TCFD Klima Arriskuei buruzko bere bigarren txostena egin du LABORAL Kutxak
2023-01-19
TCFD Klima Arriskuei buruzko bere bigarren txostena egin du LABORAL Kutxak
Giza jarduera aurrekaririk gabeko neurrian ari da ingurumena aldatzen, eta jada ohikoak diren fenomeno atmosferikoek klima-aldaketa benetakoa dela egiaztatzen dute. Horregatik, gero eta beharrezkoagoa da gobernuek, nazioarteko erakundeek, enpresek eta finantza-erakundeek indarrak batzea eraldaketa hori minimizatzeko eta erlatiboki kontrolpean izateko ekintzak ezartzeko.
Zer esan nahi du TCFDk?
TCFD (Task Force on Climate-Related Financial Disclosures) Finantza Egonkortasuneko Kontseiluak sortutako lantalde bat da, eta klima-aldaketari lotutako arriskuak aztertzea du egitekotzat. Talde horren lana oso garrantzitsua da, lan horren ondorioz enpresek behar bezala ebaluatzen eta administratzen baitituzte klimari lotuta sortu daitezkeen kontingentziak. Gainera, horri esker, klima-aldaketak beren antolaeretan eragiten arriskuak gutxitzeko gai izan daitezke enpresa horiek, edo baita desagerrarazteko gai ere.
Klima-aldaketarekin lotutako zer arrisku bereizten dira?
Honako hauek dira enpresek aurre egin beharreko arriskuak:
- Finantza-aktiboen balioa eraginpean hartzen duten muturreko fenomeno meteorologikoek eragindakoak dira (lehorteak, uholdeak, bero-boladak, estres hidrikoa...)
- Trantsiziokoak. Karbono gutxiko ekonomia baterako trantsizioan gertatzen diren arriskuak islatzen dituzte, hala nola lege-arloko murrizketak edo merkatuaren joeretako aldaketak.
2017an, TCFDk gomendioen zerrenda bat argitaratu zuen inbertitzaileek beren inbertsioei buruzko erabaki zuzenak hartu ditzaten. Horrela, hori lagungarria izango litzateke inbertitzaile horiek klima-aldaketak ekonomiaren gain izan dezakeen inpaktua hobeto ulertu dezaten.
Nola eragiten diote finantza-sektoreari klima-aldaketaren ondorioek?
Klima-aldaketaren inpaktua bi modutan ari da eraginpean hartzen finantza-sektorea:
- Banku-jardueraren arriskuen, bermeen balioen edo inbertsioen errentagarritasunaren bidez, arrisku horiek, gainera, denborak aurrera egin ahala larrituko direlarik.
- Ingurumen-agertoki berrira eta ekonomia jasangarriago batera egokitu beharko den eredu ekonomikoan.
Zergatik egin dugu txosten hau?
Txosten hau egitea beste urrats bat izan da 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Nazio Batuen Banka Arduratsuari buruzko Printzipioekin bat egiteko. Gainera, LABORAL Kutxatik gardentasun-ariketa bat egin nahi dugu, eta klima-arriskuei buruzko gure politika eta kudeaketa ezagutarazi.
Nola zatitzen da txosten hau?
Nabarmendutako lau arlotan banatzen da TCFD txostena: gobernantza, estrategia, arrisku-kudeaketa, eta metrikak eta helburuak.
Gobernantza
Taldearen jasangarritasun-estrategia diseinatu eta inplementatzeko honako kide hauek osatutako gobernantza-taldea ezarri da:
- Kontseilu Errektorea. Estrategia definitzeaz eta gauzatu daitezkeen arrisku posibleak zaintzeko organo arduraduna da. Gainera, araudiak jasangarritasun-gaian ezarritako betebeharrak bermatzeko arduraduna da.
- Jasangarritasun Batzordea. Jasangarritasun-estrategia baten ezarpena bultzatzeaz zein Kontseilu Errektoreak finkatutako estrategia eta kudeaketa-planen egikaritzapena bermatzeaz arduratzen da.
- Jasangarritasun Taldea. Epe laburrean erakundearen finantza-jardueran jasangarritasuna sartzeko bide-orriaren talde arduraduna da. Kontseilu Errektoreak onartutako eta Jasangarritasun Batzordeak egikaritutako jasangarritasun-politika ezartzen du.
- Jasangarritasun Bulegoa. Ezarritako helburuak lortzeko arlo guztiei laguntza emateaz arduratzen da, beste zenbait alderdiren artean.
Estrategia
Finantza-sektoretik eredu ekonomiko jasangarriago baterantz gertatzen ari den eraldaketaz jabetuta, LABORAL Kutxak ere azterketa bat egin du, klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen zein aukeren azterketa, hain zuzen ere.
Arrisku-kudeaketa
LABORAL Kutxak jasangarritasun- eta klima-arloko arriskuen integrazio- eta kudeaketa-prozesu bat jarri du martxan, arrisku horiek kuantifikatzea zaila gertatzen delako.
2022.urtean, eta KPMGren laguntzarekin, epe laburrerako jasangarritasun-arriskuak barnean hartzen dituen bide-orri baten diseinuan lan egin da. Arau- eta erregulazio-eskakizunak identifikatu dira bide-orri horretan, eta integrazio-plan bat planteatzen da burutu beharreko jarduketen arabera. Epe labur eta ertainera begira, garatu beharreko 44 ekimen identifikatu dira.
Metrikak eta helburuak
Aztertutako metrika esanguratsuenak identifikatzen dira atal honetan:
- Finantzaketa jasangarria. Kopuru handieneko maileguak aztertu dira jasangarritasun-ikuspegi batetik, eta 2022ko lehenengo seihilekoan % 84 jasangarritzat jo daitezkeela detektatu da. Mailegu horietatik % 73 mailegu sozialak izango lirateke, % 10 berdeak eta % 1 ESG linked loans.
- Energia berriztagarriak. 2018tik 2021erako aldian energia berriztagarrien proiektuetara bideratutako kredituak eman dira 95.000 eurotik gorako balioaz.
- Karbono-aztarna. 2021ean % 75ean baino gehiagoan murriztu ditu LABORAL Kutxak bere CO2 emisioak.
Datozen urteetarako ezarritako helburu guztiak jasangarritasuna eta klima-arriskua kooperatibaren jardueran erabat integratzeko ekimena bultzatzera bideratuko dira, karbono gutxiko ekonomia baterako trantsizioa gauzatzen lagunduz.
Zein da zure erreakzioa?