«Norberaren egia ikusten duzunean beste baten hitzetan hori da literaturak daukan ederrena»
2022-03-01
«Norberaren egia ikusten duzunean beste baten hitzetan hori da literaturak daukan ederrena»
Karmele Jaio, idazlea eta kazetaria Karmele Jaio (Gasteiz 1970) idazle eta kazetariarekin hitz egin dugu. Emakunden komunikazio arduraduna da eta euskal idazlerik arrakastatsuenetakoa. Urtarrileko ostiral goiza, oskarbi eta hotza. Kaleak garbitu berria dirudi, zeruak ez dauka urdina besterik. Egun eder honetan Gasteizera etorri gara, LABORAL Kutxarentzat esanahi berezia duen leku batera. 1997an geu izan ginen Emakunderen erakunde kolaboratzaile bihurtu zen lehen enpresa eta bertara etorri gara, Emakundera. Komunikazio arduraduna da gure gonbidatua eta irakurle kopuruari dagokionez, euskal idazlerik arrakastatsuenetakoa, arrakastatsuena ez bada. Ipuin bilduma batekin ezagutu genuen, Hamabost zauri, gero etorri ziren, Zu bezain ahul eta Ez naiz ni -orain No soy yo izenarekin gaztelaniaz argitaratu duena-. Baina arrakasta, sekulakoa, bere hiru nobelekin lortu du, horietako birekin bereziki. Amaren eskuak hainbat hizkuntzara itzuli da, 30etik gora edizio egin dituzte, zinemara eraman zuen Mireia Gabilondok eta 111 Akademiaren saria lortu zuen. Aitaren etxeak 3 urte daramatza salduenen zerrendan, eta irakurleen akademia horren aitortzaz gain, Euskadi Sari bat ere lortu zuen. Best sellerrak eta liburu bikainak egin aurretik, Karmele Jaiok Noticias taldean lan egiten zuen, kulturan eta kiroletan. Karmele Jaio 1970ean jaio zen, lantoki eta bizitoki duen hirian, Gasteizen. Askok pasioak bultzatuta ikasten duten ogibidea aukeratu zuen, kazetaritza. Bokazioz baino hizkuntzarekiko afizioz. Horretan, tresnerian, ez dira hain desberdinak literatura eta kazetaritza, guztiz desberdinak diren arren. Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua. KARMELE JAIO. Familia asko agertzen da nire lanetan eta bereziki interesatzen zait edo ikusten dut nire joera dela edo horra noala askotan isiltasunetara eta familietako isiltasunetara. Zenbat komunikatzen dute, zenbat esaten duten, zenbat gauza izoztu dauden hor. Nik asko ikasi nuen. Batetik espazioa ematen zaiona kirolari. Badago entrenamendu bat ekipo batena eta orrialde oso bat behar, ez? Hori literatura ez bada. Hor sormenerako eta egiten nituen baita ere Baskoniaren partiduen kronikak. Eta kronika ere bazen ipuin bat bezala. Egitura aldetik ere ideia horrekin ibiltzen nintzen. Oso azkar. Errotatiba ixten. Presio handiarekin. Asko ikasi nuen garai hartan. Hitzekin ari zara, helburu batekin, eta pentsatu behar duzu ze egitura, ze hitzekin, ze ordenetan. Hori berdina da. Gertatzen da efektu bat edo beste bat, eraginkortasun bat edo beste bat leku bakoitzean, material ezberdinak erabiltzen dituzula, edo estrategia desberdinak, baina bai azkenean ari zara komunikatzeko tresna batekin eta hitzekin. Hitzak dira zur elehenagia. Nik diferentzia handia sentitzen dut, jarrera aldetik. IRATI JIMÉNEZ (LABORAL Kutxa). Beste zeremonia bat da, ez? KARMELE. Beste zeremonia bat da. Eta ni ere zabaltzen naiz beste modu batera. Bestearekin noa gehiago kanpora begira. Honek eskatzen du barrura eta kanpora. Baina tresnak berdinak dira. IRATI (LK). Ia-ia hitz egiten hasi orduko eman digu gure gonbidatuak bere literaturaren arrakasta, bere literaturaren boterea eta bere literaturari buruzko ikuspuntua ulertzeko gakoa: barrura begiratzea. Gezur asko esan ditzake literaturak baina ez da gezurti trebea. Egia da bere benetako aberria. KARMELE. Askotan literaturaz hitz egiten dugunean eta literaturari balioa eman behar zaionean, askotan hitz egiten dugu orijinaltasunaz eta nik uste dut orijinaltasunaren gainetik dagoela benetakotasuna eta hori da orijinala