Urtarrila: merezi duen sakrifizioa

Urtarrila: merezi duen sakrifizioa

2 min.

Urtarrila: merezi duen sakrifizioa

“Txakur bat salbatzeak ez du mundua aldatuko, baina txakur horren mundua aldatuko du”.“Guztiok merezi dugu bigarren aukera bat”, dio Txikas de Etxauri elkartearen Twitterreko kontuak. Elkarte hori ezaguna da abandonatuta eta akabatzeko arriskuan dauden ehunka txakurri laguntzeko egiten duen lan handiagatik.

Susana Garmendiak eta beste lankide batzuek sorturiko elkarte horrek 2006an ekin zion bere ibilbideari.

Artean ez zuten elkar ezagutzen, baina nork bere aldetik jakin zuen Nafarroako Etxauri herrian txakurtegi publiko bat zegoela, eta haren eguneroko zereginaz interesa agertu zuten.  Atsekabe handiz jakin zuten, leku txikiegia zela eta astean batez beste 20 txakur akabatzen zirela bertan. Txakurtegian ez zegoen txakur guztientzako lekurik.

Eta laguntzen hasi ziren, onginahi hutsez. Lehen helburua txakurrak ez akabatzea izan zen, eta urte batzuk geroago lortu zuten, milaka herritarren laguntzari esker. Nolanahi ere, lanean jarraitu behar dutela onartzen du; izan ere, “adopzioak jaisten badira, txakurtegia kolapsatu egin liteke”.

Sakrifizioak bukatzea ez ezik, zentroaren kudeaketa erabat animalista izatea eta txakurren elikadura orekatua eta kalitatekoa izatea ere lortu dute. Txakurrak egunero landetara irtetea ere lortu dute. Hala eta guztiz ere, txakurrekin egoteko, paseatzera ateratzeko eta laztantzeko erabiltzen dute astialdia. Eta, 2013an, txakurtegia urak hartu zuenean, dozenaka txakur salbatu zituzten itota hiltzetik.

Sare sozialak hedabide gisa erabilita, txakurren argazkiak argitaratzen dituzte, adopzioan hartuko dituen norbaiten bila. Eta jendearen dohaintzei esker, albaitarien eta txakur-zaindegien gastuei aurre egin ahal diete.

Susanak dioenez, batzuek txakurrak jostailuak balira bezala tratatzen dituztela ikusteak sufrimendua eragiten dio:  “Gogorra da ikustea zein erraz abandonatzen dituzten. Gogorra da hortik atera nahi izatea eta horretarako baliabiderik ez izatea”.

Baina, oro har, pozgarria izan da urte hauetako lanaren emaitza. Jendearen ekarpena eredugarria izan da eta, horri esker, nabarmen jaitsi dira txakurtegiko txakur kopurua eta sakrifizio kopurua. “Txakur bat salbatzeak ez du mundua aldatuko, baina txakur horren mundua aldatuko du”, azpimarratu du.

Izan ere, zure bizitza sakrifikatzea, beste batzuei laguntzeko edo bigarren aukera bat merezi dutenei bizitza emateko helburuz, bizitzeko beste modu bat da.

Honelako historia gehiago ezagutu nahi badituzu, irakurri gure egutegiko gainerako hilak.


Zein da zure erreakzioa?