«Nik euskal kazetari izateko hautua egin dut, euskaraz nabil lanean, horrek dakarren guztiarekin»

«Nik euskal kazetari izateko hautua egin dut, euskaraz nabil lanean, horrek dakarren guztiarekin»

13 min.

«Nik euskal kazetari izateko hautua egin dut, euskaraz nabil lanean, horrek dakarren guztiarekin»

Ilaski Serrano, kazetaria eta aurkezlea.

Ilaski Serrano (Bermeo, 1976) kazetariarekin hitz egin dugu, bere ibilbide profesionalari buruz eta ‘Ahoz aho’ saioan, aurkezle eta elkarrizketatzaile bezala egiten duen lanari buruz. Asteazkena, arratsaldeko bosterdiak, EITBren egoitzan gaude, Bilbon, Ahoz aho saioan egunero elkarrizketatzen dituzten gonbidatuentzako gela txikian. Platora sartu baino lehen hemen egoten dira zai, musikoak, idazleak, dantzariak, aktoreak eta zine zuzendariak, beraien lanak aurkeztera etortzen diren sortzaileak. Gure gonbidatuak, programaren lehen partea aurkezten duen kazetari bizkaitarrak, badaki batzuk urduri etortzen direla eta programa baino lehen denekin saiatzen da kafe bat hartzen. Asko ezagunak dira beretzat, irratian eta telebistan egin duen hogeitik gora urteko ibilbide profesionalean ezagutu dituenak.   Lehiaketak, sari banaketak, musika saioak, jaietako programak, albistegiak, ohituta dago denetarik egitera, egoerarik konplikatuenetan, baliabide gutxirekin,  profesionaltasunaren maila gorena adierazten duen moduan, naturaltasunez. Orain, Ahoz ahon, Ilaski Serranori elkarrizketa pausatuak egitea tokatu zaio.  

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.  

ILASKI SERRANO. Egia da. Telebistan gaurkoak balio du. Eta egia da. Orain arte egindako denak ez du balio ezertarako. Orain 20 urte hau egiten nuen, ja! baina gaurkoak balio du. Gaurkoak balio du biharko. Beti zerotik hasten gara. Ze nekagarria... baina zorionez.    

Oraintxe hasten zara atzera begiratzen, aiba! ba niri hau beti gustatu izan bazait, umetatik, elkarrizketak irratian, elkarrizketa telebistan, eta aintzinako elkarrizketa haiek, pausatuak zirenak, eta ez da publiko denentzat, ni oso kontziente naiz, baina gustatzen zaionari, asko eskertzen du eta hor be egongo ziren, bueno, ba zein elkarrizketatuk dut, arduradun instituzional bat, egia esaten ez duena gauza bati buruz, datu faltsuekin eta nik kontrastatu behar dut, etabar etabar, hor bai, sartu beharko zinatekeela horrelako zeozertan, edo gure kasuan, nire kasuan, bere lana aurkezten duen sortzaile bat, bere proiektua kontatzen daukadan, miresten dudan pertsona bat, oso gradu diferenteak dira, bada ezinbestekoa niretzat haien erosotasuna bilatzea eta haiek gustura egotea. Eta gero esan behar baita ere askotan borondatezko elkarrizketak direla, programa desberdinetan maila desberdinak daude, baina hemen jendea dator bere liburuari buruz hitz egiten, edo bere diskoari edo bere proiektuari buruz berba egitera ezerezen truke. Eta orduan nik jarri behar dut nire aldetik.  

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa).  Beti jarri du asko bere aldetik 1976an Bermeon jaiotako langile nekagaitz honek. 21 urterekin, Euskadi Gaztean lanean hasi zenerako, tokiko aldizkarietan eta medio txikietan esperientzia zeukan. Irratia unibertsitate ikasketekin bateratu zuen hasieran eta telebistarekin gero. Betizu, Kuxkuxeroak, KTM, Airean, Azpimarra, eta 8 urtez Euskal Telebistaren saio arrakastatsuenetako bat –Mihiluze–, era guztietako programak egin ditu baina bapatekotasuna gustatzen zaio eta zuzeneko saioek eskatzen duten arreta.  