izateko bidea. Idazlea izatea fidel izatea da, barruan duenari, bere begiradari. Hori da ezinbestekoa. Beste mundu batzuetan gezurrak balio du. Baina literaturan egia. Ez egia zuri gertatu zaizun zerbait. Baina egia, gorputzak eskatzen dizuna. Ez dakit nola esan. Niretzat hori da klabea. Eta iruditzen zait askotan gainera… niri gertatu zait edo gertatzen zait daukat sentsazioa ez ditudala nik erabakitzen gaiak. Batzuetan gertatu zait, Aitaren etxearekin adibidez, ikusten hasi nintzenean nora zihoan momentu batean pentsatu nuen “ziur zaude, hor sartuko zara?” Ez dakit, indarra behar nuen hor sartzeko baina ezinbestean sartu behar zara. Gai batek inguratzen zaitu eta ez daukazu beste erremediorik horra inguratzea baino. Eta hortik ateratzen bazara, esaten baduzu gorputzak eskatzen dizun hori ez duzula idatziko, edo modan dagoelako, edo hau ez zaie gustatuko irakurleei, ez zara fidel zure buruari. Hori klabe bat da. IRATI (LK). Irudi bat ikusten du idazleak, zerbait agertzen da, arrakalaren bestaldean eta hor dagoen kontakizuna errebelatu behar du, bere buruaren medium bezala. Ondo idazteko erabaki kontzienteak hartu behar ditu, baina barruak agintzen dioena da kontatu behar duena. Hori uste zuen Charles Baudelaire-ek modernitatearen lehen poetak eta hori uste du gure gonbidatuak ere. KARMELE. Horregatik ere egiten zaigu zaila hitz egitea idazten dugunari buruz. Niri behintzat zaila egiten zait. Liburu bat bukatu duzunean ez dakizu zer egin duzun. Hasieran behintzat. IRATI (LK).. Hurbilegi zaude ikusteko. KARMELE. Bai. Eta norbaitek galdetzen dizu “zertaz doa zure liburua?” Ez dago galdera zailagorik. IRATI (LK).. Gaia jakitea oso zaila da, baita autorearentzat ere. IRATI (LK). Zergatik. Ba sortzen prozesu horretan badagoelako alde arrazional bat baina badagoelako ere alde irrazional bat, ezkutuan dauden zure barruan dauden emozio batzuen inertzia, bizitzan gertatu zaizun guztia, hor pilatuta geratu dena, badaude gauza batzuk zuk kontrolatu gabe ateratzen doazenak, ezin duzu kontrolatu, ezin duzu esplikatu. Zer egiten duzu? Asmatu errelato bat. IRATI (LK). Gezurra ez dena baina errelato bat. KARMELE. Errelato bat, galdera honi erantzungo diot hau. Aukeratuko dut hau eta hau liburu honetatik. Hau esan nahi izan du. Baina beti beti liburuak berak esplikatzen du, ez egileak. Niretzat hori… liburu bat idatzi behar izan dut esan nahi nuena esateko. IRATI (LK). Laburrago igual ez dakit idazten! KARMELE. Ez dakit. Behar izan dut liburu bat. Ezin dizut kontatu zeri buruzkoa den! IRATI (LK). Askotan esaten da egileak dakiena baino gehiago jakin dezakeela egile horren liburu batek. Literaturaren zeremonia magikoari zor zaio mirari hori: ideiak ezezik, emozioak, intuizioa, sentiberatasuna erabiltzen ditu idazleak bere lana egiteko. Guzti horren emaitza harrigarria izan daiteke eta sarritan harritu da Karmele Jaio bere buruarekin. Bere lanetara itzultzaile gisa itzuli denean, bereziki. KARMELE. Nik nire lanak itzultzen ditudanean izaten da aukera bat ikusteko nire idazketa hobeto ezagutzeko. Ikusten dut gauza batzuk sorkuntza prozesuan ikusten ez ditudanak. Horrek ematen dizu beste leku batetik ari zara begira idatzi duzun hori. Gero deskubritzea esaten duzun hori. Hemen zegoen hazia, nire kezkak izan direnak edo… eta momentu hartan ez nekien. Amaren eskuak idatzi nuen, ama oso ondo zegoen, mundu guztiak esaten zidan hau zure amari gertatu zaio? Baina gero urteetera pentsatu nuen zergatik hasi nintzen idazten eta konturatu naiz izan zela momento bat ikusten duzuna zure ama, zure aita zahartzen ari dela eta nik uste dut orduan hasi nintzela ikusten eta kezka hori piztu zen nire buruan, nik jakin gabe, eta hasi nintzen idazten eta horregatik atera zen gai hori eta nik uste nire