LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira iraileko gomendioak
2024-09-23
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira iraileko gomendioak
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak. Euskaraz bikoiztuta estreinatu den nazioarteko telesail arrakastatsua, eta nazioartean arrakasta izan zuen euskarazko pelikula gogoangarria. Lehen aldiz euskarara itzulita irakur daitekeen komedia satiriko jeniala, eta hiru euskal kulturgilek elkarrekin egindako lan musikatu eta ilustratu zoragarria. Euskaldunok apenas ezagutzen dugun etorkinen errealitatea ikus arazten duen podcasta eta euskarazko kantu ezagunak inoiz ez bezala entzuteko aukera ematen duen ikuskizuna.
Jaialdia
Aurten, BECen, urriaren 25-26an egingo da, LABORAL Kutxaren babesarekin, euskarazko kantuak zuzeneko orkestrarekin disfrutatzeko aukera ematen duen jaialdia, eta motorrak berotzeko Sarean ikus daiteke 2023ko kontzertu zirraragarri eta ahaztezina.
Telesaila
Zorioneko dira Tolkienen zale euskaldunak, bereziki, Boterearen eraztunak telesailak nola jarraitzen duen jakiteko irrikitan daudenak, Amazon Prime plataformak bigarren denboraldia estreinatu duelako, eta oraingoan, euskarazko bikoizketarekin ikus daiteke.
Pelikula
2014an, Moriarti ekoiztetxeak Zinemaldiaren sail ofizialean aurkeztu zuen pelikula honetan hiru emakumeren bizitzak aldatu egiten dira loreak agertzen hasten direnean. Duela 10 urte euskal zinea ere aldatu egin zen orain plataformetan ikus daitekeen Loreak iritsi zenean.
- Entzun Moriartiko Jon Garaño eta Aitor Arregirekin elkarrizketa, Laboral Irratian, La trinchera infinita estreinatu ondoren (gaztelaniaz)
Album ilustratua eta musikatua
Bere marrazkietatik abiatuta, Antton Olariagak istorio bat sortzea proposatu zion Harkaitz Canori eta musika jartzea Jexuxmari Lopetegiri. Hiruren artean txakur existentzialista bat erditu zuten, arima edertasun zirraragarriz laztantzen duen lan sailkaezin eta ahaztezin bat.
Irakurgaia
Avel.lí Artís-Gener idazle katalanaren eleberri satiriko honetan, Ameriketako indigenak dira kontinente berri batera iristen direnak eta Jexusmari Zalakainek Booktegin argitaratu duen itzulpenari esker, euskaraz irakur daiteke zer gertatzen zaien Europa deskubritzen dutenean.
Podcasta
Azken lau urteotan, Afrikatik etorritako 20.000 migrarik Irungo muga zeharkatu dute, eta zazpi ito dira Bidasoan, baina gutxi dakigu etorkinen errealitateari buruz. Arazo ikusezin hori ikusgarri egitea da Cristina Tapia Huici kazetariak zuzendutako podcast honen helburua.
Zein da zure erreakzioa?