Txanponaren eta diruaren historia laburra
2019-10-08
Txanponaren eta diruaren historia laburra
Gutxienez 28 mende dira gurekin ditugula. Eta ez dirudi desagertuko direnik, kreditu-txartelak, zordunketa-txartelak eta txanpon-txartelak, telefono mugikorren eta beste gailu elektroniko batzuen bidezko ordainketa edo beste alternatiba batzuk (hala nola kriptodiru digitalak edo bitcoin izenekoak) gero eta neurri handiagoan erabiltzen badira ere. Txanponak dira. Ezagutu nahi al duzu txanponen eta diruaren historia? Oraintxe kontatuko dizugu.
Erromako denarioa eta Estatuko txanpongintza bakarra
Erromatarren kulturak diruaren kontzeptua eta erabilera modernoa finkatu zuen (gaztelaniazko moneda hitzaren jatorria monēta epitetoa da; horren bidez, Juno Monēta identifikatzen zen, funtsak babesteaz arduratutako jainkosa, alegia, txanponak haren tenpluaren ondoan egiten baitziren). Denario izeneko zilarrezko txanpona sortu eta atera zenean gertatu zen hori. Txanpon hori unitarioa zen pisuan, tamainan eta balioan, haren erabilera ohikoa izan zen erromatarren eskualde eta lurraldeetan, eta bertako diru-sistemaren oinarri bihurtu zen. Sistema horren barruan, Estatuko txanpongintza bakarra sortu zen, eta beste txanpon mota-batzuk egitea debekatu zen. Gure diru edo gaztelaniazko dinero hitzaren jatorria latinezko denarius hitza da.Dirua, edonola ere, ez da, inondik ere, erromatarren asmakuntza bat. Egin dezagun atzera denboran.
Abiapuntu gisa, txanponak gizateriaren sorkuntza berri samarra dela (28 mende inguruko historia duena) hartuko dugu kontuan. Nola moldatzen ziren lehenago, txanponik gabe, beren premiei erantzuteko eta falta zitzaizkien gauzak lortzeko? Erarik zabalduena eta ohikoena trukea zen, hau da, produktuen aldaketa: zuk ez duzuna emango dizut nik zuri, eta, horren truk, nik behar dudan hori emango didazu zuk (haragia zerealen truk, artilea arrainaren truk… aukerak amaigabeak ziren). Trukea pertsona batek produkturen bat sobera zuenean egiten zen. Eta zer gertatzen zen pertsona baten soberakinarekin, beste ezer behar ez zuenean? Mundu guztiak onartuko zuen modu bat ezarri behar zen transakzioak egiteko. Elementu zatigarria izan behar zuen, produktu guztiek ez baitzuten balio bera (gaur egun bezalaxe). Lekualdatzeko erosoa eta biltegiratzeko erraza izan behar zuen.
Horren ondorioz, txanponen zuzeneko arbasotzat har daitezkeen objektu ugari sortu ziren: maskorrak, gatz-barrak, korala eta abar. Txanponak bezala erabiltzen zituzten zigiluak eta armak aurkitu dira antzinako Mesopotamian eta Txinan. Zenbait kasutan, K.a. 3000-5000 aldikoak dira.
Baina bakar bat ere ez zen txanpona.
Lidiako Lehoia, lehen txanpon ezaguna
Txanponen agerpenaren eta erabileraren fede ematen duten datuak aurkitzeko (ez dakigu aurretik bazeuden ala ez), K.a. VII. mendera jo behar dugu. Herodoto historialariak kontatutakoari jarraikiz, numismatikako espezialistek txanponak non sortu ziren eta nola eginda zeuden zehaztu dute: Lidiako erresuma indartsuan sortu ziren (erresumako azken erregea Kreso mitikoa izan zen, metatu zuen ondasun-kopuru handiagatik ospetsu egin zena), antzinako Asia Txikian, gaur egun Turkiako mendebaldeko erdia den lurraldean. Bertako ibaietako batean, ugari ziren elektroaren, hots, txanponak egiteko erabili ziren urrezko eta zilarrezko aleazio naturalaren pipitak.Horixe da ezagutzen den eta gordetzen den txanponik zaharrena. Lidiako lehoi deitzen zaio, lehoi baten irudia baitu aldeetako batean. K.a. 650. urtetik K.a. 590. urtera bitartekoa da, eta Aliates erregeak sortu, fabrikatu eta atera zuela esaten da. Beste batzuentzat, berriz, Lidiako aurreko beste errege batzuen garaikoa da (hala nola Giges-en edo haren seme Ardis II.aren garaikoa). Sorkuntzaren asmoa, nolanahi ere, zergen bilketa erraztea izan zen.
Euroa, indarreko dirua
Harrez geroztik, txanponak zabaldu egin ziren eta milaka eta milaka sortu ziren mundu osoan. Espainian, adibidez, txanpon asko eta asko atera dira: kuartilloa, erreala, pisua, isabelina, marabedia, ardita, dobloia, «castellanoa», koroa, dukata eta abar. Ondoren, pezetak atera ziren, eta 1868ko urritik 2001eko abenduaren 31ra arte egon ziren indarrean, beste bi hilabetetan euroarekin batera erabili baziren ere.2002ko urtarrilaren 1ean, Europako dibisa ofiziala eguneroko bizitzan txertatu zen Europar Batasuneko 12 herrialdetan. Gaur egun, 19 estatutan erabiltzen da, eta beste 7k hartu dute bat egiteko konpromisoa. Gogoratzen al zara zenbat pezeta ziren euro bat? Gogoraraziko dizugu: 166,386 pezeta.
Zein da zure erreakzioa?