Nola antolatu finantzak bikotean

Nola antolatu finantzak bikotean

3 min.

Nola antolatu finantzak bikotean

Bikotean bizi zarenean edo pisua partekatzen duzunean, garrantzitsua da finantzak elkarrekin kudeatzen jakitea. Ezinbestekoa da zure bikotearekin diruaz lehen minututik hitz egitea. Horrela, zure gastuak modu eraginkorrean antolatu ahal izango dituzu, eta, gainera, gaizki-ulertuak saihesteko aukera izango duzu. Hona hemen finantzak elkarrekin antolatzeko gomendio batzuk:

Hitz egin diruaz zure bikotekidearekin

Komunikazioa funtsezkoa da harremanetan, baita gai ekonomikoei buruzkoa ere. Oinarrizkoenetik hastea komeni da: bakoitzak zenbat irabazten duen. Garbi hitz egin behar duzue etorkizunean arazorik eta gaizki-ulerturik ez izateko. Helburu komunak finkatzea gomendatzen da, etxe bat erostea, kotxez aldatzea edo bidaiatzea, adibidez, zuen interesak bat etor daitezen.

Mantendu kontu bateratuak eta aurrekontu komun bat

Gastuak partekatzen dituzten bikoteak hala egiten ez dutenak baino zoriontsuagoak dira, eta kontu bateratuak dituztenek gehiago irauten dute dirua banaka kudeatzen dutenek baino, Estatu Batuetako Familia eta Bikote Ezkonduen Ikerketa Zentroaren txosten baten arabera. Horregatik, bien izenean dagoen banku-kontu bat izatea eta biek ekarpenak egitea gomendatzen da. Kontu hori etxekoa izan liteke, gastu komunak ordaintzeko: elektrizitatea, ura, janaria, Internet eta telebista.

Kontu bereiziak norbere aisialdirako

Elkarrekin bizi eta horrek gastuak eragin arren, bakoitzak bere lekua behar du zaletasun pertsonalei dagokienez. Kontu bateratuarekin ordaintzen badira, eztabaidak sor ditzake. Zergatik gastatzen duzu horrenbeste bideojokoetan eta nik askoz gutxiago musikan? Bakoitzak norbere aisialdi-gastuetarako aurrekontua izatea da irtenbidea. Erabaki horrek badu beste abantaila bat: biek diru gutxiago gastatuko dute kapritxoetan, eta beharrezkoak ez diren gauza gutxiago erosiko dituzte. Kontu komun bat eta norbere nahietarako aurrekontu txikiagoa izanik, gehiago hausnartuko dute produktuak plazer hutsagatik erosteko orduan, eta horrek kontsumismoa murriztuko du.

Zenbateko ekarpena egin beharko luke bakoitzak?

Bikotekide bakoitzak familia-ekonomiara zenbateko ekarpena egin behar duen erabakitzea da gai garrantzitsuenetako bat gatazkarik ez izateko. A priori, bakoitzak diru-kantitate bera jartzea izango litzateke bistakoena, baina hori diru-sarreren araberakoa da. Proportzioa soldatara egokitzea da egokiena, bidezkoa izan dadin eta diru-sarrera gutxien dituenari kalterik eragin ez diezaion. Ehunekoa gastu bakoitzerako kalkula daiteke eta, horrela, bietako bat ez da gehiegi itoko, besteak inbertsio batzuk kendu behar dituen bitartean. Doikuntzak egin behar dira bidezko oreka lortzeko eta haserrerik ez eragiteko. Laburbilduz, hauek dira kontu bateratu bat izatearen abantailak eta desabantailak.

Kontu bera izatearen abantailak

  • Gardentasuna sustatzen du.
  • Konfiantza sorrarazten du.
  • Kontu guztien ordainketa errazten du eta ez da beharrezkoa bakoitzari zenbat dagokion kalkulatzea.
  • Besteak egindako gastuekin lotutako «ezusteko desatseginak» aurkitzeko aukerak murrizten ditu.
  • Soberakinak larrialdietarako funts batean gorde daitezke automatikoki, aurrezteko edo aktiboetan inbertitzeko.
  • Bietako bat hiltzen bada, bikotekideak funtsak berehala eskuratzeko aukera izaten jarraituko du.

LABORAL Kutxan ez dugu bikoteentzako konturik, gure kontu guztiek titular bat edo gehiago izan baititzakete. Horien baldintzak ez dira aldatzen titular kopuruaren arabera. Beraz, zuen premietara gehien egokitzen dena aukeratu behar duzue: Aurrezklik &, Etxebizitza Kontua edo Max Kontua. Irekitzeko eta ixteko, bi titularrek egon behar dute halabeharrez, baina dagoeneko bezeroak bazarete, online egin dezakezue. Zoritxarrez, zuen harremana bertan behera uztea erabakitzen baduzue, bulego batera joan beharko duzue kontua ixtera.  


Zein da zure erreakzioa?