inkonzientean zegoela eta nik uste horregatik aukeratu nuela gai hori. IRATI (LK). Indar inkoziente horiek gidatuta, barruko ahotsari obedituz, egarri sakon bat asetzeko idazten diren liburuak, boteretsuak izan ohi dira. Baina ezin esan idazleak aukeratutako liburuak direnik, idazleari etorri zaizkionak dira. KARMELE. Konbokatzen edo aukeratzen, ez dituzu aukeratzen. Horiek dira dituzunak. Bizitzako momentu horretan. Lehen aipatu dudan benetakotasuna horrek egiten du gero identifikazioa egotea irakurlearekin. Ez garelako hain diferenteak eta zure egia eta nire egia ez direlako hain diferenteak. Eta norberaren egia ikusten duzunean beste baten hitzetan hori da literaturak daukan ederrena. IRATI (LK). Momentu hori batzuetan, ez? Uste dut engantxatzen gaituela engantxatu garenok irakurle bezala, non hitzez irakurtzen duzu zebait mailaren batean bazenekiena eta gardendu egiten da errealitatea. sentsazio boteretsua da KARMELE. Eta irakurleak sentitzen duen hori nik uste dut idazleak sentitu du lehenengo sortze prozesuan. Bazuen zerbait forma eman gabeko zerbait, eta behar izan du sorkuntza prozesu hori, desordenatuta zegoen guzti horri emateko forma bat, sintaxi bat, zertarako? Zentzu bat emateko edo ulertzeko. IRATI (LK). Linterna batekin joatea. Ilunetan, kontatu nahi duenaren bila. Bidearen zati labur bat iluminatuta, beste guztia ilunpetan. Tarteka buelta eman behar izatea, bidea agortu delako, ez delako hori barruan zeukana, kontatu nahi zuena. Errebelazio prozesu bat, hori da Karmele Jaiorentzat literatura idaztea. KARMELE. Beti daukat sentsazio hori bilatzen ari naizela. Galderaz beteta idazten dut. Argi daukat hori. Honek dauka gauza on bat…bere arriskuak eta bere alde onak. Niretzat alde ona da deskubrituko duzula zerbait. Nik aldez aurretik baldin badakit zer idatziko dudan, zertarako idatzi liburu bat jakiteko zer esan nahi dudan. Nik nahi dut deskubritu zer esan nahi dudan. Baina badauka bere arriskua baita ere. Momentu batean bazoaz irekitzen leihoak, ateak, deskubritzea pareta bat eta atzerantz joan behar izatea. Askotan gertatu zait. Aitaren etxearekin gertatu zait asko. Bota dut asko. Esanez, “zenbat denbora hau idazten eta ez du balio ezertarako”. Baina beti balio du. Baina beti balio du. Bazoaz, bazoaz, bazoaz, eta beti balio du ikusteko hortik ez dela. Nik ikusten badut ez dela, berdin zait urte bete egon banaiz urte bete idazten, bota egiten dut. Aurkitu nahi dudalako bidea. IRATI (LK). Bide horretan aurkitu dituen egiak kontatzeko Karmele Jaiok hiru eleberri idatzi ditu, beste hainbeste ipuin bilduma eta poema liburu bat. Orain hilak ditugu heldutasunarekin datorren esperientzia unibertsal bat jasotzen zuena, inguruko pertsonen heriotzarena. Familia. Hori izan da poesian, ipuingintzan zein nobeletan Karmele Jaioren interes nagusia: gizaberea bere harreman intimoenetan, kaleaz haragoko bere intimitatean. KARMELE. Begiratzen dut atzera idatzi dudan guztia eta nire kezka nagusia giza harremanetan dago, pertsonen arteko harremanetan. Beste guztia dekoratua da niretzat. Non dauden kokatuta pertsonaiak oso inportantea da ere. Baina inportantea da niretzat eragina dutelako euren bizitza intimoetan. Egoera sozialak… baina hor zentratuta nagoelako. Gainera nago zentratuta alde ezkutuan. Esan gabeko hitzetan. Niretzat hor dago harrobia. Egunero barruan geratzen zaizkigun hitz horietan. Beti iruditzen zait interesgarriago esan gabe esaten duguna. Pertsonaietan ere interesgarriagoa da besteari esaten diotena baino, bitartean pentsatzen ari direna. Horregatik agian fokalizazio ariketa bat bezala, barne munduan. IRATI (LK). Errealismoaren arauetan eroso sentitu da Karmele Jaio orain artean, kontakizun garaikideak idatzi ditu, pertsonaietan konzentraturiko