
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria
2014-11-12
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria
Mariasun Landak eta Jean-Baptiste Orpustanek jasoko dute gaur Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria.
Aurtengoan, irakaskuntzan eskarmentu handia duten bi lagunek jasoko dute saria: Mariasun Landak, irakasle izateaz gain euskarazko haur-literaturan erreferentzia denak, eta Jean-Baptiste Orpustanek, lexikografian, hizkuntzalaritza-historian, literaturan, onomastikan eta itzulpengintzan aditua denak.
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria
Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria 1995ean sortu zen, aipaturiko alorretan curriculumik aipagarrienak dituzten jardunean dauden pertsonak saritzeko. Aurtengo banaketa-ekitaldian euskal kulturako izen handiak bilduko dira. Horiekin batera Iñigo Urkullu lehendakaria ere izango da.Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa-ko sarituak
Mariasun Landa (Errenteria, Gipuzkoa, 1949) Filosofian lizentziatua da Pariseko Unibertsitatean, eta Filosofia eta Letretan lizentziatua Valentziako Unibertsitatean. Irakasle izan da Oinarrizko Hezkuntzan, baita irakasleria euskalduntzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuan ere, eta Literaturaren Didaktikako irakasle titularra Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (EHU). Irakasle-lanaz gain, euskarazko haur- eta gazte-literaturaren esparruan nabarmendu da. 30 liburutik gora idatzi ditu, hizkuntza askotara itzuli dituztenak. Era berean, sari ugari jaso ditu, besteak beste, Haur Literaturako Lizardi saria (1982), Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria (1991) eta Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala (2003).Jean-Baptiste Orpustan (Ortzaize, Nafarroa Beherea, 1934) ohorezko irakasle da Michel de Montaigne Bordeaux III unibertsitatean, lexikografian, hizkuntzalaritza-historian, literaturan eta onomastikan espezialista, eta gainera, itzulpengintzan eta euskal literaturan aditua. 1990etik Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunera atxikitako ikerketa-unitate bateko zuzendari da, IKER euskara eta euskal testuen ikerketa-zentroak argitaratzen duen Lapurdum zientzia-aldizkariaren sortzaile eta Izpegi argitaletxearen sortzaileetako bat, Pierre Bidart antropologiako irakaslearekin batera. Euskal literatura, historia eta toponimiari buruzko lan ugari eman ditu argitara.
20 edizio eta saritu-zerrenda luzea
Hona hemen azken 19 urteotan eta 20 ediziotan Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria jaso dutenen zerrenda:- Mariasun Landa eta Jean-Baptiste Orpustan
- Francisco Etxeberria, María Carmen Gallastegui
- Joxe Azurmendi
- Maria Bayo
- Joxerramón Bengoetxea
- Javier Elzo
- Daniel Innerarity Grau
- Gregorio Monreal Zia
- Maïté Lafourcade
- Nestor Basterretxea Arzadun
- Juan San Martín Ortiz de Zarate
- Gurutz Jáuregui Bereciartu
- Bernardo Atxaga (Jose Irazu)
- Juan Garmendia Larrañaga
- Miguel Artola Gallego
- Eduardo Chillida Juantegui
- Jesus Altuna Etxabe, Juan Plazaola Artola
- Luis Villasante Kortabitarte
- Alvaro d’Ors eta Pérez Peix
- Julio Caro Baroja
Zein da zure erreakzioa?