ILASKI. Adi egon behar zara, egon behar zara entzuten. Egon behar zara zentzumen denekin. Burua ehuneko ehun euki behar duzu baina ya está. Hau momentua da. Eta gainera sentsazio hori, ehuneko ehun, asko gustatzen zait eta gainera ikusten dut buruak funtzionatzen didala, ze batzuetan neure dudak daukadaz. Baina ikusten dudanean zuzenekoan begi batekin nagoela artezleari begira, bestearekin ordua, bestearekin erantzuna, bestetik pinganillotik esan didate ez dakit zer, eta diot, ui, zazpi gauza batera egiteko gai naiz, ze dibertigarria, ba ze ondo.  

IRATI (LK). Dibertitu: askotan errepikatzen duen hitza da lanarekiko bere gaitasunaz hitz egiten duenean, dibertitu egiten dela dio. Sarritan errepikatzen duen beste bat? Sortu.  

ILASKI. Sentsazio hori, ezta? Zeozer sortu dut, azkenean programa bat zerotik hasten delako, paper zuri bat daukat, gaur zer, ezta, eta zeozer sortu dogu hor. Baina sentsazio hori dibertitzen nauela. Eta zenbat jende dauka aukera lanean dibertitzeko, ezta? Lana da, lana. Baina dibertitzen nabil.  

IRATI (LK). Aspertzeko denborarik ez du hartu. Unibertsitatean zegoen, kazetaritza egiten, irratian hasi zenean eta unibertsitatera itzuli zen irratia utzi zuenean, nahiz eta telebistan jarraitu. Bi karrera egin ditu, momentuz. Antropologia, bigarrena, pasioak bultzatuta eta kazetaritza, lehena, ia-ia kasualitatez.  

ILASKI. Hor euki nituen zalantza batzuk. Ze gustatzen zitzaidan soziologia, gustatzen zitzaidan antropologia, kazetaritza… dena gustatu. Orduan, irakasle batek, ikastolan, “Serrano, zoaz irratira, berba bakarrik egiten duzu eta”. Txarrerako (barreak). Eta orduan esan nuen, “a, ba, begira ze ideia ona”. Gaur da eguna pote bat hartzen, arrantzale egunean, esaten diodana, “begira, orain entzuten zaitut”.  

IRATI (LK). Ez da zaila. Hogei urte asko dira telebistan eta berak hasieratik ezagutu zuen arrakasta, baita erdal hiztunen artean ere, herriz herri zihoan Betishow saioari esker, adibidez. Ospea ez du bilatu, baina lanak ekarri dio ezagun izatea eta jakin du hori ere profesionaltasunez eta naturaltasunez eramaten.  

ILASKI. Argi eduki dut hau lanbide bat dela, ez dela beste ezer, ni ez naizela zu baino hobea ezergatik. Orduan ni saiatu naiz gauza oso normalak egiten, kalera irtetzen, betiko txosnan pote bat hartzen, betiko herriko jaietara joaten, eta orduan ikusten zaituzte eta normala zara, paisaiaren parte zara.   Harreman hori, ezta? Etorri, jendeak komentarioren bat egin, umorez hartu...  

IRATI (LK). Gehienak positiboak izaten dira edo atseginak?  

ILASKI. Bai, bai. Nik pentsatzen dut hor badagoela, ikusten gaituena… ez dakit euskaldunak garelako, edo zer den, baina beste errespetu bat, eta beste aldekotasun bat. Kontrakorik… ez dudalako jaso. Ezin neuke ere ez, igual, e?  

