Nola funtzionatzen dute nazioarteko transferentziek?

Nola funtzionatzen dute nazioarteko transferentziek?

4 min.

Nola funtzionatzen dute nazioarteko transferentziek?

Duela urtebete, 2014ko otsailaren 1ean, gure libretetan zenbaki berri bat, IBAN, agertzeko epemuga bete zen, bizi osoko gure kontu-zenbakia ordezkatuz. Eurotan ordaintzeko eremu bakarra (SEPA edo Single Euro Payments Area) indarrean sartu izanak eragin zuen aldaketa hori. SEPAk eurotan egin beharreko transferentziak errazten ditu Euroguneko herrialdeen artean, Islandia, Liechtenstein, Monako, Norvegia eta Suitza barne, baina nola egiten dira nazioarteko transferentziak? Jakingura baduzu, orain kontatuko dizugu.

Nola identifikatzen dira banku-kontuak?

SEPA sortu aurretik, nazioarteko transferentziak konplexuagoak ziren, kontuetako kodeak nazionalak zirelako eta horiek kontu bakoitzaren herrialdea islatzen ez zutelako, hain zuzen. Horregatik, ezinezkoa zen zenbaki bakoitza zein herrialderi zegokion jakitea. Gaur egun, eurotan ordaintzeko eremu bakar horri esker, sistema izugarri sinplifikatu da, eta kontuak nazioarteko numerazio batekin identifikatzen dira, herrialde guztietan irizpide berberak partekatzen dituztelarik:

  • IBAN zenbakia (International Bank Account Number) kontuko gure 20 zenbakiez eta herrialdearen eta IBANaren kontrol-zenbakia identifikatzen duten beste 4 karakterez osatua dago. LABORAL Kutxan, gure bezero guztiek zenbaki hori kontsulta dezakete beren libretan nahiz Online Bankan sartuta. Gainera, norbaiten BKK (bezeroaren kontu-kodea) ezagutuz gero, SEPAren webguneak IBAN zenbakia kalkulatzeko erreminta bat eskaintzen du (gaztelaniaz dago).
  • BIC (Business Identifier Code) edo SWIFT. Europar Batasunetik kanpo dauden bankuen arteko transferentzia eta eragiketetarako erabiltzen da. Gure banku-entitatea identifikatzen duen zenbakia da eta 8 karakterez osatua dago. Karaktere horiek entitatearen izena eta haren herrialdea eta herria adierazten dituzte; LABORAL Kutxarena, adibidez, CLPEES2M da. 11 digitu ere izan ditzake, aipatutako 8 karaktere horiez gain, batzuetan sukurtsala adierazten duten beste 3 digitu agertzen baitira.
Zein datu behar ditugu nazioarteko transferentziak egiteko?
  • Transferentzia bidali nahi diogun pertsonaren IBAN eta BIC kodeak.
  • Pertsona onuradunaren izena eta posta-helbidea.
  • Pertsona onuradunari dagokion bankuaren izena eta posta-helbidea. Bankuaren helbideak aurkeztutako BIC edo SWIFT kodeari dagokiona izan behar du.
Nola egiten dira banku-entitateen arteko diru-transferentziak? Bitarteko entitateak

A banku-entitate batek nazioarteko Z entitate bati dirua transferitu ahal izateko, A entitateak kontu bat izan behar du Z entitatean. Horrela ez bada, A entitateak zer entitatetan dituen kontuak begiratzen du, eta Z entitatean kontu bat duen entitate bat aukeratzen du. Horrela, banku-entitateek zenbatekoa azken onuradunari iristen zaiola bermatzen dute. Batzuetan, bitarteko entitate horiek komisioak edo gastuak kobratzen dituzte beren zerbitzuak eskaintzeagatik.

Nork ordaintzen ditu komisioak nazioarteko transferentzietan?

