Loraldia, Bilbo Bronx bihurtuko duen euskarazko kultura-jaialdia
2017-03-06
Loraldia, Bilbo Bronx bihurtuko duen euskarazko kultura-jaialdia
LABORAL Kutxak babestuko du Bilbon egingo den rap eta hip-hop musika ekitaldia, martxoaren 18an, Bilbronx izenarekin eta Loraldia jaialdiaren baitan.
Loraldia, Bilbo Bronx bihurtuko duen euskarazko kultura-jaialdia
Atsegin dituzu hip hopa, scratch musika eta rapa?
Hortaz, Azkuna Zentroan izango gaituzu zain, hilaren 18an, 19:00etatik aurrera; oso gau-ekitaldi oparoa izango dugu. Hasteko, parkout lantegia eta erakustaldia izango ditugu. Diziplina fisiko horretan, dantza-mugimenduak, jauziak eta patinak nahasten dira, hiri-inguruneetako oztopoak gainditzeko. Ezagutzen ez baduzu, harritu egingo zaitu. Eta ezagutzen baduzu, agian grazia egingo dizu umorez jantzitako hurbilketa honek.Gaueko 21:00etan hasiko da musika. Ordu horretatik aurrera, bertako eta nazioarteko rapik eta hip hopik onenaz gozatu ahal izango duzu Bilbronxen. Lehenik eta behin, 2zio lapurtarren txanda izango da; segidan, Londreseko hip hopa ekarriko digu Acykal & Layiee taldeak; eta, ondoren, EH2000 & Laize bizkaitarrak izango ditugu. Gonbidatu bikainez gain, Euskal Herrian egiten den scratch musikaren lehen lehiaketaz gozatu ahal izango duzu bertatik bertara, eta Dotline Tattoo estudioko artista berlindarrek egiten dituzten tatuajeak eta body modificationak ezagutu ahal izango dituzu. Plan bikaina prezio paregabean: 5 euro ikus-entzule orokorra bazara eta 3 euro baino ez lorazaina izatera animatzen bazara, Loraldiko programazio osoan deskontuak lortzeko.
Kultura loratu egingo da Bilbon, martxoaren 7tik apirilaren 8ra
2015ean heldu zen Loraldia Bilbora, bere kultura-eskaintza euskarazko ekoizpen onenekin osatzeko, eta lehen bi urteetako arrakastak berretsi egin du apustu horren egokitasuna. Hirugarren edizioak ez du atzera geratzeko asmorik. Programazioaren barruan, Ez Dok Hiruren estreinaldia aurkituko dugu, euskal musikaren iragan hurbilari umorez begiratzen dion proposamen eszenikoa. Gure agertokietan eskarmentu handia duten Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak dira protagonistak. Streap Tease ere estreinatuko da; Arriaga antzokiak ekoiztu du eta elkarri lotuta ez dauden baina gai bera (biluztasuna) ukitzen duten lau piezak osatzen dute.Loraldia Elkarteak hobetu egin nahi du euskal kulturaren transmisioa, eta ikusgaitasun handiagoa eman nahi dio. Horretarako, Kukairen dantza garaikideaz edo Iñaki Salvador eta Oreka Tx musikari handiez gozatzea proposatu digu aurten. Aurtengo jaialdiak kulturaz osotasunean gozatzeko aukera dakarkigu, eta hauek eskainiko dizkigu: literatura-hitzaldiak, bidaia Mikel Laboaren musika-legatura, Lorcarengan eta haren unibertso surrealistan inspiratutako antzerki-proposamen bat, jazz-kontzertuak…, guztiak ere, nola ez, LABORAL Kutxak babestuta.
Ezin zen bestela izan. Kreditu-kooperatiba garen aldetik, beti uste izan dugu kultura-sorkuntza babestea, kultura ekoizteko eta transmititzeko prozesuak sendotzea eta sustapenean laguntzea funtsezkoak direla, gizarte kooperatiboago, sortzaileago eta zoriontsuagorantz jotzeko. Horregatik dago gure DNAn, gure gizarte-lanean eta gure fundaziotiko konpromisoan; hauxe da: sortu gintuen eta gure helburu den ingurua hobetzen laguntzea.
Loraldian ikusiko dugu elkar!
Zein da zure erreakzioa?