ariketak, esaten dena baino esaten ez dena arakatzen dutenak. Estilo gardenean, irakurleak amaren eskua ikus dezan, ez idazlearena. KARMELE. Niretzat oso inportantea da nik ikustea ondo irakurleak ondo ikusteko. Eta gainera askotan nire eskua ez ikustea. Leiho garbitzailearen funtzioa. Leihoa oso oso ondo garbitu behar du idazleak, irakurleak ikus dezan zer dagoen beste aldean. Baina ezin du eskua ikusi. Sentsazioa euki behar du irakurleak… gardentasun hori niretzat oso inportantea da. IRATI (LK). Hizkuntzak horretarako ez du trabarik egin behar. Idazlearen esanetara jarri behar da, idazleak esan dezan bere egia. Mila aldiz esandako hitzekin, bakoitzaren esanahiari ondo begiratuta, garbi. KARMELE. Nik sentitzen dut idatzi bitartean etengabeko tensio bat hizkuntzarekin. Etengabeko tensio bat ona dena baina etengabekoa. Iruditzen zaidalako badagoelako tensio bat zuk esan nahi duzun horren artean eta hizkuntzak esan nahi duen horren artean. Edo hizkuntzak esatera bultzatu nahi zaituen horren artean. Izango banu bezala nire hitzen otzara bat. Ari naiz idazten eta hemen ditut hitzak. Eta hitz bat hartzen dut eta dator beste lau hitzekin batera, logikoak direnak, ez? Hitz horrekin bat datozenak eta hizkuntzak esaten dizu, “hitz hau hartzen baduzu beste hauekin dator”, txorizo bat bezala. Eta idazlearen lana da hori apurtzea. Hizkuntzak eramaten zaituen leku horretara, logikoa dena, komuna dena, ba, begira, ez dut erabiliko honekin, erabiliko dut honekin. Eta honek ze indarra ematen dio. Guda bat dago hizkuntza eta idazlearen artean. Eta nire kasuan bai esan duzun hori, niretzat sinpletasun hori oso garrantzitsua da eraginkortasunaren mesedetan. Eta horrek ez du esan nahi edertasuna ez dela inportantea niretzat. Kontrakoa. Niretzat ederra izateko eraginkorra izan behar du. Testu eraginkorra izan behar da irakurleak sentitzeko edertasun efektu hori. Nik ez dakit kazetaritzak etortzearen horrek ere baduen eragina. Ikasi du ahalik eta argien, lasterren hasieran esplikatzea. Hori ere beste bat inkonzientean egon daitekeena. Baina beti daukat oso presente norbait dagoela beste aldean eta ahalik eta modurik eraginkorrenan bidali nahi diodala nik momento horretan buruan daukadan irudia, hitza, emozioa. IRATI (LK). Nire aitaren etxea defendituko dut, esan zuen Gabriel Arestik, euskal literatura garaikidearen aitatzat hartu genezakeen poetak. Aitaren etxea deitu dio Karmele Jaiok bere azken nobelari, protagonisten artean gizon bat duen lehenari. Askotan aitortu du fikziozko gizon hori sortzeak bertigoa eragin ziola KARMELE. Baina sartu nintzen beldurrarekin, errespetuarekin. Beldur handiena zan karikatura bat egitea. Gizonak halakoak dira eta emakumeak halakoak dira. Beldur handiena. IRATI (LK). Helburua ez zen, jakina, gizonak nolakoak diren azaltzea, gizon bat sortzea eta gizon hori azaltzea. Bere kontraesan guztiekin eta bestetasunak eragiten duen ziurgabetasunarekin. KARMELE. Ez daukazu ziurtasun hori. Eta ekiditeko ere pertsonai hau honelakoa da, hau honelakoa da. Egin dut ariketa bat Aitaren etxean bakoitzaren konplexutasuna adierazten, bakoitzaren kontraesanak adierazten. Ibili naiz ekilibrio hori lortu nahian. Lortu behar duzu irakurleak ulertzea nolakoa den, eman behar diozu informazioa, hau horrelako da, baina era berean izan daiteke honelakoa. Irakurleak sentitu gabe hau definititu gabe dago. IRATI (LK). Ismael Aitaren etxea nobelako protagonista idazlea da baina ez du idazten, ezkonduta dago, idazle ez den baina idazten ari den emakume batekin, aguretzen ari den aita baten semea da ere bada eta andretzen ari den alaba baten aita. Eta ez daki nola izan idazle, senar, aita, seme. Gizon bat asmatu du Karmele Jaiok, gizona izaten asmatu ez duena, eta asmatutako gizon honekin