentro ikusgarria izan da Getxoko Punta Begoña historian zehar eta orain aukera dago bisita gidatuen bidez bere historia harrigarria ezagutzeko, erreserba eginda eta egutegiaren arabera.
Ipuina 📚
II. Mundu Gerran Etienne Salaberri idazle baxenafarra preso egon zen alemanen kontzentrazio eremu batean, eta kontakizun labur honetan Stalag horren bihotzeraino garamatza, estilo finarekin, eta modu urragarrian.
Zein da zure erreakzioa?