Nork estaltzen ditu saltoki batean utzitako objektuak?

Nork estaltzen ditu saltoki batean utzitako objektuak?

3 min.

Nork estaltzen ditu saltoki batean utzitako objektuak?

[caption id="attachment_6661" align="aligncenter" width="640"]Aparkalekua Irudia CC BY epSos.de[/caption]

Guztiok ikusi ditugu aparkalekuetan, honako hau dioten txartelak: “Aparkaleku honek ez du bere gain hartuko aparkatutako ibilgailuei gerta dakiekeena”. Alabaina, hori horrela al da? Ba al dute gure ibilgailuaren ardura alboratzeko aukerarik, hain zuzen bertan aparkatzeagatik ordaintzen badugu? Zer gertatzen da tindategietan utzitako arroparekin? Eta tailerrean autoa utzi eta bertan irratia lapurtzen badigute? Bankaseguruen post  honetan, erantzukizun zibilari buruzko gakoak azaldu, eta negozioen jabeek euren burua nola babestu argituko dugu.

Aparkaleku batean aparkatzen dugun unean kontratu bat egiten dugu: gure ibilgailua bertan uztearen truke, aparkalekuaren ardura da hori bezeroak utzitako baldintza berberetan itzultzea. Horrek autoari berari eragiten dio soilik: kopilotuaren eserleku gainean agerian utzitako objektu bat lapurtzen badute, aparkalekuak ez du erantzukizunik izango (guk autoa utzi diegu, ez barruan dagoena).

Aparkalekuak ez baditu autoari egindako kalteak bere gain hartzen, erreklamazio-orri ofizialak eskatu eta bete behar dira. Azpimarratu nahi dugu oso garrantzitsua dela orri horiek ofizialak izatea: enpresa barruko iradokizun-orri batzuk ematen saia litezke, jakinik legez ez dutela inolako baliorik. Erreklamazio-orri “zuzenak" direla jakingo dugu, Autonomia Erkidegoaren zigilua dutelako eta hiru aletan etortzen direlako: kopia bat guretzat, beste bat establezimenduarentzat, eta hirugarrena administrazio publikoarentzat.

Era berean, komenigarria da aparkalekuko langileak gertatua berrestea, baina askotan zaila izaten da horren laguntza lortzea. Horregatik, gure gomendioa da udaltzaingora jotzea, bertaratu eta atestatua egin dezaten. Gero, polizia-etxe hurbilenean salaketa jarri eta aseguru-konpainiari jakinarazi behar diogu (gu aukeratu izana espero dugu).

“Erantzukizun zibilak”

Jantzia tindategian utzi eta lapurtzen badigute, autoarekin gertatutakoaren parekoa da. Tindategian gure beroki zuria arrosa-kolorez itzultzen badigute ere, saltokiak bere kargu hartu beharko du. Baina, kasu horretan, beste aseguru batek estaliko du, hori ere erantzukizun zibilekoa.

"Erantzukizun zibila" hainbestetan entzuten dugunez, zentzuzkoa da kontzeptu argia dela eta beti eremu zehatz berbera aipatzen duela pentsatzea. Alabaina, “erantzukizun zibil” asko daude. Etxeko aseguruan, erantzukizun zibila maizterrarena edo jabearena da soilik; alabaina, negozioa badugu, hainbat eta hainbat egoera desberdin gerta dakizkiguke, eta horietako bakoitza arau baten menpe egongo da.

  • Erantzukizun zibil enpresariala. Ohikoena da eta, beraz, “erantzukizun zibila" irakurtzen badugu, arloa zehaztu gabe, ziurrenik mota horretakoa izango da. Gure jardueraren ondorioz eragindako kalteak estaltzen ditu. Adibidez, aipatu dugun bezala, tindategi batean arropak tindua galtzen badu.
  • Produktuen erantzukizun zibila. Txarto egin dugun lan baten ondorioz, etorkizunean gerta daitezkeen demanden aurrean babesten gaitu: mekanikako lantegi batean txarto lotutako gurpilak istripua eragin du; jatetxean egoera txarrean dagoen jakiak elikagai-segurtasuneko arazoa sortu du; txarto iragazgaiztutako ehuna... Erantzukizun zibil enpresarialarekiko alderik handiena zera da: kaltea gertatzen denean produktua ez dagoela dagoeneko gure eskuetan. Berme horri “lan-ondoko bermea” ere esaten zaio.
  • Lagatako objektuen erantzukizun zibila. Erantzukizun zibil horrek babesten gaitu aparkalekuan autoa edota mezularitza-enpresan pakete bat lapurtzen badigute. Gu ez gara gertatuaren erantzuleak, baina objektu horiek aldi baterako (konpontzeko, gordetzeko edo garraiatzeko) gure eskuetan ditugula gertatu da kaltea.
  • Erantzukizun zibil patronala: Ez da bezeroentzat. Dendako edo negozioko langileak babesten ditu, adibidez, lan-istripua baten aurrean.

Estaldura desberdinak negozio motaren arabera

Eskuarki, aseguru batek ere ez ditu estaltzen erantzukizun zibil mota guztiak. Merkatariek hainbat estaldura kontratatu behar dituzte, kasuan kasu babesteko.

Laboral Kutxan aseguru sorta zabala eskaintzen dugu negozio batek izan litzakeen “erantzukizun zibil” guztiak estaltzeko. Azken buruan, langilerik ez badago, ez du zentzurik erantzukizun zibil patronaleko asegurua kontratatzea; eta negozioan hirugarrenen objekturik hartzen ez baduzu, ez du ezertarako balio lagatako objektuen erantzukizun zibila estaltzeko asegurua ordaintzea.

Negozio bakoitzak bere jardunean dituen arriskuen inguruko azterketa batek lagunduko digu zer estaldura behar dugun aukeratzen, behar dena soilik ordaintzen, eta lasai asko lo egiten, jakinez negozioa eta bezeroak ondo babestuta daudela.

 

Irudia CC BY epSos.de


Zein da zure erreakzioa?