badirudi asmatu duela, baita gizonen artean ere. KARMELE. Orain arteko idatzi ditudan lanetan gehien-gehienak emakumezkoenak ziren. Badago aurreiritzi hori, emakumeei buruz ari garenean emakumeentzako ari garela. Oraingoan gaia aita da eta gizona eta nabaritu dut aldaketa bat, gizon askok idatzi didate, esan didate. Era askotako gizonak, nagusiak, gazteak… Niretzat oso pozgarria izan da. Edo esan didate, zelako tripako mina sortu didazuna, mugitu egin didazu gauza batzuk barruan, edo ikusi ditut gauza batzuk ikusten ez nituenak edo egiten ditudanak. Baita ere hunkituta asko aita eta semearen arteko komunikazio ezintasun horrekin, edo emozio ezin adierazi horrekin. Orokorrean izan da orain arte ez zaizkit hainbeste gizon hurbildu. Liburuaz zerbait esateko. Sentitu naiz ondo alde horretatik. Sentitu dut ondo hartu dutela ere. Eta hartu dutela ondo. Askok esaten didate, eskertzen dut horrela kontatzea, kontuan izanda gizonaren ikuspuntua, zergatik.. denok dugula egiten duguna egiteko arrazoi bat. Eta izan daiteke egiten dugun hori munduko gauzarik txarrena. Orduan sartzea arrazoi horietan, hori eskertu didate. Hau egiten du baina begira ze karga daukagun. Hori ere kontatzea. IRATI (LK). Genero berdintasunaren esparruan ez da erraza aurrera egitea. Espainiako finantza erakundeen artean, adibidez, LABORAL Kutxa da bakarra Kontseilu Errektorean gizon eta emakume kopuru berbera duena. Asko dago egiteko, arlo politikoan, ekonomikoan, sozialean eta geure baitan ere bai. Hor literaturak lagundu dezakeela uste du gure gonbidatuak. KARMELE. Literaturak konplexutasuna adierazteko daukan ahalmen hori, ez? Kunderak esaten zuen nobela bat erakusten dizula mundua zuk uste baino konplikatuagoa dela. Matiz guzti horiek, bagaude gizarte batean zeinetan gero eta gehiago bultzatzen gaituzten bata bestearen kontra, zuri eta beltz eta bizitzaren logika ez da hori. Eta literaturak laguntzen digu nik uste dut ematen dizkigu tresnak konplexutasun hori azaltzeko. Gainera konplexutasun hori azaltzen zehaztasunaren bitartez. Zehatza izanda lortzen du literaturak konplexua izatea. Aterrizatzea kontzeptu guzti horiek, denok buruan ditugunak. Hitz potoloak dira. Patriarkatua. Hitz potolo horiek ez dira azalean sartzen. Eraman hori afaltzen ari den familia batera, afaltzen ari direnak, egoera jakin batean. Eta horrek punta dauka. Ni hori saiatu naiz egiten, aterrizatzen guzti hori gure eguneroko bizitzara, emozioetara, eta horregatik uste dut hobeto ulertu dela erresistentzia egiten duten irakurleengana. Eta gainera ere nik uste dut literaturan pasatzen garela ideien mundutik emozioen mundura. Eta ideien munduan beti gaude pentsatzen zer pentsatzen du, zu ari zara azaltzen zerbait eta ni bitartean ari naiz pentsatzen zer erantzungo dizudan. Baina emozioen munduan desarmatuta gaude. Emozioen munduan identifikatzen gara, denok sentitu dugulako haserrea, denok sentitu ditugu emozio guztiak. Ze botere duen literaturak. Hiltzaile baten obra irakurtzen ari zara eta ez duzu nahi poliziak hartzea. Eta da… ¡un desgraciado! Ze botere daukan horretarako, enpatiarako. Nik uste dut dela literaturak daukan gauzarik indartsunea. Sartzen zarela, lortzen duela arrakala horietatik sartzea. IRATI (LK). Profesionaltasuna, irakurleekiko errespetua, ofizioaren ezagutza, zintzotasuna, adeitasuna. Azken 20 urteotan balore horiek izan dira Karmele Jaioren literatura gidatu dutenak. Literaturaren botereaz konbentziturik literatura boteretsua egin du. Benetako idazle guztiek egiten duten moduan: Benetan esan nahi zuena deskubritzeko eta zerbait benetakoa esateko. Emakundeko egoitzatik ateratzen garenean besterik ezin dugu pentsatu ez bada benetan eskertzen diogula deskubritu digun benetakosun guztia.
Zein da zure erreakzioa?