Pasioa elkarrekin. Etapa bat, konpromiso bat. Erkuden Almagro
2020-10-07
Pasioa elkarrekin. Etapa bat, konpromiso bat. Erkuden Almagro
Neskatila zenetik, bizikletaren zale amorratua da Erkuden Almagro; eta Espainia osoan zabaldu eta partekatu ditu maitasun eta pasio horiek. 7-8 urterekin bi gurpilen gainean ibiltzen ikasi zuenetik, ez da bizikletatik jaitsi.
13 urte zituela, Ermitañaga txirrindulari-taldean lehiatzen hasi zen. Harrezkero, txirrindularitzan, triatloian, duatloian eta orientazio-raidean lehiatu da. Besteak beste, Green Cup Mendi Duatloiko Munduko Txapelketa eta Triatloi Zuriko Espainiako Txapelketa irabazi ditu, Abentura Raideko Espainiako txapeldun izan da bi aldiz, eta munduko hainbat kopatan eta nazioarteko hainbat errepide-itzulitan hartu du parte.
Hala ere, lehiaketa alde batera uzteko unea iritsita, Erkudenek bizikletan ibiltzen jarraitzeko beharra sentitu zuen, baina neskekin batez ere, haiekin egin baitu lasterka bere bizitza profesional osoan. Kilometroak eta dibertsioa partekatu nahi zituen, baina ez zeukan emakumezko lagun bizikleta-zalerik ia, une horietaz gozatzeko. Orduan, pixkanaka-pixkanaka, zenbait lagun bildu zituen, bizikletan ibiltzen lagundu eta irakasteko, errepidera elkarrekin ateratze aldera.
Hilabeteak aurrera joan ahala, bizikletan ibiltzeko ekimen hark gero eta emakume gehiago erakarri zituen. Hasieran, Iruña inguruan ateratzen ziren ezagun gutxi batzuen irteerak ziren, baina, gero, taldeak osatu dira Euskadi osoan. Orduan, beren burua antolatzeko klub bat sortzea proposatu zuen Erkudenek. Horrelaxe sortu zen Mujeres en Bici - Bizikume.
MeB-Bizikume komunitate bat zen hasieran, baina klub bihurtu da. Edozein adinetako emakumeek eman dezakete izena, irteera, tailer, bidaia, entrenamendu eta abarretan parte hartzeko. Gaur egun, emakume txirrindularien mugimendu bat da, munduan zehar zabaltzen ari dena; izan ere, 1.000 kide baino gehiago dira orain.
Komunitateko kide izan eta bizikletan elkarrekin ibili nahi duten emakume guztiei erakusteaz gain (gizonekin ere irteten dira, direla lagunak, direla semeak…), Bizikumek bizikletarekin lotutako gizarte-ekintzak ere egiten ditu. Hainbat modutan jarduten du udalekin eta erakundeekin elkarlanean: pertsona helduei bizikletan lehen pedalkadak ematen irakasten diete, eta bakarrik dauden adingabeei mekanika- eta konponketa-ikastaroak ematen dizkiete.
Erkudenen bidea bizikletaren inguruan izan da beti, bai profesional gisa, bai zale gisa; txirrindularitza dena izan da eta da berarentzat, eta jakin izan du grina hori partekatzen eta gainerako pertsonentzat mugimendu aberasgarri bihurtzen. Erkuden eta Bizikume eredugarriak dira, biak ala biak, erakusten baitute, alde batetik, Euskal Herria kirol-kultura duen lurraldea dela, eta, beste batetik, kirola gizarte-kohesiorako tresna izan daitekeela, kolektibitatea bultzatzen duela, ahalduntze-mekanismo bat dela eta gizartean aldaketa eragiten duela.
Ezagutu Erkuden Almagro eta Etapa bat, konpromiso bat. Txirrindularitzarekiko pasioa Euskadin aldaketa sustatzeko, gizartea eraldatzeko eta etorkizuna eraikitzeko tresna gisa erabiltzen duten pertsonen bizipenen berri izango duzu.
https://youtu.be/V9LtGgF1eHo
Zein da zure erreakzioa?