IRATI (LK). . Beharbada ez. Ezin dugu edozein egoeratan ondo lan egin. Eta ez dugu egoera guztietan berdin egiten. Gure elkarrizketatuak lantaldeekin zortea izan zuela dio, gehien inporta zuenean. Zortea zer den? Babestua izatea. Eta gehiago ere bai.   ILASKI. Egia da, batez ere irakaspen bat atera dudala lan taldeetatik eta da ze ondo funtzionatzen dudan nik maitatua naizenean eta ze txarto ez naizenean maitatua. Eta orduan, a ber ulertzen da, gu irratian banaka egoten ginen baina familia bat ginen, hamaika pertsona egongo ginen emisora guztian, Euskadi Gaztean, esate baterako? Eta asko laguntzen ginen, bata besteari mesedeak egiten, umorez, familia txiki bat zen, ezta? Gero hortik telebistara etorrita, oso babestuta sentitu naiz hasierako urteetan. Mihiluze famili bat izan da, zortzi urte egon ginen, zortzi denboraldi, eta familia bat izan da eta orduan sentitzen zara oso babestua, oso maitatua. Hori bukatu eta gero apur bat bai etorri da errealitatea. Lan talde ez aukeratuak, ezarriak. Horri euki ditut esperientzia ez on batzuk eta konturatzen zara, topatzen dituzu ba laguntzen ez duen jendea, gaiztoa den jendea, eta pentsatzen duzu, eskerrak orain izan dela hau, hasieran izan balitz afektatuko lukeelako nire profesioan. Oso-oso babestuta egon naiz hasierako urte luzeetan eta orain beste tresna batzuk daukazuz, eta onartzeko gauzak edo distantzia bat hartzeko edo dena delakoa.   

IRATI (LK). Lanean lagunik ez dagoela edo hobe dela lagunik ez egitea. Bada hori uste duenik. Ez direla lankideak eta lagunak nahastu behar. Hori ere bai. Beste jende batek kontrakoa ustea du. Lankide onak izateko apur bat lagunak izan behar garela. Eta lankideak lagun handiak izan daitezkeela.  

ILASKI. Nik orain momentuan ditudan lagun handienak nire bizitzan eta ezinbestekoenak lanean topatukoak dira. Zalantza barik. Elkar ulertzen dugulako eta elkarren erretolika oso ondo ulertzen dugulako profesio berdinean gaudelako eta elkar ulertzen dugulako. Nik ulertzen dut laguntzeko nagoela. Lan talde baten helburua komuna dela, nahiz eta zu eta ni ez izan lagunak baina helburua komuna da, nik horrela ulertzen dut. Behintzat ez badidazu lagunduko, ez banauzu babestuko, trabarik ez jarri. Gutxienez. Orduan, bai, iruditzen zait horrelako esperientzia bat badaukazu edo ez da izan inoiz helburua lan hau egitea gazteagotan, beste programa batzuetan eta, hasten direnean zuri itxura neurtzen, edo zure adina, edo laster zaharra izango zara telebistarako eta ez dakit zer, oso gaztetan entzunda. Diozu kasu eginda honi, non egongo nintzen. Orduan, zorionez, orain 20 urteko harek esaten zuen, hau ez da nire gerra, nire gerra da gauzak ikastea, ondo aurkeztea, beste bat, ondo pasatzea, ez bada hori helburua…  

IRATI (LK). Baina entzuten dira horrelako komentarioak…  

ILASKI. Bai, bai, hombre entzuten direla horrelako komentarioak.  

IRATI (LK). Adina, pisua, janzkera, orrazkera, ahotsaren tinbrea, aurpegiarekin egiten diren keinuak, ibiltzeko modua, altuera. Ezaugarri horiek gizonenak edo emakumeenak izan daitezke, gorputza denok daukagu. Eta hala ere, adina, pisua, janzkera, orrazkera, aipatu eta zuetako zenbatek imajinatu duzue emakume bat? Emakumeen gorputzak publikoki komentatzeko baimena ematen dio gizarte honek bere buruari, gizonei ez bezala. Eta orain zailak diren gauza batzuk zailagoak ziren lehen duela hogei urte, gure gonbidatuaren karrera hasi berri zenean.  

