Partikularren arteko diru-maileguak: jakin beharrekoa
2019-04-16
Partikularren arteko diru-maileguak: jakin beharrekoa
Dirua behar duzu eta hurbilekoren batek utz diezazuke? Zure inguruko norbaiti laguntza ekonomikoa eman nahi al diozu gastu edo inbertsio bati aurre egin diezaion?
Lehenengoa: beti idatziz
Partikularren arteko maileguak direla-eta sortzen diren arazo gehienak saihestu daitezke baldintzak dokumentu batean jasota, hau da, idatziz jartzen bada nork nori mailegatzen dion dirua, zenbat eta itzultzeko baldintzak. Formalitate hori garrantzitsua da, baita senitartekoen artean ere, bestela, Ogasunak ezkutuko dohaintzatzat har dezake eragiketa.Mailegua bi eratara formalizatu daiteke: notario-eskritura eginez edo bi aldeen arteko kontratu pribatuaren bidez, notariotzako gastuak aurreztuta.
Mailegua formalizatzeko oinarrizko kontratua
Mailegua formalizatzeko dokumentu pribatua sinatzen bada, eragiketaren funtsezko datuak jaso beharko dira idatzian:- Noiz eta non sinatzen den.
- Mailegu-emailearen datuak eta sinadura.
- Mailegu-hartzailearen datuak eta sinadura.
- Maileguaren zenbatekoa.
- Ordaina edo interesak. Interesa zero bada ere jasota geratu behar da. Horrela egin ezean, Ogasunak erabakiko du diruak data horretan izan duen prezioaren antzeko interesarekin formalizatu dela finantzaketa.
- Itzulketa egiteko gehienezko epea adierazi behar da. Betirako maileguak deigarriak izan litezke Ogasunarentzat.
- Itzulketa-mota: osorik bukaeran, partziala zatika, aldizkako kuotak (hilerokoak, hiru hilez behingoak, sei hilez behingoak…) eta abar.
- Aldeen arteko itunaren beste baldintza partikular batzuk, adibidez, muga-eguna iritsita zorra osorik ordaindu ez den kasuetan epea luzatzea adosteko aukera jasotzen duen klausula, edota atzerapenen edo ez-ordaintzeen ondorioak.
Zerga-ondorioak
Berehalakotasuna eta malgutasuna dira horrelako kontratuen abantailak. Zerga-presiorik gabe dirua eskuz aldatzeko modu erraza da senitartekoen artean mailegua sinatzea, esaterako. Doako edo interesik gabeko eragiketa sinatu ohi da, baina, nolanahi ere, Ogasunari jakinarazi beharreko transakzioa da. Sinatutako kontratua aurkeztu beharko dugu, banku-kontuen arteko mugimendua jasotzen duen egiaztagiriarekin batera.Modu horretan, Ogasunak ziurtatu egingo du eragiketa ez dela ezkutuko dohaintza, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga ordaintzea saihesteko egindakoa. Bestalde, kontratuaren arabera dirua interesekin itzuli behar bada, interes horiek irabazi gisa sartu behar dira Errenta aitorpenean.
Ez da zergarik ordaindu behar, baina nahitaezkoa da Ogasunari jakinaraztea
Partikularren arteko maileguak Ondare-eskualdaketa eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren pean daude, baina zerga ordaintzetik salbuetsita daude. Hau da, zerga likidatu beharra dago, dirurik ordaindu gabe, transakzioa salbuetsita baitago zerga ordaintzetik. Horretarako, mailegu-hartzaileak dagokion bulegoan aurkeztu beharko du autolikidazioko inprimakia, “salbuetsita” dioen laukitxoa markatuta duela. 600 eredua da, eta hemen aurkituko duzu informazio gehiago: Bizkaia, Araba (PDF), Gipuzkoa, Nafarroa, Agencia tributaria estatal. Hilabeteko epea duzu, gehienez, jatorrizko kontratua sinatzen den unetik, bai dokumentu pribatuaren kasuan eta bai eskritura publikoa bada.Ogasunak jakinaren gainean egon behar du
Eta ez baduzu mailegu-kontratu pribaturik sinatzen, eta legezko jarraibide horiek ez badituzu betetzen, zer? Ogasunak diruaren jatorria eta itzulketa egiten ari dela egiaztatzeko eska diezaieke bi aldeei, eragiketa ez dela ezkutuko dohaintza ziurtatzeko. Eragiketaren xehetasunak jasotzen dituen kontratua sinatzen bada, transakzioa legezkoa izan dela frogatuko da, zergak ordaintzetik salbuetsita egon arren.Zer gertatuko da heriotza-kasuan?
Ogasunean zorra erregistratzea eta inprimakiari zigilua jartzea baliagarria izango da ez-ordaintzeetan, zordunarekin gatazkaren bat sortuz gero edo pertsona hori hil bada eta zorra haren oinordekoei eskatu nahi badiegu. Zorrak herentzian sartu ohi dira, eta mailegu-hartzaileak oinordekorik ez duen kasuetan bakarrik iraungitzen dira.Zein da zure erreakzioa?