Teresa del Valle antropologo feministak urteko curriculumik onenaren Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria jaso zuen atzo
2018-07-18
Teresa del Valle antropologo feministak urteko curriculumik onenaren Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria jaso zuen atzo
Donostiako Udaletxean egin zen ekitaldia eta ordezkaritza instituzional gorenak hartu zuen parte, Eneko Goya alkatea eta, nola ez, Eusko Ikaskuntzako eta LABORAL Kutxako Iñaki Dorronsoro eta Txomin García lehendakariak buru zirela.
1995etik, Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak ezagutzaren eta kulturaren esparruko pertsona ospetsuen lana aitortu dute urtez urte, besteak beste, Eduardo Txillida eskultorearen, Julio Caro Baroja antropologoaren, María Bayo sopranoaren edo Montxo Armendariz zine-zuzendariaren lana.
Atzo sari-banaketarako ekitaldian aitortu zuten moduan, Teresa del Valle Antropologia feministaren lehen sustatzaileetako bat eta sustatzaile nagusietako bat izan zen Espainiako Estatuan, eta haren lanak oso modu eraginkorrean lagundu du genero-ikuspegia gure herrialdeko garapen kulturalean txertatzen.
Genero-desberdintasunen azterketan oinarritutako curriculum bikaina
Teresa del Vallek (Donostia, 1937) 40 urte baino gehiago daramatza irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruan jarduera dibulgatzaile garrantzitsua egiten. EHUko Gizarte Antropologiako Katedra lortu zuen lehen pertsona izan zen (1988. urtean) eta, 2007tik, Gizarte Antropologiako Katedratiko Emeritua da erakunde horretan.Hasieran, historia- eta antropologia-ikasketak egin zituen Estatu Batuetan, eta antropologian doktoratu zen herrialde horretan bertan. Hawaiiko Unibertsitatean egin zuen, 1974an, Mikronesiaren azterketan oinarritutako lan batekin. Espainiara itzultzean, Geografian eta Historian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean (1980), eta Euskal Herriko Unibertsitatean doktoratu zen (1981). Ordurako 2 urte zeramatzan Gipuzkoako Fakultatean, eta Gizarte Antropologiako ikasgaia eman zuen, lehen aldiz, EHUren historian. Geroxeago, esparru horretako doktoretza-ikastaro bat eskaini zuen lehen pertsona bihurtu zen (“Sexu-bereizkuntza eta -hierarkizazioa”, 1984).
9 liburu idatzi ditu, 4 argitaratu ditu eta beste 3ren egilekidea da, hainbat argitalpenetan parte hartzeaz gain. Gainera, Mujer vasca. Imagen y realidad (Bartzelona: Anthropos 1985) zuzendu izanaren merezimendua dagokio, euskal testuinguruko antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen den liburua.
Bere lan-esparrua ikusgai egiteko eta nazioartera zabaltzeko egin duen ahalegina dela eta, European Association of Social Anthropologists (EASA, 1989) talde fundatzaileko kide da, eta talde horretako lehen lehendakariordea izan zen. Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordea izan zen (2006-2010), eta egun Jakiundeko, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako, kide da. 2010ean, Emakunde Saria eman zioten generoaren inguruan egindako lan akademikoagatik.
Emozioak nagusituta
Behin eta berriz geratu zen argi sari-emate ekitaldian, Teresa del Valle izan dela Espainiako estatuan gizarte Antropologiaren arloan gehien egin duen pertsonetako bat. Bere lanari zor zaio Euskal Herrian antropologiari buruz genero ikuspuntutik egindako lanaren hasiera.Iñigo Urkullu lehendakariak ere halaxe esan zuen sari-banaketan bertan. Teresa del Valle aintzindaria izan zela azpimarratu zuen, beste lankide batzuei formakuntza emateko izan duen bokazioagatik, gaur egun ere ikertzen jarraitzeagatik eta “Antropologiaren bultzadari bere aletxoa jartzeagatik, geure burua gehiago eta hobeto ezagutu dezagun egin duenagatik”.
Teresa del Vallek, bere aldetik, “emozioak nagusituta” hartu zuen saria eta bere ibilbidearen errepasoa egin ondoren, genero indarkeriaren kontrako hitzak izan zituen. Gaur egun bizi dugun une historikoa aprobetxatu egin beharko litzatekeela uste du arazo honi aurre egiteko. Bere hitzetan, “aurrera egitea lortzen badugu eta arazo gaizto honekin bukatzen badugu, gizarte hobea eta koherenteagoa izango gara, bere patuaren jabeago bihurtuko gaitu eta munduan izan nahi dugun lekutik hurbilago jarriko gaitu”.
Eusko Ikaskuntza: 100 urte aurrerapena eta ezagutza sustatzen
Ez daude mendeurren bat ospa dezaketen erakunde asko. Horregatik, aurtengoa oso urte berezia da Eusko Ikaskuntzarentzat; 1918tik, euskal kulturaren zerbitzura egon den erreminta gisa jardun duen erakunde zientifiko eta kulturala.Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek sortu zuten, eta haren ekarpena ezinbestekoa izan zen Euskaltzaindia martxan jartzeko. Gainera, euskarazko lehen eskola-testuak koordinatu zituen, euskal kultura sistematikoki artxibatzearen eta dokumentatzearen aldeko apustua egin zuen, eta arkeologiako prospekzio-lan ugari babestu ditu. Bere historia aurrerapenarekiko eta ezagutzarekiko pasio-historia bat da, memoria historikoarekikoa, arteen eta zientzien aurrerapenarekikoa.
Bere webgunean ezinbesteko baliabideak daude gure herrialdea eta gure kultura gehiago aztertu nahi duten pertsonentzat, hala nola Auñamendi Entziklopedia Digitala, euskal kantutegi tradizionala (5.000 abesti baino gehiago hartzen ditu barne) eta XX. mendeko prentsako euskal kulturaren bilduma.
Zein da zure erreakzioa?