ILASKI. Batez ere bakarka egin behar den ariketa bat delako. Orain arte horrelako sarerik ez dugulako euki, zorionez ikusten dut gaur egun sareak osatzen direla, gainera diziplina desberdinetako emakumeak, eta konplizeak leku denetan daudela eta askoz errazagoa izan ahal dela momentu honetan emakumeontzat sentitzen duguna konpartitzea eta laguntza eta laguntasuna leku askotatik dator, baina bai izan da ariketa bat orain arte bakarrik egin duguna eta egin dugunok ariketa hori eta oso kontzienteak izan garenak, zorionez, orain izena eta abizena jartzen diogu guztiari eta badakigu terminoetan jartzen zer zen bizitzen genuena, orduan ez, baina bueno, euki behar duzu kontzientzia ere ere bai, nik ikusten dut batzuk ez daukatela eta orduan esaten duzu, bakoitzak bereagaz, baina eduki behar da, zeure burua zaindu behar duzu eta iruditzen zait justua dena aldarrikatu egin behar dela eremu denetan eta ariketa hori eginda, hasieran bakarrik eta orain jada konpartituta –askoz gozoagoa dena– ba, askoz hobeto.  

IRATI (LK). Kazetari moduan gaztetan hasi ziren emakume asko oroitzen ditugu, baina gutxi lan horretan gure elkarrizketatuak bezain beste iraun dutenak. Bermeo, Ondarroa, Lekeitio, kostaldeko herrietako emakume bizkaitarren energiak zerikusirik ote du?  

ILASKI. Egia da gauza kultural bat da eta heziketa dela, esaten dugunean dena dela kulturala eta egia da. Zer ikusten duzun, zer erakusten dizuten. Eta guk ikusi dugu gure inguruan emakume indartsuak, emakumeak erabakiak hartzen dituztenak, emakumeak ez direnak isiltzen, emakumeak aurrera ateratzen dutenak, familia aurrera ateratzen dutenak, guk hori dena ikusi dugu eta guretzat hori normala da.  

IRATI (LK). Gizonak itsasora bidaltzen dituzten kostaldeko herri arrantzaleetan, gizonek agindu dute, baina genero-harremanetan emakumeek botere gehiago eskuratu dute, indar gehiago ere bai. Emakume horiei, bere herrikoei dedikatu zien Ilaski Serranok, 2008an irabazi zuen Hegaluze Saria, arrain azokak urteko bermeotarrari ematen diona. “Eta gizonak?” galdetu omen zioten, herriko gizonek, sariaren eskaintza egin zutenean. Barrez kontatzen du anekdota, mitifikaziorik gabe hitz egiten du herriari buruz.   ILASKI. Ni batzuetan sentitu naiz itota herrian, ezta? Gazteagotan. Hasten zarenean gauzak egiten eta herritik irtetzen eta ikusten duzu denbora ez dela pasatzen, bertan gaudela betiko kontuei bueltaka eta orduan eduki ditut horrelako momentuak ere bai. Baina orain egin naiz lagun. Ikusten dut badagoela harrotasun bat, momentu batzuetan harrokeria izan dena eta hori ez zait gustatzen. Baina horrek badakar horrelako umore bat, horrek badakar horrelako konplizitate bat, horrelako txiste etengabe bat eta umore bat, asko eskertzen dena.  

IRATI (LK). Harrotasuna, umorea, dibertitzeko gaitasuna, jakinmina, sormena. Zerk egiten gaituen gu geu ez dakigu. Baina nor garen jakitea inportantea da. Edonola eta edonon bukatu nahi ez badugu erabaki batzuk hartzea komeni da. Batzuetan bat nahikoa izaten da. Ilaski Serranok argi dauka zein izan den berea.  