Transferentzia nazionaletan bezala, banku-entitateek kantitate jakin bat kobratzen dute beren zerbitzuak eskaintzeagatik. Transferentzia agintzen duen pertsonak hiru modalitate hauen artean aukera dezake:

  • OUR aukera: transferentzia egiten duena (agindu-emailea) arduratzen da gastu eta komisio guztiak ordaintzeaz, eta onuradunak oso-osorik jasotzen du transferentziaren zenbatekoa.
  • SHA aukera: gastuak eta komisioak transferentzia jasotzen duenaren (onuraduna) eta agindu-emailearen artean banatzen dira. Horrenbestez, onuradunaren entitateak eta/edo bitarteko entitateak zerbitzu hori eskaintzeagatik kobratzen dituen gastuak eta komisioak kentzen zaizkio transferentzia-zenbatekoari. Halere, onuradunak ez ditu entitate agindu-emailearen gastuak ordaintzen.
  • BEN aukera: onuradunak ordaintzen ditu gastu eta komisio guztiak. Transferentzia-zenbatekoari eragiketan esku hartu duten entitate guztien gastuak eta komisioak kentzen zaizkio, eta horixe da onuradunak jasotzen duen diru-kantitatea.
Zenbat denbora behar da nazioarteko transferentzia bat iristeko?

Transferentzia egiten duen pertsonaren kontuko zordunketa berehalakoa da, eta beraz, hark ezin du diru hori erabili transferentzia egiten den momentutik bertatik. Halere, zenbateko hori ez da berehala sartzen onuradunaren kontuan. Transferentzia nazionaletan, diru-sarrera hori egiteko egun baliodun bat edo bi igaro daitezke, baina nazioarteko transferentzietan epe hori zertxobait luzatu daiteke, jatorrizko kontua edo xede kontua SEPA gunetik kanpo dagoenean batez ere. Nolabaiteko finantza-ezegonkortasuna bizi duten herrialdeen edo zailtasunak jasaten dituzten herrialdeen kasuan, kontu handia izan behar da transferentziekin, gastuak eta epeak handiagoak izan baitaitezke. Gainera, bidalketen segurtasuna urratu egin daiteke entitate agindu-emaileari ez dagozkion arrazoiak direla eta.

Zer gertatzen da dibisa-trukeak gertatzen badira?

Nazioarteko transferentziak egiteko moneta «sendoak» erabiltzen dira, euroa, dolarra eta yena, adibidez, eta ez herrialde bakoitzeko monetak. SEPA guneko herrialdeen artean ez dago mota horrelako arazorik, bi kontuak eurotan baitaude. Baina, zer gertatzen da moneta desberdinak dituzten herrialdeen kasuan? Hona hemen bi adibide:

  • Espainiatik euroak bidali nahi ditugu Perura. Peruko bankuak eurotan dauden kontuak ahalbidetzen baditu eta onuradunaren kontua eurotan badago, eta ez tokiko monetan (sol perutarretan), guk eurotan bidaliko dugu dirua, eta Peruko bankuak eurotan txertatuko du hura. Kontuak eurotan izatea baimentzen ez bada, banku hartzaileak eurotan jasoko du transferentzia, eta dagokion trukea egingo du dirua onuradunaren kontura sol perutarretan txertatzeko.
  • Espainiatik dolarrak bidali nahi ditugu Perura. Gure bankuak unean uneko trukea aplikatuz salduko dizkigu dolarrak, eta gure euroak dolarrekin trukatuko ditu horiek banku hartzailera bidaltzeko. Perura iristean, kontu onuraduna dolarretan badago, onuradunak dolarretan atera ahal izango du dirua, eta bestela, Peruko bere bankuak dolarretatik sol perutarretara trukea egin eta tokiko monetan txertatuko du dirua.
Informazio gehiago nahi izanez gero...

Nahi izanez gero, hemen LABORAL Kutxaren nazioarteko transferentzietarako baldintzen xehetasunak kontsulta ditzakezu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Online bankua