LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko urriko proposamenak
2025-10-20
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko urriko proposamenak
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.
Urriko uzta hasteko, euskal zinemagintza garaikidearen emaitza bikainenetako bat dakarkizuegu, eta nazioarteko hainbat pelikula bikain euskaraz ikusteko modu oso erabilgarri bat. Euskarazko komunikabideen ekosistema oparotik beste bi gomendio ditugu, erreportajeak eta elkarrizketak sakelekoan irakurtzeko eta irratsaioak eta podcastak nahi dituzuen lekuan entzuteko. Eta bukatzeko, euskaraz idazterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko nora jo dezakezuen kontatu nahi dizuegu, eta euskal intelektualik handienaren obra non topatu dezakezuen.
📽️ Pelikula
Estilo ia dokumentalistan baina poetikotasunez, Primeran zerbitzuan eta Filmin-en ikus daitekeen pelikula honek harreman ezohiko bat kontatzen digu, etsaitutako bere anaiarekin bizi den furtibo zahar baten eta angulen salerosketarekin laguntzen dion etorkin gazte baten artean.
🎞️ Euskara
Pelikulak jatorrizko bertsioan ikusten badituzue eta euskarazko azpitituluak nahi badituzue, webgune honetan nazioarteko milatik gora pelikulenak topatuko dituzue, eta bertan dituzue baita pelikulak nola ikusi eta azpitituluak nola jarri edo egin jakiteko argibideak.
📖 Aldizkaria
Aldizkari multimedia da Ttap, euskarazkoa eta doakoa, interesgarria mamiz eta erakargarria azalez, nagusiki erreportajez eta elkarrizketez osatuta dago eta eskuko telefonoetan irakurtzeko aplikazio bezala lor daiteke, Apple Store edo Google Play plataformetan.
📚 Komunikabideak
2001ean Euskal Herriko 23 irratik haien arteko elkarlana bultzatzeko federazioa osatu zuten, eta ia mende laurden geroago, elkarlan horren emaitzak interneten topatu daitezke, Arrosa sarearen irratietako programazioa eta podcastak biltzen dituen webgunean.
💡 Pentsamendua
Uztailean, Joxe Azurmendiren heriotzarekin, Euskal Herriak bere intelektualik inportanteena eta bururik argiena galdu zuen, baina bere obra Sarean bildu duen Jakineko lantaldeari esker, bere lana ez da galdu, eta iluminatzen jarraitzen gaitu, gu geu ere gal ez gaitezen.
🗣️ Euskara
Orain arte, Lur hiztegi entziklopedikoa, Laboralaren babesarekin egindako gaztelania-euskara hiztegia, eta Batua.eus itzultzaile automatikoa zor genizkion, besteak beste, Elhuyar elkarteari eta orain beste hau ere zor diogu, idazterakoan ditugun zalantzak argitzen dizkigun zerbitzua.
Zein da zure erreakzioa?