Pedalkada altruista. Etapa bat, konpromiso bat. Javier Prieto

Pedalkada altruista. Etapa bat, konpromiso bat. Javier Prieto

2 min.

Pedalkada altruista. Etapa bat, konpromiso bat. Javier Prieto

Javier Prieto, 33 urtekoa eta Gasteizen (Araba) jaioa, bizikleta bati lotutako gizona da. Javier bizikletaz ibili da bizitza osoan, eta, kirol horretarako gaitasun handia izan arren, inoiz ez du txirrindularitza profesionalean jarduteko urratsa eman, beti izan du bete gabeko amets hori.

Horregatik, ametsa betetze aldera, aisialdian txirrindularitzan jarduteko erabakia hartu zuen duela urte batzuk, berezitasun batekin: lehiatu beharrean, ohiz kanpoko erronkak gainditzea izan du helburu beti. Gainera, lortutako etekin ekonomikoak elkarteei dohaintzan ematea erabaki zuen.

Oinarri horrekin sortu zen Pedales Solidarios ekimena, 2017an, bizikleta eta elkartasuna uztartzeko xedez. Proiektuak bere Youtubeko kanala du, ezarritako erronken berri emateko eta Araba txirrindularitzarako paradisu gisa erakusteko.

2017an, lehen erronka gainditu zuen Javierrek: Boadilla de Riosecotik (Palentzia) Gasteizera bitarteko ibilbidea. 250 kilometro baino gehiago eta 1.100 metroko desnibela dituen ibilbide hori gelditu gabe egin zuen, gainera. Guztira 11 ordu eta 20 minutu eman zituen Javierrek bizikleta gainean. Haren hitzetan, «profesionalenen marketatik urrun daude zenbaki horiek». Nolanahi ere, erronka epikoa izan zen, eta zerbait askoz handiagoaren  hasiera.

Erronka handiago hori urtebete geroago heldu zen, 2018an, Pedales Solidariosek ARNASArekin (Arabako Fibrosi Kistikoaren Elkartea) bat egin zuenean. Sinbiosi naturala dago bi elkarteen artean: kirola laguntza-tresna gisa, arnasa ahalegin bakoitzaren atzean, pedalkada bakoitzaren atzean.

Haiekin batera bururatu zitzaion Javierri hurrengo erronka, Everesting Challenge zeritzona. Honetan zetzan erronka hura: Everesten adinako altuera —8.848 metro— osatzeko adina aldiz igotzea mendate bat, saio bakar batean. Gogo eta ahalegin handiak egin arren, ezin izan zuen balentria hura bete Javierrek. Halere, 5.750 metrora heldu zen, hots, Kilimanjaroren altuerara. Urtebete geroago, 2019an, bizikletaz ibil daitekeen Arabako kilometro guztiak egin zituen ARNASAko lehendakari Bikendirekin batera, urtarriletik apirilera (fibrosi kistikoaren hila) bitartean egindako 13 etapatan.

Harrezkero beste hainbat erronka bete ditu Javierrek ARNASArekin elkarlanean. LABORAL Kutxan eredu gisa nabarmendu nahi dugu ahaleginaren eta elkartasunaren inguruan egindako elkarketa iraunkor hori. Eta, adibide horren bidez, Euskadi lurralde solidarioa dela eta kirol-kultura duela erakutsi nahi dugu.

Ezagutu Javier Prietoren istorio osoa eta Etapa bat, konpromiso bat ekimeneko gainerako istorioak. Txirrindularitzarekiko pasioak mugiarazten dituen eta pasio hori aldaketarako, gizartea eraldatzeko eta etorkizuna eraikitzeko tresna gisa erabiltzen duten pertsonen bizipenen berri izango duzu.

https://youtu.be/oF9t2RaG_zk

 

 


Zein da zure erreakzioa?