ILASKI. Nik euskal kazetari izateko hautua egin dut. Euskaraz nabil lanean, horrek dakarren guztiarekin, askoz konplizitate sare handiagoak lortzen nabil euskarazko kazetari izanda, euskal sortzaileekin, euskarazko agente desberdinekin, azkenean iruditzen zaidalako… ezin naiz joan erasotzen, ezin naiz joan kritikatzen buru barik, helburu komunetan gaudelako sartuta, ezta? Segur aski, bueno, ba, beste hizkuntza batzuetan ez nuke eukiko txip hori ere ez. Euskal kazetari izateak eragina dauka nire lan egiteko eran. Euskal kazetari izateak euskal telebista baten eragina dauka ze programa egin edo ze proiektatu. Kaka egingo nuke baina ez Euskal Telebistan. Programa kaka egiten asko dibertitzen da. Hori ere badiotsut. Orduan egingo nuke horrelako gauza bat, baina ez nire hizkuntzan eta nire izaerarekin eta nire telebistan. Orduan dibertitzen naiz egiten dudanarekin, baina iruditzen zait ez dakit badaukagula asko maite dut hau eta gauza orokor baten baitan maite dut. Ez da nire karrera, ez dakit zelan esan. Ez naiz ni.  

IRATI (LK). Eta norbera norbera izan behar dela, jakina, hori da kontua. Inorekin konparatu gabe. Euskara beste hizkuntza batzuk baino txikiagoa dela egia da, baina txikia dela esatea egia da?  

ILASKI. Ez dut konparatzen. Ez dut konparatu inoiz. Beti delako… ez dakit. Neurea da. Zeu zara. Handia, txikia...ez da alderatu behar. Hau da daukadana, hau da naizena, eta horregaz noa aurrera. Ez dut euki inoiz hori konparatzeko beharrizana eta ez dut sentitu inoiz txikitasun hori ere ez eta orduan, ba, bueno, ba, dagoanarekin, ze gustura.  

IRATI (LK). Euskaraz lan egiteak oztopo batzuk berezkoak ditu kazetari batentzat, beste hizkuntza batzuetan ez daudenak. Aukerak ere bai. Inportantea da euskarazko kazetaritza bere komunitatean, kulturak prestijio bat dauka. Euskaraz lan egitea, abantaila edo desabantaila?  

ILASKI. Iruditzen zait eta ez da ez abantaila ez desabantaila. Esaten nabilenean ba niri ere ematen dit inbidia Ricardo Darín badator Bilbora, bajatuko nintzateke neu ere Arriagara elkarrizketa bat egiten. Eta diñot, nik ez daukat aukera hori, erderazko telebistan badagoena, baina nire tamaina neurea da, ez da ez handia ez txikia. Bai, konparatzen baduzu erdal hizkuntza erraldoiekin baina nire tamaina neurea da eta daukadanagaz aurrera noan urteak eta urteak eta urteak eta hogei urte eta jarraitzen dut lanean. Orduan ez dago inongo arazorik. Beste batzuk eskapatzen zaizkit, ba, bueno, etorriko bazen Harrison Ford joango nintzateke.  

IRATI (LK). Harrison Fordek eta Ricardo Darinek galtzen dute kasu honetan (barre)  

ILASKI. Ricardo Darinek batez ere.  

IRATI (LK). Sortzea, ikastea, dibertitzea. Maitasunez inguratuta eta babestua egotea. Erabakiak hartzea, onak ahal bada. Zorte apur bat izatea. Guzti horiek izan dira bidean lagungarriak kazetari todoterreno honen ibilbidean. Ahaztu zaigu bat, Bermeoko emakumeei buruz gure gonbidatuak aipatu duena: umorea. Iluntzen doa arratsaldea, elkarrizketa bukatu eta EiTBren egoitzatik ateratzen garenean. Gu ostera, umore onez goaz. Gogoan ditugu egin eta entzun ditugu barreak. Gangarrak, gorputz osoarekin egiten direnak.


Zein da zure erreakzioa?