WhatsApp bidezko mezuak, mahats-aleak eta muxuak kanpaien ostean: horrela ospatzen dugu Gabon zaharra

WhatsApp bidezko mezuak, mahats-aleak eta muxuak kanpaien ostean: horrela ospatzen dugu Gabon zaharra

5 min.

WhatsApp bidezko mezuak, mahats-aleak eta muxuak kanpaien ostean: horrela ospatzen dugu Gabon zaharra

Interneteko “meme” ezagun batek dioenez, Gabon zaharrean irten ahal izateko familiarekin borroka egiten dugun sasoitik, irten behar ez izateko edonorekin borroka egingo genukeen sasoiraino doan tartea da bizitza. Izan ere, Urtezaharreko ospakizunek aurkako asko ere badituzte.

Horregatik, jendeak benetan nola ospatzen duen jakin nahi izan dugu aurten, eta oraingoan ere Internetera jo dugu argibide bila.

Nola ospatzen dugu Gabon zaharra

Hamar lagunetik ia lauk uko egiten die betiko ospakizunei

Ez familia, ez kotilioiak, ez tabernak. Interneten iritzia eman duen jendearen artean, % 39k dio Gabon zaharrean saihestu egiten dituela horrelako ospakizunak. Nahiago dute errutina atzean utzi eta hain jendetsuak ez diren aukerak bilatzea, hala nola musika- eta antzerki-ikuskizunetara joatea (% 21ek), afari erromantikoa egitea (% 18k) edo lagunekin jolasen bat planifikatzea (% 15ek).

Are gehiago: % 14k dio ihesaldi berezia prestatzea duela gogokoen, etxeko txikienekin parke tematikoren batera joatea, edo eskiatzera, edo landetxe batera; % 12 mendira edo bakarlekuren batera joaten da; % 11k lagun birtualekin edo Internet bidez bakarrik ezagutzen dituen adiskideekin igarotzen du Urtezaharra, haiekin txatean edo online jolasten, esaterako; eta gainerako % 9ak lantegi edo jarduera ludikoetan ematen du denbora, dantzan edo prestakuntza-motaren batean, adibidez.

Beraz, etxean gelditzea telebista ikusten edo zerbait hartzera ateratzea jada ez dira Urtezaharrerako plan bakarrak. Gaur egun aukera ugari ditugu: online bideo-jokoetan aritu gaitezke mundu osoko pertsonekin, edo yoga egiteko egonaldia hauta dezakegu, esate baterako.

Bidaiatzean gertu samar geratzen gara; baina ez denok!

Betiko Gabon zaharra alde batera utzi eta bidaiatzeko aukeraren alde egiten du gero eta jende gehiagok. % 65 hurbileko lekuren batera joaten da, hiri handi batera, eskiatzera edo beste kirolen bat egitera; edo landetxe batean egonaldia egiten du; edo familia bisitatzera joaten da, besteak beste. Hamar lagunetik bik Europako lekuren batean igarotzen du Gabon zaharra, batez ere hiri handietan, Gabonak egun berezitzat dituzten Erdialdeko Europako tokietan edo haurrak liluratuko dituzten lekuetan, hala nola DisneyLand Parisen edo Laponian.

Nolanahi ere, % 15ek nahiago du urrutiago joatea. Ozeanoaz bestaldeko helmugak aukeratzen dituzte, New York edo leku epelak, Kuba edo Karibeko gune turistikoak, kasu.

Nola aukeratzen du jendeak oporretarako lekua? Helmuga aukeratzeko orduan, beste erabiltzaile batzuen gomendioak hartzen ditu kontuan jende gehienak.

Eta urte berria zoriontzeko bitarteko erabiliena…

WhatsApp da! Azken urteetan, bat-bateko mezularitza bidez gure kontaktuei mezuak bidaltzea da urte berriari harrera egiteko modurik arrakastatsuena. Gabonetako postalen garaia igaro zen. Egun, % 26k umorezko bideoak aukeratzen ditu bidaltzeko, % 21ek bideo hunkigarriak, % 18k gogoeta sakonak eta % 15ek aipu ospetsuak. Gainerakoek familia-argazkiak bidaltzen dituzte (% 11k) edo Gabon-kantak (% 9k).

Hamar etxetik bederatzitan mahats-aleak jaten dituzte oraindik

Argi gelditu da tradizio batzuk aldatu egin direla; baina, halaber, egia da beste batzuei eutsi egiten zaiela. Aztertutako iritziak eman dituzten pertsonen % 91k dio kanpaiekin batera 12 mahats-aleak jaten dituela, azken hamarkadetako ohiturari jarraikiz.

Era berean, % 83k xanpaina edaten du, eta % 81ek muxu ematen du gauerdian. Gutxi batzuek kolore gorria duen zerbait eramaten dute soinean (% 13k), edo urrezkoa den zerbait; badira poltsikoan edo zapatetan dirua daramatenak, urteko lehen pausoa eskuineko hankarekin ematen dutenak, kolorezko kandelak pizten dituztenak eta atetik kanpora irten eta eskuineko oinarekin berriro sartzen direnak.

Arropa-kontuetan, nagusi dira gizonezkoen esmokinak, gala-soinekoak eta mozorroak, mototsak eta distirak.

Ibiltari gauean… logura goizean

Gabon zaharrean zurrutean ibiltzea bezain ohiturazkoa izaten da urtarrilaren 1eko biharamuna. Nola egin horri aurre? Gomendio nagusia edari isotonikoak hartzea da (% 33k gomendatzen du), eta sofan atseden hartzea (% 28k), naturan paseatzea (% 18k), dieta arina eta hidratatzailea egitea (% 12k) eta kalean haizea hartzera (% 9k).

Urte berrirako egitasmoak: betikoak nagusi

Gimnasiora joatea eta erretzeari uztea dira, oraindik ere, gehien aipatzen diren urte berrirako helburuak. Asmo onen zerrendan jarraian datoz ikastaroak egitea, pertsona hobea izatea edo gehiago aurreztea.

Urtearen balantzeari erreparatuta, ohikoena izaten da gogoetak, aholkuak, aipu ospetsuak edo literatura-kontakizunak partekatzea era guztietako kanaletan, besteak beste, blogetan, mezularitza-zerbitzuetan eta sare sozialetan (batez ere Twitterren eta Facebooken).

Nola ospatzen dugu Gabon zaharra

Jakin nahi duzu nolakoa den benetan gure gizartea? Hauxe esaten dute gure azterketek

Internet baliabide erabilgarrienetako bat da, gure produktuei eta zerbitzuei buruz hitz egiteko eta nor garen eta egiten duguna zergatik egiten dugun azaltzeko. Baina, horrez gain, talaia bikaina da, gizartearen nondik norakoak ikusteko. Horregatik, askotariko gaiei buruz Interneten ematen diren iritziak aztertzen ditugu LABORAL Kutxan aldizka, eta infografiekin osatzen dugu analisia.Argi dago: dirua eta teknologia dira gogokoen ditugun Gabonetako opariak. Baina goraka doa “esperientziak” oparitzea. Eta baita kontsumismoaren aurkako ohiturak ere.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Jasangarritasuna